Antzinako Erregimenetik Iraultza Liberaletara: XVIII. mendeko eraldaketak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 31 KB
Antzinako Erregimena
Politika
XVIII. mendean, Europako herrialde gehienak monarkia absolutuak ziren. Monarkia batean, estatuburuak kargua bere familiako norbaitengandik heredatzen du, eta biziartekoa da. Normalean, aurreko estatuburua hil eta gero heredatzen du. Monarkia absolutuan:
- Botere nagusi guztiak monarkarengan bilduta daude. Hark gobernatzen du, legeak promulgatzen ditu.
- Ez dio beste inori erantzukizunik aurkeztu behar.
- Monarka subiranoa da.
- Haren kargua sendotzeko, jatorri jainkotiarra zuela esaten zen.
Europan, monarkia mota hau lehenengoz 1689an kendu zuten, Ingalaterran. Azken monarkia absolutua Errusiakoa izan zen (1917 arte). Espainian, azken errege absolutua Fernando VII.a izan zen. Europan, monarkia absolutua ez zuten bi salbuespen nabarmen zeuden: Erresuma Batua eta Probintzia Batuak.
Monarkia parlamentarioa
Botereen banaketan oinarritutako estatua da. Erresuma Batuan oso finkatuta zegoen XVIII. mendean. Bestelako zeregina duten bi botere bereizten dira:
- Betearazlea edo exekutiboa (Erregea): Legeen arabera gobernatzen zuen.
- Legegilea: Gobernuak egiten zuena kontrolatzen zuen.
Monarkia parlamentarioaren oinarri teorikoa liberalismo politikoa da, John Locke pentsalariak zehaztutako doktrina. Bere pentsaeraren oinarrizko printzipioak:
- Askatasuna: Gizaki guztiek berez eskubide batzuk zituztela onartzen zen, eta askeak jaiotzen zirela. Askatasun hori apur bat sakrifikatzen zuten gizartean bizitzeko, eta gizarteak hautatutako agintariei gobernatzen uzten zitzaien, haiek eskubide horiek defendatuko zituztelakoan.
- Berdintasuna legearen aurrean.
- Jabetza gizarte-bereizketarako irizpide nagusia da. Lockeren ustez, jabetzak zituztenek bakarrik egiten zioten ekarpena Estatuari, eta, horregatik, haiek bakarrik zuten politikan parte hartzeko eskubidea (sufragio zentsitarioaren defentsa).
- Botereen banaketaren defentsa: Betearazlea; legegilea (Lockeren ustez, hau botere nagusia izango zen, eta botoa emateko eskubidea zuten herritarrek hautatuko zuten).
- Agintariek herritarren zerbitzura gobernatzen zuten; ondorioz, haien eskubideak zapaltzen zituzten agintariak eraisteko eskubidea zuten.
Lockeren ikuspegi politikoa Gobernu (zibil)ari buruzko bi tratatuetan (1690) bilduta dago. Bigarrenean, gizarte politikoari buruz mintzatzen da Locke; bigarren tratatu honek ilustratuen pentsaeran eragin handia izan zuen. Liberalismo hitza lehenengoz Espainiako egunkari batean argitaratu zuten, 1813an.
Probintzia Batuetan, britainiarraren antzeko erregimen parlamentario bat zegoen. Probintzia Batuak Herbehereetako zazpi lurraldek osatutako errepublika federala zen. Errepublika monarkia ez den estatua da; errepublika batean, agintari guztiak —estatuburua barne— aldi baterako hautatzen dituzte.
Federalismoa: Botere eta gobernu arlo batzuk deszentralizatuta egotea nahi duen ikuspegi politikoa. Estatu anitzaren aldekoa. Gobernu zentralak zenbait gobernu-arlotan esklusibotasunari eusten dio. Estatuko lurraldeek autogobernua dute, eta kulturaniztasuna bezalako ezaugarriak babesten edo errespetatzen dira.
Zentralismoa: Estatu bat antolatzeko eta gobernatzeko ikuspegia, lurraldeen gaineko kontrola handitu nahi duena. Estatu bateratua edo unitarioa du helburu. Gobernu zentralak ahalik eta botere gehien bereganatzen du. Lurraldeetako autogobernua eta berezitasunak ahalik eta gehien ahultzen ditu.
Probintzia Batuetan, lurralde bakoitzak bere autogobernurako erakundeak zituen. Guztien ordezkariak biltzen zituen Estatu Nagusiak parlamentu federala ziren. Aldi batzuetan, gobernua estatuder delakoak zuzendu zuen. Azkenean, Herbehereak monarkia bihurtuko ziren.
Protoindustrializazioa
Industrializazioaren aurreko industrializazioa. Gremioen eragina saihesteko, industria batzuk hirietatik kanpora eraman zituzten enpresari batzuek, han aldaketak egiteko askatasuna baitzuten. Produkzio modu berri hau Industria Iraultzaren aurrekaria izan zen. Nekazarien lanean oinarritu zen. Zenbait industrializazio mota:
- Etxeko sistema (nekazarien ekimena, haiek ekoitzi eta saldu egiten zuten).
- Putting-out System delakoan, nekazariek merkatarien kontrolpean lan egiten zuten. Nekazariei lehengaiak eta tresnak uzten zizkieten, produktuak behin eginda lehenago adostutako soldata bat ordaintzen zieten, eta garestiago saltzen zituzten merkatariek.
- Factory Systemaren agerpena, industrializazioaren oinarria izango zena. Lehenengo lantegi modernoak sortzeko, langile eta tresneria asko toki berean bildu behar zen; lantegi haiek sortzeko, kapital handiak inbertitzea beharrezkoa zen.
Ekonomia
- Ekonomiaren oinarria nekazaritza zen, herritar gehienak baserritarrak ziren.
Nekazaritza XVIII. mendean
- Iraupeneko nekazaritza.
- Gutxi garatuta zegoen:
- Teknologia gutxi.
- Teknika eta laborantza tradizionalak.
- Langile askoren beharra.
- Etekin txikiak ateratzen zituzten.
- Uztak irregularrak zirenez, noizean behin goseteak eta eskasia pairatzen zituzten Europako herrialde gehienetan.
Nekazaritza modernoa
- Garapen maila handia:
- Makineria askoren erabilpena.
- Teknika eta laborantza mota berriak.
- Gero eta langile gutxiago behar zuen.
- Uzta erregularrak; merkaturako gero eta gehiago ekoizten zuen; etekin handiak ematen zizkien.
- Britainia Handian eta Herbehereetan.
- Industria gehiena hiriguneetako jarduera zen, artisau erara egiten zena. Industria hark gremioen kontrolpean jarduten zuen; gremioa lanbide bereko artisauak babesten zituen elkartea zen. Babesten zuten arren, aldaketak ere oztopatzen zituzten gremioek.
- Aldaketak egiteko eta gremioen eragina saihesteko, industria batzuk hirietatik kanpora eraman zituzten enpresari batzuek. Protoindustrializazioa hasi zuten. Produkzio modu berri hau Industria Iraultzaren aurrekaria izan zen. Baserritarren lanean oinarritu zen.
Zenbait protoindustrializazio mota
- Etxeko sistema.
- Putting-out system delakoan, nekazariek merkatarien kontrolpean lan egiten zuten. Nekazariei lehengaiak eta tresnak uzten zizkieten, produktuak behin eginda lehenago adostutako soldata ordaintzen zieten, eta garestiago saltzen zituzten merkatariek.
- Factory system delakoa, industrializazioaren oinarria izango zena. Lehenengo lantegi modernoak sortzeko, langile eta tresneria asko toki berean bildu behar zen; lantegi haiek sortzeko, kapital handiak inbertitzea beharrezkoa zen.
- Merkataritzan, merkantilismoak jarraitu zuen. Merkantilismoa XVII. mendetik zetorren politika eta ikuspegi ekonomiko interbentzionista zen. Europako monarkiek euren herrialdeko ekonomiarako mesedegarria (aberastasuna pilatzeko) zen merkataritza lortu nahi zuten, inportazioak ahalik eta gehien murriztuz eta esportazioak handituz. Esate baterako, kanpoan erosi behar ez izateko, industria sustatzen zuten gobernuek.
