Antzinako Greziako Pentsamendu Politikoa: Sofistetatik Aristotelesera

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 17,66 KB

Sofistak

Eszeptizismo epistemologikoa, erlatibismo morala eta legeen konbentzionaltasuna

Antzinako Atenaseko demokraziak hiritarrei asanbladetan hitz egiteko eskubidea ematen zien. Asanbladetan ondo eztabaidatzeko eta arrazoia izateko, ezinbestekoa zen hitzaren erabilera egoki eta limurtzailea izatea. Sofistak, atzerritik etorritako eta batzarretan hitz egiteko eskubiderik ez zuten pertsonak ziren, eta hauek hiritarrei elkarrizketa teknikak saltzen zizkieten. Sofistek gizakiarekin zerikusia zuten arazo berriak kaleratu zituzten, filosofo zaharren naturaren inguruko hausnarketak atzean utziz.

Alde batetik, eszeptizismo epistemologikoa aldarrikatzen zuten; hau da, beraiek ziotenez, ez dago egi edo ongi absoluturik, eta gainera, existituko balitz, ezingo genuke ezagutu. Bestalde, honekin lotuta, erlatibismo morala ere aldarrikatzen zuten, izan ere, beren ustez, objektu, gertakari eta egoera guztiak aldi baterako dira, eta ondorioz, ez dago egi absoluturik, existitzen den oro erlatiboa baita. Honetaz gain, esan beharra dago legeen konbentzionaltasuna ere babesten zutela, beraientzat ez baitzeuden lege egoki edo okerrik; hau da, gizakiak egiten ditu lege eta gertakariak on edo txar. Honek guztiak, noski, Sokratesen eta Platonen ideien aurka jo zuen, eta ondorioz, etsai intelektual bihurtu ziren.


Sokrates

Antierlatibismo morala, definizio unibertsalak, maieutika eta intelektualismo morala

Sokrates sofisten pentsamenduaren kontra zegoen erabat, izan ere, hauek proposatutako erlatibismoaren kontra zegoen. Sokratesek antierlatibismo morala aldarrikatzen zuen; hau da, berak guztientzat baliagarria den araua edo ongia proposatu zuen. Beraz, sofisten pentsaerari kontra egiteko, Sokratesek elkarrizketa bidezko argudiaketa eta definizio unibertsalak proposatu zituen. Elkarrizketari dagokionez, filosofoak ironia eta maieutika erabiltzen zituen egia lortzeko. Ironiaren bidez (hau da, ezjakinaren itxura eginez), solaskidea zalantzan jarri, gezurraren aitorpena lortzen zuen, erantzun desegokiak baztertuz. Maieutikaren bitartez, Sokratesek geure barnean dauden ezagutzak kanpora ateratzen laguntzen digu; izan ere, bere ustetan, ezagutza geure barneko edukiak kanporatzean datza.

Honetaz gain, Sokratesek, erlatibismoaren aurka, definizio unibertsalak proposatuko ditu; hau da, Sokratesentzat benetako ongia existitzen zen, eta ezagutu egin behar zen. Ongi edo egi hau norberak bere baitan aurkitu behar du, eta horretarako, gorago aztertutako ironia eta maieutika erabiltzen ditu. Behin ongia ezagututakoan, ezinezkoa da ondo ez dagoen ezer egitea, horri deritzo intelektualismo morala: ongia ezagutzen dutenek jokatuko dute ondo. Bestela esanda, gaizki jokatzen dutenek ezjakintasunagatik egingo dute.


Platon

Ideien teoria

Ideien teoria Platonen filosofiaren ardatza da. Teoria honen bidez, Platonek bi mundu desberdinen existentzia azaltzen du: mundu fisikoa eta ideien mundua. Mundu fisikoari dagokionez, haitzuloaren alegoriako kobazulo barnea dela esan genezake, eta Platonek dioenez, bertan irudi eta objektuak daude, eta hauek ez-perfektuak, aldakorrak eta ugariak dira. Bestalde, ideien mundua kobazulotik kanpo dagoena da. Bertan, ideiak daudela dio filosofoak, eta hauek perfektuak, aldaezinak, betierekoak eta bakarrak dira. Honez gain, errealitateko izaki guztiek hierarkia osatzen dutela defendatzen du Platonek. Horrela, beheko maila ez-perfektuan, irudiak egongo lirateke, eta mundu perfektuan, objektu matematikoak eta, azkenik, ideia gorenak.

Hauen artean gorena, Ongiaren ideia. Mundu naturaleko edo kobazuloko objektuak ideietan parte hartzen dute; hau da, hauen kopia inperfektuak dira, eta objektuak eta ideiak beraiek Ongiaren ideian parte hartzen dute. Horrela azaltzen du Platonek munduaren egitura: kopia inperfektuak diren objektuak ez dira betierekoak eta desagertzen dira, munduko aldaketen zergatia azalduz. Bestalde, ezagutzak hierarkia hau behetik gora igaro beharko du, eta zentzumenen ezagutza ez-perfektutik abiatuta, hauengandik urrundu eta arrazoimenaren bitartez, eta azken batean, dialektikaren bitartez, objektu matematikoak eta ideiak berak ezagutu. Prozesu hau amaitzen dutenek ezagutuko dute ongia, eta polisa gobernatzeko eskubidea izango dute. Hauek izango dira filosofoak.


Ezagutzaren teoria: zientzia eta iritzia. Dialektika

Filosofiaren egiteko nagusia ezagutza lortzea da: ideiak ezagutzea, ongia ezagutzea. Era berean, ezagutzak giza portaera baldintzatzen du, eta jokaera okerra ez-jakituriari dagokio. Platonek, haitzuloaren alegoriaren bitartez, bi mundu bereizten ditu: mundu fisikoa (mitoko kobazuloa) eta ideien mundua (kobazulotik kanpo dagoena). Beraz, bi mundu bereizi dituenez, bi ezagutza maila bereizten ditu: doxa edo iritzia eta episteme edo zientzia. Doxa, mundu sentikorrekoa denez, bigarren mailako ezagutza da, eta zentzumenek eskuratutako informazioan oinarritzen den ezagutza da, jaio eta hil egiten denari ezartzen zaion jakintza. Doxaren barruan, suposizioa (zentzumenez antzemandako objektuari lotzen zaion ezagutza) eta ilusioa (objektu sentigarrien itxurei dagokien ezagutza maila) bereizten dira.

Bestalde, episteme edo zientziari dagokionez, ideien munduko ezagutza denez, lehen mailako ezagutza dela esaten da, izaki iraunkorrei dagokiena, goi mailako ezagutza eta absolutua dena. Hemen, propedeutika (arrazonamenduz ezagutza matematikoa lortzea) eta dialektika edo noesia (ideiak eta ongia aztertzea) bereizten dira. Ezagutza prozesu guztia, Platonen ustez, erreministentzia prozesua da; hau da, gogoratze prozesua. Izan ere, gure arima perfektua denez, beti existitu da, eta hortaz, jaiotze aurretik ideiekin kontaktuan zegoen. Ezagutzea, beraz, barruan duguna gogoratzea da, igoera dialektikoaren bitartez. Azkenik, esan beharra dago, Platonen ustetan, gobernariek dialektikaren bitartez ongia ezagutu behar dute, horrela bakarrik lortuko baitute modu egoki eta absolutu batean gobernatzea.


Ongiaren ideia

Ongiaren ideia hiru ikuspuntutatik aztertu daiteke. Ontologiatik begiratuta, Ongiaren ideia existitzen diren izakien artean maila gorena duena da. Ongiaren ideian parte hartzen dute gainontzeko izaki guztiek, eta horregatik du munduak ezagutzen dugunaren tankera. Ez da ideien mundua antolatzen duen ideia soilik, baizik eta errealitate osoa (bi munduak, ideiena eta fisikoa) antolatzen dituena, baizik. Epistemologiatik aztertuz, Ongiaren ideia ezagutzen den azkeneko gauza da, ezagutza maila inperfektuetatik hasten baita, zentzumenetatik abiatuz, eta objektuen itxura, objektuak, objektu matematikoak eta gainontzeko ideiak ezagutu ondoren bakarrik ezagutuko da Ongia.

Honetarako, haitzuloaren mitoan azaltzen den bezala, zentzumenak alde batera utzita eta arrazoimenaren bitartez, igoera dialektikoa egin beharko da, azkenik, Ongia edota mitoaren eguzkia kontenplatzeko. Alde antropologiko eta politikotik begiratuta, azkenik, ongia ezagutzen duenak ongia egingo du halabeharrez, eta hortaz, ez du bere interes propiorako erabiliko (intelektualismo morala). Aldiz, gainontzekoei ongia azalduko eta inposatuko die, Platonen ustetan, hauek izan behar baitira gobernariak, Filosofoak. Hala ere, nahiz eta erreministentziak ongiaren ezagutza ahalbidetu, arima alde arrazionalarekin gidatuta dutenek bakarrik ezagutu ahal izango dute.


Dualismo antropologikoa: gorputza eta arima. Arimaren teoria

Platonek dualismoa aldarrikatzen du, eta hau ulertzeko, ezinbestekoa da arimaren teoria kontuan hartzea. Platonen ustez, gizakia bi osagaiez osatuta dago: arima (gizakiaren zati hilezina) eta gorputza (gizakiaren zati hilkorra, arimaren kartzela dena). Izan ere, gorputzak eta berari lotutako zentzumenek eta irrikek galarazten diote arimari benetako ezagutza lortzea. Arimaren teoriak dioenez, arimak hiru alde ditu: zati arrazionala, zati oldarkorra eta zati irritsua (azken biak gorputzari lotuak eta heriotzarekin desagertzen dira). Zati arrazionalari edo arrazoi arima, gizakiaren goi-mailako gaitasuna da, buruan kokatzen da, eta gobernariei nagusitzen zaie, arima honen bertutea zuhurtasuna baita. Zati oldarkorra edo sumenezko arimak, ordea, mendeku, ausardia edo koldarkeria bezalako sentimenduak biltzen ditu, bihotzean dago, eta soldaduei nagusitzen zaie, hauen bertutea sendotasuna baita. Eta, azkenik, irritssezko arima dugu (sabelean sentitzen duguna).

Honek bizirik irauteko sena, plazera, mina eta bestelako nahikeriak sentitzen ditu, langileetan aurki dezakegu, eta hauen bertutea neurritasuna izango da. Hiru arima hauetan, garrantzitsuena arrazoi arima da, eta gainontzekoei nagusitu behar zaie, izan ere, zati hau da hiltzen ez den bakarra. Arima honen helburua gorputzetik irtetea da, honela ideien mundura itzultzeko aukera izango baitu. Platonek gurdiaren metafora erabiltzen du arimaren teoria azaltzeko, non arima arrazionala gidari gisa, arima oldarkorra zaldi zuri gisa eta irritssezko arima zaldi beltz gisa azaltzen diren. Esan bezala, arima arrazionala gailentzen zaien pertsonak izango dira Filosofo edo agintariak, hauen arima harmonian egongo baita, eta hauek ezagutuko baitute erreministentziaren bitartez Ongia. Arima motak polisaren klase sozialekin lotzen ditu Platonek: arima arrazionala gailentzen bazaio, pertsona hori Filosofoa izatera dago deitua; oldarkorraren kasuan, zaindaria; eta irritsaren kasuan, artisaua.


Bertuteak eta hiri ideala

Platonek gizakiengan hiru bertute edo gaitasun bereizten ditu: zuhurtasuna, sendotasuna eta neurritasuna. Bertute hauetan oinarrituta, filosofoak estatu edo hiri idealaren proposamen bat egingo du, izan ere, Platonentzat politika arlo oso garrantzitsua da, eta zoriontasuna bere modeloaren arabera bakarrik lor daitekeela dio. Hiri ideal honetan, Platonek gizarte banaketa egiten du, oso modu klasista batean, eta hiru bereizketa egiten ditu: gobernariak, soldaduak eta langileak. Gobernariak zuhurtasuna dute bertute bezala, eta ondorioz, gizartearen buru izan behar dute, hauek bakarrik baitute ideien munduko eta ongiaren ezagutza, eta hiria ondo zuzendu dezakete. Soldaduek sendotasuna izango dute bertute bezala, eta horrela, hiria defendatzeko gai izango dira. Azkenik, langileek bertute gisa neurritasuna izango dute, eta hauek gizartearentzat produzitu egingo dutenak dira. Honetaz gain, proiektu honetan, Platonek ondasunak guztienak izango direla dio, ez indibidualak, eta gainera, estatu totalitario bat ezartzen du. Horrela, arrazoimenak gidaturiko arima bertutetsuena eta harmonia duena izango bada, gauza bera esan dezakegu hiriaz: onena, justuena eta harmonia duena Filosofoek gidaturikoa izango baita. Honetarako, filosofoek ezingo dute jabego pribaturik edo familiarik izan, zentzumenek ez ditzaten bere pentsamenduak lokaztu. Bestalde, esan beharra dago Platonek hiritar guztientzako hezkuntza sistema prozesua planteatu zuela, jakintza baxuenetatik dialektikara jotzen zuena, hiritar bakoitza bere ahalmenen arabera zegokion klase sozialean kokatzeko (gizonezkoak eta emakumezkoak bereizi gabe).


Aristoteles

Platonen ideien teoriaren kritika: hilemorfismoa

Aristotelesen ustez, Platonek mundu fisikoa azaltzeko beste mundu bat sortzen du (ideiena), eta honekin, errealitatea azaltzearen arazoa bikoizten du. Hau izango da Aristotelesen erronka: errealitatea azaltzea, honetatik kanpora egin gabe. Parte-hartzearen teoriarekin azaltzen du aldaketa Platonek, gauzak ideien kopia inperfektuak izateak sortzen duelakoan aldaketa munduan. Aristotelesi ez zaio azalpen hau gustatzen. Bere ustez, errealitatea substantzia indibidualez osaturik dago, eta hauek 10 kategoriatan bereiziak daude: substantzial 1, eta 9 akzidental. Substantziak objektuari bere izatea ematen dio, eta akzidenteek bere izate partikularrak. Ardi bat ardi hori da substantziagatik, baina ile luzera, tamaina eta abar, akzidenteengatik. Ardi hori ardi hori den bitartean, aldaketa akzidentalak jasoko ditu, ez substantzialak. Ardi hori norbaitek jaten duenean, ordea, aldaketa substantziala jaso du.

Ardiaren adibidearekin jarraituz, ardia ardia dela arditasunaren forma duelako, eta beste ardietaz bereizten dela duen materiagatik esango du. Bestalde, gauzak akto eta potentzia dira: hazia hazia da aktoan, baina potentzian landarea da. Potentziatik aktora pasatzea lau kausei leporatzen dio Aristotelesek: formala, materiala, egilea eta xedezkoa. Kausa hauek katea sortzen dute beraien artean, ez baitago kausarik ezerezetik sortu dena, eta hortaz, kate honen azterketak infinitora eraman gaitzake. Aristotelesek ez du hau posible ikusten, eta lehen kausa kausa-gabea bezala, lehen motor geldia asmatu zuen. Honekin guztiarekin, munduaren aniztasuna eta aldaketa azaltzen da. Bestalde, arrazoimenak gauzatzen duen ezagutza zentzumenetatik hasten dela esan zuen.


Testua ulertzea

Laburtu pasartearen ideiak, ideien arteko loturak errespetatuz

Hiria gobernatu behar duen legeak denon ongia bilatu behar du. Horretarako, hiritar bakoitzak norberaren interes partikularrak gaindituta eta komunitateari eman diezaiokeen onena eskainiz, hiriaren batasuna (harmonia) lortuko da.

Azaldu azpimarraturiko terminoak

Legea: Platonen estatu idealean, agintea jakintsuen esku egon beharko litzateke, haiek jakin badakitelako hiria nola zuzendu. Hala ere, hori zaila da praktikan, eta horregatik, legeak beharrezkoak dira hiriaren harmonia eta denon ongia bermatzeko. Lege horiek interes partikularrak saihestu behar dituzte, eta horretarako, estatuak hiritarren bizitza zorrotz arautuko luke, bakoitzaren gaitasunak kontuan hartuz, bizitza pribatua desagerrarazteraino.

Herriaren batasuna: norbera ongien dakien zereginetan aritzen denean lortzen da hiri harmoniatsua edo zuzena, eta ondorioz, zoriontsua. Bakoitzak bere interes propioa bilatzen duenean, batasuna eta harmonia galtzen dira, eta estatuaren galbidea eta usteltzea dator. Herriaren batasuna lortzeko, beharrezkoa da ikasketa-prozesu antolatua, norberaren gaitasunak zeintzuk diren ikusteko, eta horien arabera, hiriak behar duen zereginetan jarduteko. Norberaren gaitasunaren arabera aritzeak zoriontasuna eta elkarri lotzea dakar.

Gogoeta

Platonen estatu idealaren arabera, herritarrak zoriontsuak izango dira beren gaitasunak garatzeko aukera dutelako eta hobekien egiten dakiten lanetan jardun ahal dutelako. Hori lortzeko, hezkuntza-sistemak norberaren talentuak identifikatu eta garatzea du helburu, bai norberaren ongizateari bai gizartearen onurari begira. Era berean, Platonen ikuspegitik, balio positiboak sustatu behar dira, hala nola elkartasuna eta lankidetza, norberaren interesak gaindituz, gizarte osoaren onerako. Lankidetza ezinbestekoa da gaur egun, hainbat arazo (esaterako, arazo ekologikoak eta ekonomikoak) guztion artean konpondu behar baititugu.

Gogoeta 2.0 Hala ere, Platonen estatu ereduan, askatasunari mugak jartzen zaizkio, estatuaren kontrola bizitzaren esparru guztietara zabaltzen baita. Honek pertsonen garapen osoa mugatzen du, aukeratzeko askatasuna mugatua izanik. Horren ondorioz, zoriontasuna estatuak definitutako moduan soilik ulertzera bultzatzen da, baina zoriontasunaren bidea norberak aukeratu beharko luke, eta ezin da kanpotik inposatu. Bestalde, Platonen ideia moralak onak diren arren, arrisku bat dago: estatuak ongia definitzeko duen ahalegin horretan, totalitarismora iristea. Totalitarismo hori ekiditeko, demokrazia aktiboaren beharra azpimarratzen da. Benetako askatasuna hezkuntza moralarekin batera lortzen da, baina horretarako, beharrezkoa da estatuak ere bere mugak izatea eta legeak guztiontzat baliagarriak izatea, estatuaren boterea gehiegi handitu gabe. Azkenik, hezkuntza zibikoa funtsezkoa da gizarte parte-hartzaile eta demokratiko bat lortzeko.


Teoria politikoa: gizatasuna eta erregimen politikoak

Aristotelesen arabera, gizakia animalia politikoa da, eta bizirauteko, gizartean antolatu behar da. Gizabanakoen arteko lehen elkartea familia da; ondoren, auzoa; eta, azkenik, hiria edo estatua. Aristotelesek bi gobernu mota bereizten ditu: zuzenak (herritarren ongizatea bilatzen dutenak) eta okerrak (gobernarien interesak lehenesten dituztenak: tirania, oligarkia eta demagogia). Haren ustez, sistemarik errealistena errepublika da, gehiengo erdiko klase batek erabakiak hartzen dituen erregimena, oligarkia eta demokraziaren arteko tartean kokatzen dena.

Aristotelesek demokrazia pobreen gobernu gisa ikusten du, eta oligarkia, aldiz, aberatsen gobernu gisa. Gobernu zuzen batek orekaren irizpidea izan behar du, eta politikan aritzen direnek ez dute oso aberatsak edo pobreak izan behar, bestela, parte hartzea eta denbora edukitzeko baliabide nahikorik ez baitute izango. Beraz, Aristotelesen ustez, hiri justu bat eraikitzeko, ezinbestekoa da hiritar guztiek polisaren erakundeetan parte hartzeko aukera izatea, ez aberastasuna edo berdintasuna oinarri bezala hartuta, baizik eta merezimenduaren arabera. Hala ere, esklabutza onargarria dela uste du, estatua antolatzeko ezinbestekoa delako.

Justizia ulertzeko moduan ere aldeak daude Platonen eta Aristotelesen artean. Platonek hirian harmonia eta oreka bermatzea azpimarratzen du, hiritar bakoitzak bere trebetasunen arabera jardunez justizia lortzen dela uste baitu. Aristoteles, aldiz, legezkotasunaren eta merezimenduaren araberako justiziaren aldekoa da; herritarrak merezi dutenaren arabera tratatu behar direla dio.

Bertuteak dira, gainera, gobernu sistema baten iraupena ziurtatzen dutenak, eta bertute etikoak eskuratzea beharrezkoa dela uste du, ekintza errepikatuz eta ohitura onak garatuz. Aristotelesen ikuspegian, hiriak ondo funtzionatzeko, legezkotasuna errespetatu behar da, baina legeak ez dira demokratikoak edo oligarkikoak izan behar. Gobernu onena, beraz, orekara bideratutako sistema bat izango da, non muturreko politikak saihestu egiten diren eta bertutea nagusi den.

Entradas relacionadas: