Antzinako Erregimenaren gainbehera eta Fernando VII.aren itzulera
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 9,64 KB
Antzinako Erregimena XVIII. mendeko antolaketa politiko (absolutismoa), ekonomiko (askatasun eza eta burgesiaren haserrea) eta soziala (estamentuak eta pribilegioak) zen. Politikari dagokionez, erregearen botere absolutua zen ezaugarri nagusia (bera zen subiranoa) eta, beraz, bere aginduz sortzen ziren gobernuak, legeak, epaitegiak eta gerrak; hau da, erabaki politikoak hartzeko gaitasuna zuen. Honi absolutismoa edo monarkia absolutista deitzen zaio.
Bestalde, gizartea estamentuzkoa zen, pribilegiatuen eta ez-pribilegiatuen arteko banaketa ematen zen.
- Pribilegiatuek, noblezia eta kleroa, ez zituzten zergarik ordaintzen, goi karguak okupatzen zituzten eta lur handien jabeak ziren.
- Aldiz, ez-pribilegiatuek, nekazariak, hirietako langileak eta burgesak, zergak ordaindu behar zituzten eta ez zuten politikan parte hartzeko eskubidea.
Azkenik, ekonomian, gremio sistemak eta askatasun ezak talde batzuei mesede egiten bazien ere, burgesei kalte egiten zien. Eliza katolikoaren boterea ere oso zabala zen; haren esku zeuden hirietako eraikin asko, eta nekazariek hamarrena ordaindu behar zuten.
XVIII. mendearen amaierako krisia
XVIII. mendearen amaieran, Antzinako Erregimena kolokan jarri zen, Independentzia Gerraren eta Ilustrazioaren ideien ondorioz. Ideia horiek botereen banaketa, liberalismo ekonomikoa, klase sozialak, meritokrazia eta berdintasun politikoa eta askatasuna sustatzen zituzten. Ideia horiek Frantziako Iraultzan inspiratutako ideologia liberalaren hedapena ekarri zuten.
XVIII. mende bukaeran, ideia liberalen eraginez, erreformak egin ziren Antzinako Erregimenaren sisteman. Frantzian, aldaketa horiek iraultza batek ekarri zituen: 1789an Frantziako Iraultza piztu zen, eta monarkia bera ere erori zen. Honen ondorioz, noblezia eta kleroaren pribilegioen bukaera aldarrikatu zen, eta botere banaketa ezarri zen. Hori dela eta, herritarren berdintasun juridikoa eta subiranotasun nazionala aldarrikatu ziren; orain boterea herritarrek zuten, eta ez erregeak. Gainera, Elizaren lurrak konfiskatu eta saldu ziren, eta herritarrek osatutako armada sortu zen. Frantziako Iraultzaren eraginez, Antzinako Erregimena krisian sartu zen, Espainian eta Euskal Herrian ere. Espainiako monarkiak bakartze politika erabili zuen ideia liberalak ez hedatzeko: Karlos IV.ak mugak itxi zituen, erreformak baztertu eta neurriak hartu zituen. Beste alde batetik, Manuel Godoy-k politika aldaketa ezarri zuen San Ildefonsoko Itunan (1796), honetan Frantziarekin aliatu ziren bere etsaiaren, Britainia Handiaren, aurka. Espainia, Frantzia eta Ingalaterraren arteko gerran nahastuta, hainbat porrot jasan zituzten itsas guduetan, hala nola, Trafalgarreko hondamena (1805eko urriaren 20an), Espainiaren eta Amerikako kolonien arteko merkataritza eten zuena. Ondorioz, Napoleonek bere estrategia aldatu zuen Britainia Handia bakartzeko: 1806ko Berlingo Dekretua sinatu zen, non Blokeo Kontinentala ezarri zuen, britainiarrak ezin ziren Europako portuetan hornitu eta, horrela, haien ekonomia itoaraziko zuen. Baina Portugal, Britainia Handiaren aliatua, ez zuen onartu, eta Napoleonek lurralde hori inbaditzea erabaki zuen.