- Aurreko garaiekin alderatuta, garraioetan ez zen aldaketa handirik egon. Azpiegitura txarrek produktuak garestitzen zituzten.
Kultura
- XVIII. mendean, kulturaren ikuspegitik, bizimodu eta pentsaera tradizionalak ziren jaun eta jabe.
- Herritar gehienak pobreak eta analfabetoak ziren; eskolatu gabe bizitzera kondenatuta zeuden.
- Baina aurrekoa aldatuz joango zen ideia ilustratuen hedapenarekin batera; kontuan hartu gizarte ezberdintasunen edota herrialdeko garapen-mailaren araberako hedapena izango zela.
Ilustrazioa
XVIII. mendean, Europan —bereziki Frantzian— sortu zen garrantzi handiko mugimendu intelektual bati emandako izena; haien esanetan, "gizateria arrazoimenaren argiekin argiztatu" nahi zuen pentsalari-taldea. Kultur-mugimendu honetako partaideek garai hartako errealitate sozial eta politikoa gogor kritikatu zuten, haien ustez hobea izango zen gizarte alternatibo bat proposatu zutela. Zientziaren aurkikuntzak, filosofiaren ekarpenak eta heziketa gizartea hobetzeko oinarria izan zitezkeela uste zuten ilustratuek; pentsalari haiek arrazionaltasunaren hedapen praktikoan sinesten zuten, ordura arte identifikatu zituzten kultur gabeziak ezabatu ahal izateko. Esate baterako, ordura arteko jakintza biltzeko eta zabaltzeko, Entziklopedia ilustratu batzuen ekimena izan zen. Mugimenduko kide gehienak burgesak ziren jatorriz. Ilustratuek pentsaera ekonomiko eta politiko berria landu zuten.
Ilustratuen pentsaera ekonomikoa
Ekonomialarien artean, fisiokrazia izan zen lehen talde nabarmena. Ekonomialari hauen ikuspegian, bi ideia nagusi daude:
- Aberastasuna produzitu egiten da, eta lurra da aberastasun iturri nagusia.
- Ekonomia baten funtzionamendu onerako, askatasun ekonomikoa sustatu behar da. “Laissez faire” delakoaren defentsa.
Ikuspuntu honen ordezkari nagusiak François Quesnay eta Robert Turgot izan ziren. Pentsaera fisiokrataren oinarriak Quesnayk idatzitako ”Tableau économique” delakoan (1758) daude.
Fisiokraten ideien berri eduki ondoren, Adam Smithek liberalismo ekonomikoa landu zuen, eta "Nazioen Aberastasuna" (1776) liburuan argitaratu.
- Aberastasun iturri nagusia lana da, eta lanak ekoiztutako ondasunak.
- Ekonomia gobernatzen duten legeak ezagutu behar dira:
- Etekinak lortzeko gogoa.
- Merkatu askearen beharra.
- Eskaintzaren eta eskariaren legea.
- Estatuak herritarren eskubide indibidualak babestu behar ditu, eta ekonomian ahalik eta gutxien sartu. Askatasun ekonomikoaren defentsa.
Erregimen Zaharrean, askatasun ekonomikorako oztopoak zeuden. Adibidez, industriak gremioen kontrolpean jarduten zuen. Liberalismo ekonomikoa kapitalismoaren atzean dagoen pentsaera da. Liberalismo hitzak askatasunari egiten dio erreferentzia; kapitalismoak, ordea, bestelako zerbait adierazten du, aberatsen nagusitasunean datzan antolaera. Bigarren terminoa, adibidez, ikuspegi antikapitalista defendatzen zuen Karl Marx pentsalariak erabilitako izendapena da.
Ilustratuen pentsaera politikoa
Politikoki, ilustratuek absolutismoaren kritika zorrotza egin zuten. Absolutismoa ezabatu nahian, ilustratuek gobernu arrazionalago bat proposatzen dute:
- Subiranotasuna (botere politiko gorena) ez da erregearena ordura arte bezala, nazionala baizik. Eta nazioaren nahia hauteskundeetan aukeratzen dituen ordezkarien bitartez adierazten da. Hau gehien landu zuen pentsalaria J.J. Rousseau izan zen.
- Estatu batean gehiegikeriak edota ekintza arbitrarioak saihesteko, 3 botereen banaketa egin behar da. Botere hauek zeregin bana dute, elkar kontrolatuz.
- Exekutiboa: gobernua.
- Legegilea: parlamentua.
- Judiziala: epaitegiak.
Botereen banaketa John Lockeren ideia izan zen. Lockek exekutiboa eta legegilea bereiztu zituen. Montesquieuko baroiak Lockeren ideia hobetu zuen, hirugarren botere bat —judiziala— bereiztuz. "Legeen espirituaz" (1748) liburuan azaldu zuen. John Lockek bezala, Montesquieuk sufragio zentsitarioa defendatzen zuen. J.J. Rousseauk, ordea, subiranotasun nazionala eta demokrazia bezalako ideiak landu zituen, eta sufragio unibertsalaren alde zegoen. Rousseauren ikuspegia hoberen biltzen zuen liburua “Gizarte hitzarmena” (1762) izan zen.
Ilustratuek garrantzi handia ematen zioten eskubide eta askatasun indibidualen babesari; esate baterako, sinesmen askatasuna edota adierazpen askatasuna defendatuz. Honelako ideiak François Marie Arouet, "Voltaire", ilustratuaren izkribuetan oso landuta daude, hark "Tolerantziaren buruzko tratatua" (1763) eta "Hiztegi filosofikoa" (1764) bezalako liburuetan arrazoi ilustratuaren alde eta fanatismoaren aurka asko idatzi baitzuen.
Europako monarkia absolutu batzuek, haien gobernua eta ekonomia modernizatzeko, ilustratuengandik ideia batzuk –errege haien botererako arriskutsuak ez ziren ideiak– hartuta, erreforma mugatu batzuk egin zituzten —estamentu gizartea edota absolutismoa bezalako printzipioak mantenduz—; haiek zioten bezala, printzipio bat errespetatzen zuten: “Dena herriarentzat, baina herriaren partaidetzarik gabe”. Politika erreformista honi despotismo ilustratua deitu zaio. Espainian, Karlos III.aren agintaldian egin zuten; Austrian, Jose II.aren agintaldian; Prusian, Federiko II.arenean...
Gizartea
XVIII. mendean, estamentu-gizartea antolaera sozial nagusia izan zen Europan. Estamentu gizartea "Antzinako Erregimena" delakoan zegoena. XIX. mendea artekoa. Erdi Aroan sortutako gizartearen bertsio modernoa. Gizartean, pertsonek betetzen duten funtzioa eta legeen aurrean duten egoera.
- Herritarrak ez ziren berdinak legeen aurrean.
- Pribilegioak zituzten taldeek, pribilegio haiei esker, aberastasuna harrapatzen zuten.
- Gizarte itxia.
- Botere politiko eta erlijioso tradizionalen pentsaera nagusia zen.
Klase gizartea: XIX. mendeaz geroztik nagusitu zen gizarte-mota. Kapitalismoari dagokion gizarte-antolaera.
- Legeak berdinak dira herritar guztientzat.
- Baina aberastasunaren araberako ezberdintasun handiak daude.
- Ezberdintasun horiek funtsezko sailkapena erabakitzen dute.
- Aberastasuna menderatzen duten taldeek pribilegioak dituzte.
- Gizarte irekia.
- Burgesiak sortutako ideietan oinarrituta dagoen gizartea.
Gizartearen barruan, 3 estamentu bereizten ziren: bi pribilegiodun (kleroa eta noblezia) eta pribilegiorik gabekoa (hirugarren estatua edo herri xehea).
- Nobleziaren eta kleroaren pribilegioak: Politikoak, fiskalak, judizialak.
Bai kleroan eta bai noblezian, goi-mailakoa eta behe-mailakoa bereizten ziren. Goi mailako nobleak aberatsak eta boteretsuak ziren bitartean, behe-mailako nobleak ez. Kleroko kidea ordenazio kanonikoaren bitartez bihurtzen da taldekide. Elizako hierarkak familia nobleetan jaioak izan ohi ziren, eta behe-mailako kleroa, ordea, herri xehean.
Pribilegiodun hauek ordura arteko aberastasun mota nagusia —lurra— kontrolatzen zuten. Goi-mailako nobleak latifundistak izan ziren sarritan.
- Hirugarren estatua edo herri xehea estamenturik handiena zen, eta askotariko gizarte-taldea: kide batzuk aberats samarrak ziren, eta beste batzuk oso pobreak (soldatapeko langileak, eskaleak, talde marjinatuak...), baitziren. Gizarte talde honetako kideek aberastasuna ekoizten zuten –gehienak nekazariak ziren garai hartan, eta gutxi batzuk industriako langileak–, eta zergak ordaintzen zituzten.
Burgesia Erdi Arotik hirietan —burguetan— garatutako taldea zen, industriatik (artisautzatik) eta, batez ere, merkataritzatik bizi zena. Burgesak gizartean pentsaera kritikoaren sortzaile nagusiak izan ziren; Ilustrazioa eta liberalismoa burgesek bultzatutako pentsaerak izan baitziren; haien aberastasunaren eta botere politiko eskasaren arteko desoreka aldaketa sozial eta politikoen arrazoi nagusia izan zen. Europako herrialde aurreratuetan (Erresuma Batua, Herbehereak...), burgesiaren eragina handia zen. Espainiaren antzeko herrialde atzeratuetan, ordea, burgesia talde txikia zen, kide gutxi eta normalean kontserbadoreak. Burgesiaren ahulezia hori garapen ekonomikorako edota aldaketa politikorako oztopo handia izan zen.
Nork merezi du gizartearen gobernua? Gutxienez, bi ikuspegi daude: aristokrazia eta meritokrazia.
- Aristokrazia: Ahalmenik hoberena dutenen agintean oinarrituta dagoen gobernu-mota da; aristokrazia gizarte bateko boteretsuenen taldearekin identifikatzen da, historikoki agintea familia gutxi batzuen artean heredatu denez, nobleziaren sinonimoa izan da.
- Meritokrazia: Agintariek lehenago haien lanbidean edo gizartean lortutako beste arrakasta batzuei esker aginte hori merezi dutela frogatzen dutenen gobernu-mota da.
Iraultzaren etapak
Asanblada Nazionalaren aldia (1789-1792)
Estatu Orokorrak ez ziren aspaldidanik bildu. Baina krisiak hori aldatu zuen. Estamentuen ordezkarien artean, bi polemika egon ziren:
- Nola bildu behar ziren?
- Nola bozkatu behar zuten?
Pribilegiodunekin oso haserre zeudelako, hirugarren estatuaren ordezkariak matxinatu ziren, eta haiek Asanblada Nazionala aldarrikatu zuten; herritar guztien ordezkariak eta ez gizarte talde jakin batenak zirela zioten; Versaillesko pilotaleku batean zin egin zuten haiek ez zutela konstituzio bat idatzi arte etsiko.
- Bastillaren aurkako herri erasoa.
- 1789ko udan, baserritarren altxamendu armatua.
Asanblada Konstituziogileak antolaera berria sortu zuen; adibidez, Herritarren Eskubideen Adierazpena promulgatu zuen. Atzerritik iraultzaren kontra konspiratu nahian, erregea saiatu zen atzerrira ihes egiten. Sentimendu antimonarkikoak gora egin zuen. Asanblada Konstituziogilea desegin zen. Hauteskundeetatik, legebiltzar berria sortu zen.
Frantzia mehatxu iraultzailea zelako, Austriak eta, gero, Prusiak gerra deklaratu zioten Frantziari.
Konbentzioaren aldia (1792-1794)
Sans Culotteek Tuilerietako jauregiaren kontrako eraso bat egin zuten. Iraultza erradikalizatu zen (monarkia ezabatu zuten, eta parlamentu berri bat –Konbentzioa– aukeratu zen); legebiltzar berriak botere exekutiboa ere zuen, eta errepublikaren erakunde nagusia zen. Konbentzioaren barruan, hiru talde nagusi bereizten ziren:
- Girondinoak.
- “Lautada”.
- Jakobinoak.
- Girondinoak: Talde honetako kideak moderatuak ziren, eta egitura federal baten aldekoak.
- “Lautada” (legebiltzarreko beheko aldean eserita zeudelako) beste bi taldeen artean neutraltasuna mantendu nahi zuen alderdi zentrista zen.
- Jakobinoak edo menditarrak errepublika demokratiko baten defendatzaile erradikalak eta sans culotteen aliatu politikoak ziren, egitura zentralista bat defendatzen zutenak. Haien lider famatuena Robespierre zen.
Konbentzio girondinoa (1792-1793)
1792ko irailetik 1793ko ekainera bitartean, girondinoen eta jakobinoen arteko norgehiagoka bat egon zen. Jakobinoek presionatu zuten erregea exekutatzeko. Honek Europako monarkiak are gehiago beldurtu zituen, eta, ondorioz, iraultzak etsai berriak bereganatu zituen. Frantziako barne-egoera asko gaiztotu zen:
- La Vendée lurralde monarkiazalea matxinatu zen, eta altxamendua gogor zapaldu zuten.
- Iraultzaren ustezko etsaien aurkako jazarpena handituz zihoan.
- Ekonomiaren egoera larria zen.
Robespierre jakobinoaren zuzendaritzapean, herritar haserretuen talde batek konbentzioa setiatu zuen.
Konbentzio jakobinoa (1793-1794)
Behin boterean, jakobinoek konstituzio erradikal bat indarrean ipini nahi zuten; konstituzio hark printzipio demokratikoak inposatu nahi zituen. Kanpoko mehatxu militarraren eta Frantziaren barruko kontrairaultzaileen aitzakiarekin, gobernu berriak izua zabaldu zuen; atxiloketak, jazarpena eta exekuzioak egon ziren menditarren agintaldian. Gatazkak jakobinoen artean ere agertu ziren. Jakobinoen etsaiak aliatu ziren, eta boteretik kendu zituzten indarrez (1794ko termidorean). Robespierre bera eta bere kolaboratzaileak atxilotu, epaiketarik gabe gilotinatu zituzten.
Egutegi errepublikarra: Frantzian, iraultzaile haiek gizartea asko aldatu nahi izan zutenez, egutegi berri bat ere sortu zuten. Egutegi hura 1793tik 1805ra bitartean indarrean egon zen. Abiapuntua errepublikaren aldarrikapena (1792-09-22) izan zen. Hilabeteen izenak urtaro bakoitzean zegoen naturako elementu bati erreferentzia egiten zion frantsesez, eta urtaroaren arabera izenen atzizkia bestelakoa zen, -aire (udazkena), -ôse (negua), -al (udaberria) eta -idor (uda). Esate baterako, uztailari egutegi berrian termidor (beroaren hilabetea) deitzen zitzaion, eta brumaire —brumarioa— (lanbroaren hilabetea) azaroari.
Errepublika kontserbadorearen aldia (1794-1799)
Termidorreko konbentzioa (1794ko uztaila - 1795eko urria)
Burgesia kontserbadoreak iraultza amaitu nahi zuenez, talde erradikalak ezabatu zituen. Sans Culotteak indargabetu, eta lehenago jakobinoek hartutako erabakiak abolitu zituzten. 1795eko konstituzioarekin, “hoberenen gobernua” ezarri nahi zuten. Sufragio zentsitarioaren bidez aukeratutako bi ganberako parlamentua (Bostehunena —diputatuak— eta Zaharrena —senatua—) eta direktorio bat (bost kide zituen gobernua) egongo ziren.
Direktorioa (1795eko urria - 1799ko azaroa)
Aldi honetan, direktorioak indarrez inposatu zuen bakea; matxinadak eta erradikalen mehatxua hor zeuden-eta. Hura ezegonkortasun handiko garaia izan zen. Ospe handia lortu zuen militar batek estatu-kolpe bat egin zuen, 1799ko brumarioaren 18an. Bonaparteren estatu-kolpeak iraultza amaitu zuen, eta bere agintaldia hasi zen.
Bonapartismoa (1799-1815)
1799ko brumarioaren 18an (1799ko azaroaren 9an) gertatutako estatu-kolpeak iraultza amaitu zuen, eta Napoleonen agintaldia hasi zen. N. Bonapartek lasaitasuna ekarriko ziela esan zien frantsesei. Hiru kontsul zituen gobernu bat eratu zen. Beste bi kontsulak (Ducos eta Sieyès) baztertu zituen. Hasieratik, botere pertsonala handitzen saiatu zen. Kontsul bakarra izatea lortu eta gero, biziarteko kontsula izan zen, eta, azkenean, bere burua enperadore izendatu zuen.
Napoleon Alpeak zeharkatuz - Jacques-Louis David-en artelan propagandistikoa.
Bonaparteren gobernua ideia liberalen eta ezaugarri absolutisten nahasketa izan zen. Hark Frantziarentzat nazioartean nagusitasuna lortu nahi zuen, eta nagusitasun hori bere arrakasta pertsonalarekin lotu.
Barne-politika
Bonaparteren gobernu autoritarioak Frantziaren barruan zentralizazio politikoa eta batasun administratiboa lortzeko zenbait erreforma egin zuen. Erreforma horien eragina gaur egun mantentzen da. Adibidez, kode zibila promulgatu zuen, eta hezkuntza sistema zentralizatua antolatu zen.
Kanpo-politika
Nagusitasun frantsesa lortzeko, Bonaparteren politika erasokorra eta espantsionista izan zen. Europako mapa politikoa hankaz gora jarri zuen. Europako beste herrialde batzuk menperatu, eta monarkia batzuk eraitsi eta tronuan bere armadako ofizialak edota familiako kideak jarri zituen. Printzipio liberalak zabaltzeaz gain, Europako leku askotan altxamendu nazionalistak eragin zituen. Frantziaren kontrako aliantza multinazional bat sortu zen. Errusiako kanpainak Bonaparteren gainbehera hasi zuen.
Napoleon Bonapartek etsai asko bere aurka bategitea lortu zuen. Wellingtongo dukearen zuzendaritzapean, haren aurka borrokatu zen aliantzak boteretik urrundu zuen behin-betiko, 1815ean, Waterloo-ko garaipenaren ondorioz.
Napoleon erbestera Bellerophon ontzian eraman zuten - William Quiller Orchardson-en margolana.
Britainiarrek Napoleon oso leku urruti batera (Santa Helena) eraman zuten preso, eta han hilgo zen, 1821eko maiatzean.
Berrezarkuntza
Napoleonen aurka borrokatu ziren monarkiak Europako mapa politiko zaharra berrezartzeko elkartu ziren. Metternich austriar ministroak antolatutako Vienako Biltzarrean (1815) erabaki zuten nola berreraikiko zuten Europa. Berrezarkuntza botere atzerakoien ekimena izan zen. Han bildutakoen helburu nagusiak honako hauek izan ziren:
-Napoleon Bonapartek eraitsitako dinastiei tronua itzultzea. -Napoleonek mapa politikoko mugetan egin zituen aldaketak ezabatzea. -Liberalismoaren hedapena gelditzea eta absolutismoa berrezartzea. Vienan erabakitako ordena ez zen iraunkorra izan, etorkizuneko mugak bestelakoak izango baitziren eta monarkia haiek ezin izan zuten liberalismoaren hedapena gelditu; Europako herri askotan Estatu
berriak sortuko zituzten mugimendu nazionalistak agertu ziren eta hurrengo hamarkadetan iraultza liberal berriak egingo zituzten.