Argazki-filmen prozesua eta sentikortasuna
Enviado por Chuletator online y clasificado en Química
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,1 KB
1. Argitako esposizioa
Filmak objektiboaren argia jasotzen duenean, zilarrezko haluro-pikorrek erreakzionatu egiten dute, baina ez ikusteko moduan. Erreakzio horri irudi sorra deritzo; izan ere, erreala bada ere, ez da ikusten likido errebelatzailearen eragina izan arte.
2. Errebelatzailearen eragina
Likido errebelatzailearen eraginez, ilundu egiten dira argia jaso duten zilarrezko haluro-kristalak. Argiaren intentsitatearen arabera, kristal horiek zuriak eta beltzak izan daitezke, baita grisen kolore sorta osokoak ere. Argazki-filmen konposizioa eta funtzionamendua: argiarekin erreakzionatzen duten zilarrezko gatz-pikorrak ikusten dira horietan.
3. Finkatzailea
Argirik gabe egiten da prozesu guztia. Zilarrezko haluro-kristalek argi naturalarekin erreakzionatzeari utz diezaioten, likido finkatzailea ematen da. Geruza horri esker, erreakzionatu ez duten zilarrezko haluro-kristalak urarekin desagertzen diren gatz bihurtzen dira. Hala, egonkorra da filmean lorturiko irudia.
Pikorra
Filmaren emultsioak dituen zilarrezko kristalen tamainarekin du zerikusia argazki-filmaren sentikortasunak: kristal handiagoek txikienek baino errazago eta azkarrago erreakzionatzen dute argiarekin.
Zenbat eta sentikortasun handiagoa, orduan eta handiagoa da pikorra. Hortaz:
- Kristal handienak dituzten filmak sentikortasun handikoak dira.
- Kristal txikienak dituztenak sentikortasun txikikoak dira.
Sentikortasun handiko filmetan, zilarrezko bromuro molekula handiekin, puntu txiki moduan ikusten dira kristal horiek. Efektu horri pikorra deritzo. Kopia paperean handitzen denean ageriago gelditzen da pikorra. Bi egoera hauetarako gomendatzen dira filmik sentikorrenak:
- Argi gutxi dagoenean; adibidez, argitasun txikiko kaleetan edo flasha behar den tokian.
- Egun-argiz, baina oso mugimendu azkarrak argi islatzeko oso esposizio-denbora txikiak behar direnean, hala nola txirrindularien lasterketetan (geroago ikusiko dugu filmaren eta kamerako obturadorearen irekiera-denboraren arteko erlazio estua).