Antzinako Historiografia Erromatarra: Analistak, Katon, Zesar

Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,33 KB

Historiografia

1. Dokumentu-iturri nagusiak

Historiografiaren lehen lekukoa historia analistikoa izan zen. Analistek erabili zituzten dokumentuak taulatxoak ziren, non Pontifex Maximoak ospatu beharreko sakrifizioak, “fastum” eta “nefastum” egunak, urte desberdinetako kontsulak, gertaerak eta abar idazten zituen. Politika-izaerako dokumentuak ere kontsultatu zituzten: tratatuak, legeak, Senatuko aktak...

2. Lehen analistak

Analistika K.a. I. mendera arte zabaltzen da. Lehen analista-lanak monarkiatik hasi eta Gerra Punikoetan bukatzen ziren. Kronista kartagotarren aurkako lan nazionalistak zirenez idatzi zituzten. Erromaren Mediterraneoko zabalkunde politikoa Greziar munduari justifikatu nahi zioten. Hastapeneko kronista ospetsuenak politikariak izan ziren: Kinto Fabio Maximo, Luzio Zintzio Alimento, Gaio Azilio.

3. Katon Maior

Zenbait alderdi jorratu arren, historiografian izan zen ezaguna. Origines obra idatzi zuen. Honek orduko kontzepzio historikoan zein hainbat alderditan ere berrikuntza suposatu zuen.

Ezaugarriak:

  • Latinez idatzita dago. Gogoratu analistek grekoa erabiltzen zutela.
  • Ez du bakarrik Erromako hastapena kontuan hartzen, italiar herriak ere presente daude.
  • Aristokraziak goraipatzen zituen heroiak edota gizabanakoengan zentratutako historia ez zitzaion interesatzen. Katonentzat, historiako benetako protagonistak herriak dira. Gizarte-historiaren lehen lekukoa da.
  • Idatzitako historia bizia eta koloretsua izan zen, non berak egindako diskurtsoak ikusten diren.

4. Historia literatura-genero gisa

Analistek zakar idazten zuten eta, iturrietara joan arren, askotan egia desitxuratzen zuten. Erretorika liburuetan, Orator ad M. Brutum eta De legibus (sic), Zizeronek historiaz ere idatzi ez bazuen ere, latindar historiografiaren ideala zein izango den proposatu zuen: historialariak, gertaerak kontatzeaz gain, eraginak eta ondorioak ikertu eta zehaztu behar ditu. Ikuspegi estilistiko batetik begiratuta, historia-liburuak, batez ere, literatura-obrak izan behar dira (opus maxime oratorium), greziarrek erakutsitako literatura-apaindurekin josita. Bestalde, historiak gizakiaren portaera hobetzen lagundu behar du eta bere barnean antzinako gizakien adibideak (exempla) ikusi behar dira: hauek moralaren hobekuntzari bultzada emango diote. Magistra vitae bezala ezagututako historia izan behar da.

5. Julio Zesar (K.a. 100-44)

Erroman jaio zen. Zizeron baino sei urte beranduago jaio zen. Gerra sozialak hamabi urte lehenago gertatu ziren. Jaiotzez aristokrata, berehala begiak politikan jarri zituen. Oposizio demokratikoaren alderdian kokatu zen. Silaren heriotzaren ondoren, alderdiko buru izan zen. Hispaniako administrazioaren ardura jaso zuen, eta ondoren, Ponpeio eta Krasoren triunbirato garaian Galiako gobernuan egon zen. Senatuaren eta Ponpeioren aginduak baztertu zituen. K.a. 48. urtean, Farsaliako gerran parte hartuta, Ponpeio zein Afrika eta Hispaniako etsaiak garaitu zituen. Bere bizitza guztian diktadorea izan zen. Inperioaren birrantolaketa egiten ari zela, K.a. 44. urteko martxoaren 15ean Senatuan bertan hil zuten.

5.1. Commentarii

Gerran dagoen politika-gizon baten memoriak dira. Egunkari moduan bildutako informazioak ikus daitezke. Commentarii de Bello Gallico idazkian Galian izandako Zesarren kanpainak, zazpi liburukitan, modu kronologikoan kontatzen dira. Commentarii de Bello Civili idazkian, aldiz, K.a. 49. eta 48. urteetako gertaerak agertzen dira. Hiru liburuki dira hauek eta bertan Ponpeioren heriotzara arteko liskarrak irakur daitezke. Commentarii obraren balio dokumentala agerikoa da. Kontatzen diren gertaeretan Zesar lekuko berezia izan zen. Commentarii de Bello Gallico obrak, Estatuari eskainitako zerbitzuak nabarmentzeaz gain, konkistetako politika ere justifikatu nahi zuen. Commentarii de Bello Civili obran, etsaiak gutxiesteaz gain, bere burua ere, iaio eta modu diskretuan argi goraipatu nahi izan zuen. Zesar narratzaile ezin hobea izan zen. Kontaera garbi eta bikain ordenatzen bazekien. Bere estiloa erraza eta dotorea zen. Beharrezkoa zena bakarrik kontatzen zuen. Zesarrentzat, akzioa, gertaeren lotura, giza borondatearen parte-hartzea eta zortea ere interes handikoak ziren.

Entradas relacionadas: