Antzinako Arkitektura eta Eskultura: Grezia, Etruria eta Erroma
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Arte y Humanidades
Escrito el en vasco con un tamaño de 8,01 KB
Arkitektura Greziarra
Erabakigarria izan zen haren eragina mendebaldeko arkitekturaren historian zehar.
Ezaugarri Nagusiak
Greziarrek, edertasuna eta ordena, harmonia, oreka eta aldeen arteko proportzioa kontuan hartzen zituzten. Arkitektura greziarrak arkitrabe-estalki sistema bideratu zuen eraikinetan, eta garrantzi handia hartu zuten zutabeek, euskarri berezi gisa. Edertasun eta ordena horiek lortzeko hiru arkitektura ordena garatu ziren.
Eraikin Motak
Tenplua
Greziarrek jainkoaren etxea zuten tenplua; haren irudia gordetzen zen barruan, eta apaiz gutxi baizik ez ziren hartan sartzen. Kanpoan egiten ziren zeremoniak, etab. Atari modukoa zen pronaosa. Jainkoaren estatua kokatzen zen naos gelan. Opistodomos gela ez zen naosarekin komunikatzen. Opariak jainkoari gordetzen zitzaizkion bertan. Harriz egiten ziren tenpluak, eta oparo koloreztatzen ziren.
Adibideak aroka:
- Aro Arkaikoa: Paestum, Apolo tenplua Delfosen.
- Aro Klasikoa: Partenona, Atena Nike, Dionisos antzokia.
- Aro Helenistikoa: Zeusen aldarea Pergamon, Zeus Olinpiakoa Atenasen.
Antzokia
Santutegien osagarria zen, erlijio-izaerakoak baitziren aurkezpenak. Harmailek gainazpikaturiko kono moztu baten itxura zuten, eremu bateko malda naturala baliatuta, orchestra gune zirkular batetik gora abiatuta. Koruaren lekua zen orchestra. Harmailen aurrean eta orchestra baino gorago eszena zegoen, antzezleen kokalekua.
Adibidea: Epidauroko antzokia.
Hirien Egitura
Hesituriko mendi baten inguruan hedatu ziren hiri asko, babeserako batez ere, eta goi partean tenpluak kokatzen ziren. Etxebizitzak antzekoak ziren kanpotik denak, ez zeuden klase desberdinetan banaturik.
- Agora: Greziako hirietako bizitzaren plaza publiko zabala zen, Erromako foruen antzekoa. Bilera politikoak, trukeak eta zeremoniak egiteko erabiltzen zen. Atari zutabedunez inguraturik zeuden agorak; atari horiek Stoa izena zuten.
Aro klasiko eta helenistikoan, kale-ordena ortogonala eta osasun eta saneamendu irizpideak gogoan izan zituzten hirigintzan.
Eskultura Greziarra
Garai ilunak bizi izan ziren K.a. X. eta IX. mendeetan, mizenastarren nagusitasuna eten eta gero. Konkistako heroien ondorengoek ezarritako erregimen aristokratikoek agindu zuten. Geometrikoa zen garaiko artea, forma estereotipatuak eta antinaturalistak garatu zituena.
Aro Arkaikoa
K.a. 700. urte aldera hasi zen poli joniar batzuen eta Magna Graeciako kolonien hazkuntza sustatuko zuen merkataritza garatzen. K.a. 600. urtetik aurrera hirien aginteaz jabetuko ziren tiranoek. Horren bestelakoak ziren bi gizarte klase horien nortasunaren isla dira garai hartako eskulturak. Halako geometrizazioa, zurruntasuna, zakartasuna eta forma estereotipatuak ageri dituzte balio aristokratiko zurrun eta antidibidualisten araberako lanek. Naturalismorako bilakaera hasi zen.
Adibideak: Kouroi eta Kore.
Aro Klasikoa
Garai Zorrotza
K.a. 500. urtean. Motel baina sendo hedatu zuen bere eragina merkatarien klaseak. Eskultura arloan, bizkorrago garatu ziren joera naturalistak.
I. Klasizismoa
Periklesen mendea (K.a. 450 inguruan). Naturalismoa nagusitu zen, hala gorputzetan nola jantzietan. Harmonia, osotasunaren eta aldeen arteko oreka, begitarteen adierazkortasunik eza eta proportzio idealen bilaketa izan ziren ezaugarri nagusiak. Polikletoren lehen kanona. Gizasemeen irudietan gorputz gihartsuak eta orekatuak irudikatzen ziren.
Eskultore eta lan nagusiak:
- Miron (Diskoboloa)
- Polikleto (Doriforoa, Diadumenos - 7 buru)
- Fidias (Atenaren eta Zeusen estatuak)
II. Klasizismoa
Peloponesoko gerran Atenasek Espartaren aurrean porrota onartu behar izan zuenean eta Alexandro Handiaren heriotzaren artean koka dezakegu. Artean alderdi sentsualagoa garatu zen, eta beste kanon bat sortu zen eskulturan.
