Arendt eta Beauvoir: Etika, Politika eta Feminismoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 9,01 KB

Hannah Arendt: Etika eta Politika

Gizakiaren izaeraren inguruan pentsatzean, Arendtek lehenik gaitz erradikalaren teoria atera zuen, eta ondoren, hau berrikusiz, gaitz hutsalarena garatu zuen.

1. Etika: Gaitz Erradikala eta Hutsaltasuna

Gaitz Erradikala edo Absolutua

Hannah Arendtek Totalitarismoaren jatorriak (1951) liburuan gaizkiari buruzko ideia sakon bat aurkezten du. Bere ustez, "gaitz erradikala" izeneko zerbait agertu da historian, lehen ezagutzen ez zen gaitz bat. Hau ez da ohiko gaiztakeria, baizik eta gizakia guztiz baliogabetzea du helburu: pertsona ezerezean uztea, ez fisikoki bakarrik, baizik eta juridikoki, moralki eta indibidualki ere.

Arendten arabera, totalitarismoak:

  • Juridikoki: pertsonak eskubiderik gabe uzten ditu, lege babesik gabe.
  • Moralki: pertsonak ez dira gai ongiaren eta gaizkiaren arteko bereizketa egiteko.
  • Indibidualki: pertsonak zenbaki huts bihurtzen ditu, ez dira pertsona gisa tratatzen, baizik eta ordezkagarriak bezala.

Gainera, Arendtek dio gaitz erradikal hori ez dela ulertzeko modukoa, ez duelako aurrekari historikorik, ezta lege edo moralik ere oinarri bezala. Horregatik, ezin da zigortu eta ezin da barkatu ere: zigorgarria ez dena ezin da barkatu.

Gaitz Hutsala (Gaizkiaren Hutsaltasuna)

1961ean, Hannah Arendt Jerusalemen egon zen Adolf Eichmannen epaiketan, The New Yorker egunkarirako erreportari lanetan. Esperientzia horrek bere pentsamendua aldatu zuen eta "gaizkiaren hutsaltasunaren" teoria garatzera eraman zuen.

Hasieran, Arendtek pentsatzen zuen naziak eta haiekin kolaboratu zutenak munstroak, sadikoak eta krudelak zirela. Baina epaiketan pertsona arrunt bat aurkitu zuen: Eichmann ez zen azkarra, baina bai legeak betetzen zituen funtzionario eraginkorra. Ez zuen gaizkia egiteko intentzio sadikorik, aginduak betetzen zituen besterik gabe, nahiz eta agindu horiek moraltasunaren eta etikaren aurkakoak izan.

Arendten ustez, Eichmannen eta antzekoen benetako arazoa ez zen krudeltasuna, baizik eta pentsatzeko ezintasuna. Ez zuten bereizten ongia eta gaizkia, ez zuten beren ekintzen ondorio moraletan hausnartzen. Arinkeriaz eta automatikoki jokatzen zuten, eta hori zen arriskutsuena.

Horregatik, Arendtek dio gaizkia ez dela beti munstroen edo deabruen lana, baizik eta pertsona arrunten pentsatzeko ezintasunetik sortzen den zerbait izan daitekeela. Horri deitzen dio "gaizkiaren hutsaltasuna": ez da gaizkia nahita egitea, baizik eta pentsatu gabe jokatzea.

2. Etika: Judizioaren Garrantzia

Hannah Arendtek Kanten filosofia politikoari buruzko hitzaldietan azpimarratzen du judizioaren ahalmena dela ongia eta gaizkia, bidezkoa eta bidegabea bereizteko gaitasuna, eta hori dela ahalmen politiko nagusia.

Judizioa burutzeko pertsona bakoitzak bere buruarekin izan behar du barne-elkarrizketa bat. Hausnarketa hau funtsezkoa da, bestela totalitarismoaren eskuetara bideratuko ginateke.

Legeak printzipio etikoetan oinarritzen dira, baina totalitarismoan moraltasunaren eta legezkotasunaren arteko lotura erabat hautsi zen. Hortaz, legeak jarraitzea ez zen morala izatea. Horregatik, guk ditugun lege horiengan hausnartzea erabat garrantzitsua da. Hala ere, ez guztiok dira gai hausnarketa hau egiteko; baina Arendten ustez, izaki arrazionalak garenez, judikatzeko gaitasuna dugu eta, beraz, gure ekintzen erantzule gara, nahiz eta aginduak jaso.

3. Politika: Vita Activa eta Munduaren Kontzeptua

Vita Activa, Giza Izaera eta Mundua

Mundua gizakiek sortutako espazio artifiziala da, eta publikotasuna eta aniztasuna ditu ezaugarri. Bi alderdi ditu:

  1. Espazio materiala: gizakiok sortzen ditugun objektuen mundua.
  2. Espazio politikoa: elkarrizketarako eta ekintza politikorako espazioa.

Garrantzitsua da, pertsonak animaliengandik bereizten dituen giza bizitza hor kokatzen delako. Gizakiek eta munduak elkar behar dute: gizakirik gabe ez dago mundurik, eta mundurik gabe gizakia ez da existitzen.

Mundua eraikitzea gizakion vita activa izeneko jardunaren bidez gertatzen da, hau da, gure jarduera sozial eta politikoaren bitartez.

  • Beharra (labor): Animal laborans-ari dagokio. Behar biologikoak asetzea da (jan, edan…). Ez du mundua eraikitzen, ez duelako objektu iraunkorrik sortzen. Egunero berriz egin behar den jarduera da, eta animaltasunarekin lotuta dago.
  • Lana (work): Homo faber-aren jarduera. Objektu iraunkorrak ekoizten ditu (mahaiak, etxeak…). Mundu materiala sortzen laguntzen du eta gizakiaren bizitza luzatzen du.
  • Ekintza: Arendtentzat jarduera nagusia da. Besteekin modu baketsuan hitz egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko balio duen ekintza politikoa da. Ez da inoiz indarkeriarekin lotu behar. Besteekin batera jardutean lortzen da askatasuna.

Munduaren Kontzeptua: Publikoa vs. Pribatua

"Munduaren" ideia funtsezkoa da Arendtentzat, bi arrazoi nagusirengatik: Errealitatea gizatasunez bizitzeko aukera ematen du eta Totalitarismoaren sorrera ulertzen eta prebenitzen laguntzen du. Hala ere, "mundu" hitzak hainbat esanahi ditu Arendten lanean, eta horregatik nahasgarria izan daiteke.

Mundua espazio publiko bat da beti, espazio pribatuari kontrajarrita dagoena:

  • Pribatua: Beharren eremua da. Iluntasuna du ezaugarri eta gure izaera animalia asetzeko lekua da (jan, edan, babestu…).
  • Publikoa: Askatasunaren eremua da. Argitasuna du ezaugarri, eta bertan adierazpen askatasuna, aniztasuna eta hautematea garrantzitsuak dira.

Modu artifizialean eraikitako mundua da:

  • Espazio materiala: Gizakiak sortutako gauzen mundua (mahaiak, liburuak, legeak…).
  • Espazio inmateriala: Ekintza politikoen bidez sortzen da; pertsonen arteko elkarrizketaren bidez. Hau da espazio publiko eta politikoa, Arendtentzat munduaren zentzurik gorena.

Totalitarismoa eta Masa-Gizartea: Munduaren Eklipsea

Arendten politikaren helburua ekintza politikoa da, honekin batera mundua babestea. Demokrazia parte hartzaile baten aldekoa da, hau da, herritar guztiek parte hartu behar dute arazoei aurre egiteko eta bizi diren egoera hobetzeko. Beraz, espazio politikoaren helburua aniztasuna izan behar da, politikan ez baita egia absoluturik, egi anitz asko daudelako, guztiak baliozkoak.

Arendtek defendatzen du inor ez dela berriro isilarazi behar, ezta politikatik kanporatu ere, berari gertatu zitzaion bezala, judua izateagatik.

Mundua elikatzeari uzten diogunean masak agertzen dira, non pertsonak elkarren ondoan egon arren isolatuta dauden.

Mundu modernoak jarrera hauek sustatzen ditu, eta gizakia ekintza politikoa dela ahaztera eraman du. Ondorioz, atomizatu egin da, gizartea masa bihurtu da, manipulagarriak eta pasiboak izanez, horrela erregimen totalitarioak sortzera ahalbidetuz. Honi, basamortua deritzo Arendtek. Honek buelta emateko aukera du, berriro ere gure arteko elkarrizketa sustatzen badugu. Arendt baikorra da horrekiko.

Simone de Beauvoir: Existentzialismoa eta Feminismoa

Sarrera

Simone de Beauvoir (1908–1986) pentsalari feminista frantsesa izan zen, eta XX. mendeko intelektual garrantzitsuenetakoa. Existentzialismoan oinarrituta, emakumearen egoera soziala aztertu zuen. Bere bikotekidea Jean-Paul Sartre izan zen, existentzialismoaren figura nagusietakoa, eta honek ere eragina izan zuen bere pentsamenduan.

  • Gizakiaren existentziaz eta askatasunaz hausnartzen du, baina dio emakumezkoen zalantzak are sakonagoak direla, gizartean duten rolagatik.
  • Bere lanik garrantzitsuena Le Deuxième Sexe (Bigarren Sexua) da.

"Bigarren Sexua" Liburuaren Ideia Nagusiak

  • Historian emakumea beti izan da gizonaren bigarren mailako osagaia, haren laguntzaile edo itzala.
  • Gizonek betetzen dituzten ezaugarriak positiboak dira (adibidez, ausarta, sendoa), baina emakumeei kontrako ezaugarriak ezartzen zaizkie (adibidez, ahula, babes beharrean dagoena).
  • Simonek dio: “Ez da emakumea jaiotzen, bilakatzen da”, hots, emakumea ez da naturalki emakume, baizik eta gizarteak bihurtzen du emakume, rolen, jostailuen, koloreen eta arropen bidez.

Generoaren Eraikuntza Soziala

  • Jaiotzean genital batzuk izateak genero bat inposatzen du.
  • Gizarteak ezartzen dizkigun rolak eta itxaropenak dira gure identitatea eraikitzen dutenak.
  • Emakume izatearen ideia ez dator naturatik, gizarteak eraiki du, eta rol horiek hausten dituenak zigortua izan ohi da.

Ondorioak

Gaur egun berdintasunari buruz hitz egiten bada ere, benetan oraindik ez dago aukera berdintasunik genero guztientzat.

Horregatik, Beauvoirrek proposatzen du egoera hau aztertu eta salatu behar dela, emakumeek benetan askatasuna eta autonomia lortu dezaten.

Entradas relacionadas: