Antzinako Erroma: Monarkia, Errepublika eta Inperioa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín
Escrito el en
vasco con un tamaño de 11,79 KB
Antzinako Erromaren Sarrera
Erromaren Aurrekariak
K.a. 1. milurtekoan: Herri ugari bizi ziren Italiar penintsulan, kolonietan antolatuta:
- Etruskoak: Iparraldean
- Latindarrak: Erdialdean
- Greziarrak: Hegoaldean
Erromaren Sorrera (K.a. VIII. mendea)
K.a. VIII. mendean, Tiber ibaiaren ertzean, Zazpi Muinoak izeneko gune batean, Latindarrek Erroma hiria sortu zuten hainbat herrixka elkartuz. Zergatik kokapen hori? Kokapen bikaina zen, hainbat abantaila eskaintzen baitzituen:
- Babesteko toki egokia zen.
- Merkataritzarako gune aproposa zen.
- Tiber ibaia nabigagarria zen.
Erromako Zazpi Muinoak
Erroma hiriaren jatorrizko gunea osatzen zuten muinoak hauek ziren:
- Kirinal
- Viminal
- Eskilino
- Kapitolio
- Palatino
- Zelio
- Aventino
Erromatar Mundua eta Hedapena
Erromatar zibilizazioa Mediterraneo itsasoaren alboetan garatu zen. Erromatarrek itsaso horri Mare Nostrum (Gure Itsasoa) deitzen zioten.
Konkistatzerakoan, leku epeletan finkatu ziren, Erromaren oso antzekoak ziren lekuetan. Horrela, beren ekonomiaren oinarriak ziren hiru produktu nagusiak landatu zitzaketen:
- Garia
- Mahatsondoak
- Olibondoak
K.a. VI. mendetik aurrera, lur-eremu zabalak menderatu zituen Erromak. Lehenengo, Italiar Penintsula hartu zuen; gero, Europako gainerako lurraldeetara, Asiara eta Afrikara hedatu zen. Horrela, Erromak ordura arte ezagututako inperiorik handiena sortu zuen.
Inperioaren mugak ezarri zituzten, eta bertan postu militarrak eta hesiak eraiki zituzten, inguruko biztanleak (haientzat “barbaro” edo “atzerritarrak”) kontrolatzeko.
Erromako Historiaren Aldiak
Erromatarrek K.a. VIII. mendetik K.o. V. mendera arte iraun zuen zibilizazio bikaina garatu zuten. Hiru aldi nagusitan bereizten da:
- Monarkia (K.a. 753 – K.a. 509)
- Errepublika (K.a. 509 – K.a. 27)
- Inperioa (K.a. 27 – K.o. 476)
Monarkia (K.a. 753 – K.a. 509)
K.a. 753. urteaz geroztik, Erroman hautabidezko monarkia bat ezarri zen. Hiriko familia garrantzitsuenek (patrizioek, alegia) hautaturiko errege batek gobernatzen zuen hil arte. Erregearen lanak hauek ziren:
- Gobernu ardurak zituen.
- Erlijio-errituak zuzentzen zituen.
- Armadaren burua zen.
- Justizia administratzen zuen.
Erregeak Senatuaren laguntza zuen. Senatua biltzar bat zen, erregearen kontseilu gorena. Senatariz osatuta zegoen, eta hauek familia bikainenen ordezkariak ziren.
Zazpi Erregeak
Kondairen arabera, Erromak zazpi errege izan zituen. Hauetako azken hirurak etruskoak izan ziren (herri honek Erroma konkistatu baitzuen K.a. VII. mendean). Erromako herritarrek aurre egin zieten, eta monarkia K.a. 509. urtean amaitu zen. Azken erregea, etruskoa, Tarkino Superbo izan zen.
Errepublika Garaiko Gobernua
Etruskoak kanporatu ostean, gobernu forma berri bat ezarri zen: Errepublika. Hiru erakunde nagusi zeuden:
1. Komizioak
Batzarrak ziren. Bertan, herritarrek legeak eta magistratuak bozkatzen zituzten.
2. Magistratuak
Gobernuko karguak ziren. Urtebeterako hautatzen zituzten. Mota desberdinetakoak zeuden:
- Kuestoreak (finantza publikoak)
- Edilak (udal-administrazioa)
- Pretoreak (justizia administrazioa)
Magistratu nagusiak bi kontsulak ziren, gobernuaren eta armadaren buruak.
3. Senatua
Erakunde garrantzitsuena zen, eta beraiek erabakitakoari eztabaidarik gabe men egiten zitzaion. Legeak berresteaz gain, kanpo politika zuzendu, magistratuak aholkatu eta haien lana gainbegiratzen zuten.
Magistratura Nagusiak
- Kontsulak: Armada zuzendu eta Senatuaren bilkuraren buru ziren.
- Zentsoreak: Herritarren erroldea eta zerrendak egiten zituzten.
- Pretoreak: Hasieran pretor bat zegoen, baina 16 izatera ere iritsi ziren; justizia auzitegien buru ziren.
- Edilak: Hiriko bizitza zuzentzen zuten.
- Kuestoreak: Finantzen arduradunak ziren.
Errepublika Garaiko Gizartea
Patrizioak
Familia aberats eta boteretsuenetako kideak ziren. Gutxiengoak ziren. Lursail gehienak haien esku zeuden, eta kargu politiko nagusiak ere bai.
Plebeioak
Herritar gehien-gehienak ziren: nekazariak, eskulangileak eta merkatariak. Beren kabuz nekez bizi zitezkeenak.
Esklaboak
Beste pertsona baten jabetzako objektutzat zeuzkaten, ez gizakitzat. Gerretako presoak edo esklaboen seme-alabak izaten ziren. Askatasuna erosita liberto bilakatzeko aukera zuten.
Emakumeak
Berez askeak izan arren, bai patrizio, plebeio edo pobreak izan, oso egoera berezia zuten. Gizonezkoen tutoretzapean egon behar zuten beti. Ez zuten inolako eskubide politikorik. Askok nekazari, merkatari edo inude bezala lan egiten zuten arren, haien eginkizun nagusia seme-alabak zaintzea zela pentsatzen zen.
Errepublikaren Hedapena
Errepublika garaian, Erroma munduko potentzia handiena zen, bere hedapen politikagatik eta oso ondo antolatutako armada handi eta indartsua zuelako. Erromak lurralde asko konkistatu zituen Europan, Asian eta Afrikan. Hiru etapa desberdintzen dira:
1. Italiar Penintsula (K.a. 500 – K.a. 250. urteen artean)
Erromak penintsulan bizi ziren herri guztiak garaitu zituen. Iberiar Penintsularen barrenean hedatu zen.
2. Mendebaldeko Mediterraneoa (K.a. III. eta II. mendeen artean)
Kartagotarrak eta haien buruzagia, Anibal, menderatu zituen Gerra Punikoetan (K.a. 264 – K.a. 146). Hauek nagusi ziren Afrikako iparraldean, Iberiar Penintsulako zati batean eta Balearretan. Garaipenari esker, Erroma mendebaldeko Mediterraneorantz zabaldu zen.
3. Ekialdeko Mediterraneoa (K.a. II. eta I. mendeetan)
Grezia eta Ekialdeko Mediterraneoa konkistatu zituen, eta Europan zehar hedatzen jarraitu zuen, Iberiar Penintsularen erdialdea eta Galiako zonaldea hartuz.
Lurralde horietan zehar, herri desberdinak nahasi ziren arren, den-denak Erromaren agindupean egon ziren. Erromatarrei aurre egiten zietenek oso zigor gogorrak jasotzen zituzten: beraien hiriak suntsitzen zituzten, eta biztanleak preso hartu eta esklabo gisa saltzen zituzten.
Lurralde hauek hobeto kontrolatzeko, Inperioa probintzietan banatu zuten. Probintzia bakoitzak zergak ordaindu behar zizkion Erromari, eta gobernadore batek agintzen zuen bakoitzean.
Erromako Legioak eta Armada
Armadak garrantzia handia izan zuen, bai haren taktika zein bere diziplina zorrotzari esker. Izan ere, lur-eremu zabalak konkistatu zituzten. Armada legioetan antolatuta zegoen, eta hauek soldaduz edo legionarioz osatuta zeuden. Hasiera batean, Erromatar guztiek joan behar zuten soldadu bezala, baina geroago profesionalak kontratatzen hasi ziren. Beteranoak zirenek (hau da, soldadu gisa beren urteak eman zituztenek) lursailak eta herritartasuna lortzen zituzten.
Errepublikaren Krisia eta Inperioaren Sorrera
K.a. I. mendean, barne-gatazka ugari egon ziren, eta zenbait militar eta gizon boteretsu saiatu ziren agintea eskuratzen. Ondorioz, hainbat gerra zibil piztu ziren. Militar horietako bat Julio Zesar izan zen, eta K.a. 45. urtean biziarteko diktadore izendatu zuen bere burua.
Errepublikaren aldeko jarraitzaile talde batek, Senatariak zirenak, Zesar hil egin zuen, eta beste gerra bat piztu zen. Ondorioz, Zesarren iloba, Oktavio, iritsi zen boterera K.a. 27. urtean, eta Augusto izendatu zuten (“jainko-jainkosek hautatua”). Gerra zibilean nagusitu eta lehen enperadore izendatu zuten. Orduan hasi zen Inperioaren garaia.
Inperioa eta Pax Erromatarra
K.a. 27. urtean, Oktaviok bere burua enperadore izendatu zuen. Inperioaren garaian, komizioek boterea galdu zuten. Enperadoreak botere guztiak hartu zituen:
- Senatuko burua zen.
- Armadako burua zen.
- Erlijio-errituen burua zen.
- Legeak ematen zituen.
- Zergak erabakitzen zituen.
Teorian, enperadore kargua ez zen oinordekotzan hartzen, baina errealitatean familia bereko norbaitek hartzen zuen (aurreko enperadoreak izendatuta). Horregatik, dinastiak sortu ziren.
Loraldi Garaia (Pax Romana)
K.o. I. eta II. mendeetan, Augusto, Klaudio, Vespasiano, Trajano, Adriano eta Marko Aurelio enperadoreek loraldi bete-betera eraman zuten erromatar zibilizazioa. Armada diziplinatu batek bermatzen zuen bakea, eta honek oparotasun ekonomiko eta kultural handia ekarri zuen. Inperioaren lurralde hedapen handiena eman zen garai honetan.
Erromanizazioa
Erromanizazioa Erromak herri konkistatuei bere kultura eta bizimodua ezartzeko prozesua izan zen. Hiriak sortu eta galtzaden bitartez lotu zituen. Beraien hizkuntza (Latina), legeak eta jainkoak zabaldu zituzten Inperio osoan. Garai horretako zenbait arrasto ditugu, hala nola:
- Segoviako akueduktua
- Meridako eta Tarragonako anfiteatroak
Erromatar Inperioaren Amaiera
K.o. III. mendetik aurrera, zenbait arazo egon ziren:
- Ezegonkortasun politikoa: Armadari botere handia eman zitzaion lurralde oso handia zutelako, eta hauek enperadoreak izendatzeari eta kargutik kentzeari ekin zioten.
- Mugen presioa: Herri germaniarrak, persiarrak, hunoak eta beste batzuk etengabe ari ziren mugetan erasotzen. Honek segurtasuna gutxitu zuen.
- Ekonomiaren gainbehera: Merkataritza apaldu zen, eta herritarrek hirietatik alde egin eta landa eremuetara joan ziren.
K.o. 395. urtean, Teodosio enperadoreak Erroma erdibitu egin zuen, honek Inperioa babesten lagunduko zuelakoan. Bi zatiak bere bi semeen artean banatu zituen:
- Ekialdeko Erromatar Inperioa (Konstantinopla hiriburua)
- Mendebaldeko Erromatar Inperioa (Erroma hiriburua)
Mendebaldeko Erromatar Inperioaren mugen barruan, Germaniarrek beraien erresumak sortzen hasi ziren, eta K.o. 476. urtean Romulo Augusto boteretik kendu zuten, azken enperadorea izan zelarik. Beste aldea, Ekialdeko Erromatar Inperioak, ordea, 1453. urtera arte eutsi zien inbasioei.
Hirigintza eta Arkitektura
Erromatarren arkitektura praktikoa zen, eta eraikin asko egin zituzten herritarren beharrak asetzeko. Hala ere, arkitektura monumentala ere landu zuten, eraikinen bidez Erromak zuen boterea adierazteko. Bi material berri erabili zituzten: porlana eta hormigoia. Azken hau erabiltzeak ekarri zuen gaur egun arte eraikuntza asko mantendu izana. Etruskoengandik arkuak eta gangak erabiltzen ikasi zuten.
Eraikin Publiko Nagusiak
Hiri ugari sortu zituzten, eta hiri bakoitzean erabilera askotako eraikinak egin zituzten:
- Forua: Politika, kultura eta gizarte jardueretarako plaza zen, hiriko leku garrantzitsuena.
- Termak: Lurrun-bainuak, bainu hotzak eta beroak, masajeak hartzeko tokia zen. Gizon eta emakumezkoak, bakoitza bere aldetik, termetan elkartzen ziren.
- Anfiteatroak: Borrokak antolatzen ziren.
- Antzokiak: Komediak eta tragediak antzezten ziren.
- Zirkuak: Orga-lasterketak egiten ziren.
Beste Herri-lan Batzuk
- Oroitzapenezko zutabeak eta garaipen arkuak: Hirietan gertaera garrantzitsuak eta adore militarrak erakusteko egiten zituzten. Erliebeetan gertatutakoa kontatzen zuten.
- Akueduktuak: Ura herri eta hirietara eramateko.
- Portuak: Itsas garraiorako.
- Zubiak: Ibaiak zeharkatzeko.
- Galtzada sare trinkoa: Lehorreko garraiorako.