Eskultore nagusiak:
- Praxiteles (Hermes eta Dionisos, Knidoko Afrodita)
- Leokares
- Eskopas
- Lisipo (Apoxiomenos - 8 buru)
Helenismoa
Alexandro Handiaren heriotzaren eta haren inperioaren banaketaren arteko urteetan. Merkataritzan oinarrituriko ekonomia moldea hedatu zen garai hartan. Bizirik iraun zuen betiere molde klasikoen aldeko joerak eta eredu horien kopiak egin ziren, baina lanak biziagoak, konposizio dinamikoagoak, sentsualagoak, adierazkorragoak eta estilizatuagoak ziren, elementu dramatikoekin.
Adibideak: Miloko Venusa, Zeusen aldarearen frisoa, Hagesandro, Atenodoro eta Polidoro (Laokonte eta semeak).
Etruskoen Artea
K.a. VIII. mendean kokatu ziren, Magna Graecian. Nabaria zen haien artelanetan greziarren kutsua eta eragina. Hileta-erritu eta ehorzketekin bereziki loturiko artea zen hura. Tumulu itxurako hilobi handiak eraikitzen zituzten, freskoz dekoratuak eta etxe baten egituraren antza zutenak. Terrakotan landuriko sarkofagoak ere aurkitu dira. Greziarren aro arkaikoko moldeekin alderatuta, plastika etruskoak berezko zituen irribarrea eta almendra itxurako begiak. K.a. VI. mendean gorakada ekonomiko ikusgarria ezagutu eta gero, erromatarrek asimilatuz joan ziren K.a. V. mendetik aurrera.
Arkitektura Erromatarra
Ordenak eta Materialak
Ordena greziarrez gain, bi ordena garatu zituzten: toskanarra (doriarraren eitekoa, baina Italian garatua) eta Ordena konposatua (kapitel kiribil joniarra eta akanto hosto korintiarrak konbinatzen dituena). Materialei dagokienez, harria erabili zuten hormen estaldura gisa, adreilua egituretan, eta zementua eta harri konbinatua lan askotan. Arkitrabe-sabaiak erabili zituzten, baina baita erdi puntuko ganga, ertz ganga eta maskorren gaineko kupula ere.
Obra Zibil Handiak
Antzokia
Erdi-zirkularrak ziren erromatarren antzokiko harmailak, arku-sailen eta erdi-puntuko gangen gainean eraikiak. Adibidea: Meridan dagoen antzokia.
Anfiteatroa
Antzokiaren egitura bikoitza zen, oin eliptikoa zuena. Gladiadore eta piztien arteko joko eta ikuskizunen gertalekua zen. Adibidea: Koliseoa.
Zirkua
Luzea zen, hipodromo gisa erabiltzen zen koadrigen lasterketetarako. Adibidea: Circus Maximus.
Termak
Bainu-eraikin handiak ziren, garbitzeko eta kirola egiteko erabiltzen zirenak. Adibidea: Caracallako termak.
Basilika
Hiru nabeko eraikina zen, erdikoa garaiagoa, negozio mota batzuetarako erabilia. Lehen kristau elizak eraikitzerakoan, basilika eredua hartu zuten oinarri. Adibidea: Maxentzioren basilika.
Tenplu Erromatarra
Tenplu etruskoen eta greziarren tipologiakoak ziren. Ordena toskanarraz gain, korintiarra eta gainerako ordena greziarrak ere erabili zituzten. Adibideak: Fortuna Virilis, Agriparen Panteoia, Maison Carrée.
Etxebizitzak
Domus edo etxe patrizioa (patio baten inguruan antolatzen ziren gelak, sarreran officinae zituen) eta insulae (egungo etxebizitza blokeen antzekoak) ziren erromatarren etxe tipikoak.
Oroigarriak
Oroigarri gisa, garaipen arkuak eta oroitzapen-zutabeak eraiki zituzten. Bide garrantzitsu batean eraiki ohi ziren eskuarki, azpitik igarotzeko aukera eskaintzen zuten. Arkuak bi via elkartzut nagusien arteko gurutzabidean goratzen bazen, tetrapilos izena hartzen zuen, lau irekigune baitzituen.
Hirigintza
Alorrean, kanpamendu militarren egitura hartu zuten oinarritzat, kale elkartzutez bilbaturiko oin laukizuzenaren barruan antolatzen zirela. Harresiaren barruko hirian, kaleak lauki batean egituratzen ziren, eta erdian Foroa edo gune zabala zegoen.
Ingeniaritza-lanak
Akueduktuak, zubiak eta galtzadak eraiki zituzten, besteak beste.