Napoleonek Portugal inbaditzeko asmoz, Fontainebleauko Ituna sinatu zuen Godoyrekin 1807an. Frantziako armadak Penintsulan sartzeko baimena zuen, eta Portugalera bidean, Espainiako lurralde batzuk okupatu zituzten frantsesek, eta Godoy honetaz ohartu zen. Ondorioz, Espainiako monarkiaren inguruko bi taldeen arteko tentsioa areagotu zen: Godoy (ilustratuak) eta Karlos IV.aren aldekoak versus Fernandoren aldekoak.
1808an, Karlos IV.a eta Fernando VII.a abdikatzera behartu zituen Napoleonek, Jose Bonaparte errege izendatuz. Horrek maiatzaren 2ko altxamendua eta Independentzia Gerra eragin zituen. 1808-1814 artean, espainiarrek frantsesen okupazioaren aurka borrokatu zuten, irabaziak eta gerrilla taktika erabiliz. Gerraren ondorioak izugarriak izan ziren demografia, ekonomia, politika, gizarte eta ondare mailan. Gerra Zibilarekin batera, Espainiako historia garaikidea markatu duen gertaera izan zela esan daiteke. Jose I.ak errege konstituzional bezala agindu zuen, eta Baionako Estatutua izeneko Konstituzio modukoa (berak idatzia, Gorteek ez onartua) edo gutun aitortua egin zuen. Antzinako Erregimena deuseztatzeko eta ilustratuak erakartzeko erreformak egin zituen, baina ez zuen herriaren gehiengoaren sostengua lortu. Jose Bonapartek ez zuen ospe onik; Pepe Botella deitzen zioten.
Independentzia Gerra eta Cadizko Gorteak
Abertzaleek bazekiten gerra irabazteko ezinbestekoa zela boterea zentralizatzea eta osatzea ere bai. Hori dela eta, Gorteak deitu ziren, eta Penintsulako eta Amerikako probintzietako junten delegatuek Junta Zentrala osatu zuten 1808ko irailaren 25ean, Cadizen kokatuta. Frantziar armadak lurraldearen zati handiena okupatua zuenez, Junta Zentralak Cadizen babesa bilatu zuen, armada ingelesak babestutako hirian. Baina barneko arazoak zirela eta, hau desegin eta 5 kideko Erregeordetza osatu zen 1809ko urtarrilaren 30ean. Juntaren azken erabakia espainiar gorteak deitzea izan zen.
Gorteak deitu zirenean, ordezkarien artean bi joera handi bereizten ziren:
- Liberalak: Erreformen aldekoak ziren, eta Gorteetan nagusitasuna izan zuten (erdi klaseak eta intelektualak).
- Absolutistak: Monarkia absolutuaren aldekoak ziren. Gerraren ondorioen eraginez, goi-nobleziak eta eliz hierarkiak ordezkapen eskasa izan zuten. Gainera, ez zeuden ez herritar-sektorerik, ezta emakumerik ere.
Liberalek ez zuten frantsesen esku-hartzea onartu, baina ideia iraultzaileak bai, liberalismorako bidea martxan jarriz. Nazio-subiranotasuna aldarrikatu zuten; hau da, Gorteek nazio osoa ordezkatzen zuten (ez estamentuak), eta, beraz, erabaki politikoak hartzeko gaitasuna nazioan zegoen. Antzinako Erregimena eraisteko oinarriak ezarri ziren: dekretuak eta 1812ko Konstituzioa.
1812ko Konstituzioa
1812ko Konstituzioa ("La Pepa"), 1812an onartu zen, San Jose egunez, eta Cadizko Konstituzioa edo "La Pepa" bezala ezagutu da handik aurrera. Espainiako lehenengo Konstituzioa eta munduko hirugarren konstituzio liberala da. Konstituzio honen oinarriak hauek izan ziren: nazio-subiranotasuna (boterearen jatorria nazioan zegoen) eta norbanakoen eskubideen onarpena (oso mugatua zen). Gainera, 25 urtetik gorako gizon askeek osatzen zuten espainiar nazioa, bi hemisferiotako biztanleak zituena (Europakoak eta Amerikakoak). Antzinako Erregimenean erregea subiranoa bazen ere, Konstituzioak botere banaketa ezarri zuen:
- Legegilea: Gorteek eta erregeak zuten.
- Betearazlea: Erregeak zuen (mugatuta).
- Judiziala: Epaitegi independenteei eta auzitegiei zegokien.
Konstituzio honen bitartez, ordezkariek ziurtatu nahi izan zuten erregea itzulitakoan ezin izango zuela botere absolutua bereganatu. Konstituzioak hainbat aldaketa ekarri zituen Espainian: estatua konfesionala bihurtu zen (erlijio katolikoa estatuko bakarra zen), gizonezkoen zeharkako sufragio unibertsala ezarri zen, milizia nazionalak sortu ziren erregimenaren babesa lortzeko, eta barne aduanarik gabeko merkatua areagotu zen.
Independentzia Gerra Euskal Herrian
Independentzia Gerran, Euskal Herrian, frantses okupazioaren aurrean, gizartea zatitu zen. Jarrera ezberdinak agertu ziren:
- Hirietan (Bilbon eta Donostian): Merkatal-burgesia bizi zen (erreformistak ziren, Napoleonen aldaketen aldekoak), eta frantsestu egin ziren.
- Herrietan: Nekazariak eta kleroa zeuden, eta frantses eta frantsestuen aurka zeuden (tradizioak galtzeko beldur ziren).
- Agintari foralak: Hasieran erdian, azkenean frantsesen aurka eta matxinatuen alde egin zuten, foruak galtzeko beldur zirelako.
Donostia eta Gasteiz frantsesen menpe zeuden, Bilbo eskuz aldatuz joan zen bitartean. Frantsesek foru sistemak eta pribilegioak kendu zituzten; hauek alde egitean, berreskuratu zituzten.
1808an, Napoleonek aginduta, Espainiako jabe handiak eta erakunde nagusien ordezkariak Baionan bildu ziren Baionako Estatutua (nolabaiteko Konstituzioa) onartzeko. Euskal ordezkariek foru-erregimena defendatu zuten. Baionako Estatutuan, foruen moldaketa hurrengo gorte batzar baterako utzi zen. Lurralde-berrantolaketa eta foru-erakundeak indargabetzea, 1810ean, Napoleonek Frantziako Inperioa hegoaldera zabaltzeko asmoa ekarri zuen, eta Ebro ibaian egokitu zen muga berria. Euskal lurraldeak Frantziako gobernadore militarren esku geratu ziren. Foru erakundeak (Batzar Nagusiak eta Diputazioak) legez kanpo geratu ziren. Honen ondorioz, Nafarroan gerrilla ugari sortu ziren, eta erakunde frantsesak ezin izan ziren finkatu. 1813an, Gasteizko eta San Martzialeko (Irun) guduetan garaituak izan ondoren, frantsesek alde egin zuten. Frantsestuak eta erreformatzaileak ere galtzaile atera ziren.
Erregearen itzulera eta absolutismoaren berrezarpena: Fernando VII (1814-1833)
1813an, Valençayko Itunak Independentzia Gerrari amaiera eman zion, eta Napoleonek Fernando VII.a Espainiako errege gisa onartu zuen. Fernando VII.ak itzuli aurretik, erregeordeak eta Gorteak Madrilen ezarri ziren, baina berak Valentziara joan zen absolutisten babes bila. Valentziako dekretuaren bidez, maiatzaren 4an, Konstituzioa eta Gorteek onartutako legeak baliogabetu zituen, absolutismoa berriro ezarriz. Inkisizioa eta gremioak berrezarri zituen, eta Elizari lurrak itzuli zizkion, frantsestuen eta liberalen aurkako errepresioarekin batera. Fernando VII.aren erregetzan hiru etapa bereizten dira: Seiurteko Absolutista (1814-1820), Hirurteko Liberala (1820-1823), eta Hamarkada Doilorra (1823-1833).