Antzinako Greziako Tragedia: Eskilo, Sofokles eta Euripides
Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,2 KB
TRAGEDIA
Antzinako Grezian sortu zen tragedia. Udaberri hasieran, Dionisioren omenez, festa dionisiakoak ospatzen zituzten. Dionisio mahastiaren, ardoaren eta estasiaren jainkoa zen. Festa hauetan, ohikoa zen lagun-taldeak Atenasko kaleetan abesten eta dantzatzen ibiltzea. Abesti eta dantza hauek Dionisiori buruzko kondaira mitikoekin lotzen ziren, baina gero gaiak ugaritu zituzten. Hau da antzerkiaren aitzindaria.
Geroago, bi elementu gehitu zizkioten: elkarrizketa eta ikuskizuna. Elkarrizketan, jatorrizko taldetik pertsona bat bereizten zen eta taldearekin hitz egiten hasten zen; hori zen antzerkiaren muina. Hasieran, elkarrizketa pertsonaia eta taldearen artean izaten zen, baina gero pertsonaien kopurua handitu egin zen. Prozesu hau K.a. VI. mendean burutu zen, eta lehenengo obrak garai horretakoak dira. Greziako antzerkiaren gailurra K.a. V. mendean iritsi zen, demokraziarekin batera.
Antzerki motak
Antzerki moten artean, bi bereizten dira: tragedia eta komedia. Tragediaren errealitatearen ikuspegia serioa eta sakona da. Argumentuaren aldetik, gaia mitoetatik hartzen da. Tragedia-egileak ezin du gaia asmatu; ikusleek ezagutzen duten mito bat izan behar da. Beraz, tragediak giza arazoak eta gai sakonak lantzen ditu. Adibidez: gizarte-gatazkak, gizakiaren askatasuna, gizakiaren patua, mendekua, gerren ondorioak.
Tragedian, pertsonaiak mitologikoak dira: heroiak, errege mitologikoak, printzesak; goi-mailako gizartea, azken finean. Hizkuntza jasoa eta poetikoa da. Bukaeran, askotan irtenbiderik gabeko egoerak planteatzen dira; bukaera tragikoak izan ohi dira.
Tragediaren egitura
Egitura aldetik, egitura finko bat dute:
- Prologos: Hitzaurrea da, non obraren pertsonaia batek gaiaren sarrera egiten duen.
- Parodos: Korua eszenara agertzen da, bertsoak abesten edo errezitatzen.
- 1. episodioa: Pertsonaien arteko elkarrizketa.
- 1. estasimoa: Koruaren abestia edo errezitazioa.
- 2. episodioa...
- Exodos: Korua eszenatik ateratzen da, abesten edo errezitatzen, tragediari amaiera emanez.
Pertsonaiak gehienetan errezitatzen dute, baina korua ere badago. Pertsonaia-talde bat da, abesti eta dantzaren bidez ekintza azpimarratzen duena. Koruaren burua korifeoa da, eta partaidea koreuta.
Hiru entitateen legea
Tragedia batean, "hiru entitateen legea" gertatzen da. Hiru entitateak dira tokia, denbora eta ekintza. Tragediaren ekintza osoa toki berean gauzatzen da, gehienetan Greziako hiri baten erregearen jauregiaren aurrean. Denbora laburrean gauzatzen da, askotan egun bakar batean. Eta ekintza bakarra da; argumentu-hari bakarra du.
ESKILO (K.a. VI-V)
Eleusisen jaio zen, familia aristokratiko batean. Oso poeta eta antzerkigile famatua izan zen. Salamina eta Maratongo guduetan parte hartu zuen. Bere izena Mediterraneo osora zabaldu zen. Laurogeita hamar antzerki idatzi zituen, baina zazpi bakarrik iritsi dira gaur egunera: Erregutzaileak, Persiarrak, Zazpiak Tebasen kontra, Prometeo kateatua, eta Orestesen trilogia. Azken horretan, Agamenonen itzulera eta Klitemnestrak eta Egistok nola hil zuten deskribatzen du, hiltzaileen zigorra, eta Orestesen auzia.
Eskilo Greziako tragediaren sortzailetzat hartzen da, eta tragedia bere gailurrera eraman zuen. Ezaugarrien artean: bi pertsonaien arteko elkarrizketak sortu zituen, korua obraren erdian ezarri zuen, trilogia bat egin zuen (hiru obra nagusi gai baten inguruan), sentimendu erlijioso handia erakutsi zuen (non gai nagusia justizia zen), eta hizkuntza kultua, solemnea eta kolokialtasunetik kanpo erabili zuen.
SOFOCLES (K.a. V)
Sofokles antzerkigile greziar klasikoa izan zen. Tragedia landu zuten hiru egile handiren artean dago, Euripides eta Eskilorekin batera. Periklesen garaiko idazle oparoa izan zen, eta 123 antzezlan egin zituen. Hurrengo tragediak idatzi zituen:
- Edipo erregea: Tebasen kokatua. Edipo, bere patutik ihes egin nahian, bere zoritxarreko patuan erortzen da.
- Elektra: Eskilok tratatu zuen gai berekoa.
- Antigona: Tebaseko setioa bukatzean, Kreontek bakarrik bigarren anaia ohorez lurperatzeko agindu zuen, eta Antigonak, bestea lurperatuko duenez, bere bizia galduko du.
Sofoklesek trilogia deuseztatu zuen, pertsonaien kopurua handitu zuen, baita koreuten kopurua ere, dekorazioa zaindu zuen, hizkuntza naturalagoa erabili zuen, eta pertsonaiek pertsonalitatea garatu zuten.
EURIPIDES (K.a. V)
Atikan jaio zen. Ez zuen bizitza politikoan Sofoklesek bezainbeste parte hartu. 94 tragedia idatzi zituen, baina 18 bakarrik iritsi zaizkigu oso-osorik. Nagusienak dira: Medea (semeak hilko ditu bere senarrari min egiteko, printzesa batekin ezkondu nahi duelako), Elektra, Orestes, Emakume troiarrak eta Helena.
Ezaugarrien artean: prologoa definitu egiten du bereziki, koruari garrantzia kendu dio, deus ex machina errekurtsoa erabiltzen du, pertsonaien izaera aldakorra da, sentimenduak ugaritu eta patetismoa areagotu ditu, emakumeak dira protagonistak, eta hizkuntza naturalagoa eta arinagoa erabili du.