Antzin euskararen berreraiketa: paradigma berri baten beharra?
Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,51 KB
Sarrera
Euskarak ahaide ezagunik ez duenez, haren historia aztertzeko bide ohikoena, hau da, hizkuntzen arteko erkaketa, ez da oso emankorra. Hala ere, badaude bestelako hurbilketak, hala nola, barne berreraiketa. Euskalaritzan, ordea, barne berreraiketaren garapena mugatua izan da, bai beharrezko filologia lanak berandu arte garatu ez direlako, bai oinarri den teoria linguistikoaren aitzinamendua eskasa izan delako.
AEM: Berreraiketa eredua
1950ean, Martinetek latinaurreko euskal herskarien inguruko artikulu berritzailea argitaratu zuen, eta Mitxelenak, haren oinarriak sendotuz, AEMren sistema fonologikoa proposatu zuen:
- Bortitzak: () T C ´C K N L R
- Ahulak: p t s ´s k n l r h
Eredu hau izan da, eta funtsean oraindik ere bada, azken 2000-2500 urteetako euskararen bilakaera eta antzin euskararen egitura deskribatzeko erabiltzen duguna. Eredu honek ehunka etimologia berri eman ditu, eta lehenagoko asko hobetu edo ezeztatu, nahiz eta azken urteetan bere azalpen boterea agortzen hasi den. Maileguen ikerketak berebiziko garrantzia izan du, hizkuntza hartzailearen historia argitzeko erabiliz. AEMren ikerketa, ohituraz, "barne berreraiketaz" garatu bada ere, berreraiketa mistotzat jo daiteke.
Paradigma berriaren oinarriak
Forma kanonikoa
Arbelaiz (1978) eta Mitxelenaren Obra Guztiak (2011) aztertuta, hainbat kontraesan eta polimorfismo agertzen dira etimologian: monosilaboak, bisilaboak, polisilaboak... Morfemen askatasuna ia erabatekoa da antzin euskarazko jatorrizko formak proposatzerakoan, baita Uhlenbecken-en (1942) euskal hitz-sailen aurkezpenean ere. Forma kanonikoaren ikerketak aurrerapen handiak ekarri ditu beste hizkuntza familia batzuetan, eta Lakarrak (1995) antzeko ikerketa proposatu zuen antzin euskararentzat, CVC erro monosilaboa oinarri hartuta. Horrela, erro berriak lortu ziren (*han, *ger, *bur...), lehendik ezagunak ziren erro familien zabalkuntza gertatu zen (*bel: ubel, orbel, sabel, gibel...), mailegu berriak identifikatu ziren (sorbalda < soin-malda; hezur < *enazur < *(b)e(r)na-zur) eta gramatika zaharraren aztarnak antzeman ziren (erreduplikazioak: odol, zezen, gogor, ahal, ohol; aurrizkiak: gi-, la-, sa-).
Forma kanonikoaren azterketak eta tipologia holistiko diakronikoaren erabilerak antzin euskararen berreraiketa sakonagoa eta euskararen historiaurrearen ezagutza aberatsagoa ahalbidetzen dute.
Kronologia
Mitxelenak 1981ean EBZren (euskal hizkuntzen berreraiketa) beharra aldarrikatu zuen. Hala ere, Lakarrak metodoari buruzko hainbat gogoeta egin ditu:
- EBZ ez dago linguistikoki behar bezala definituta AEMrekiko, eta testuinguru geografiko eta historikoa historialarien esku utzi da.
- EBZren zatikatzea ez zen gertatu zortzi, sei edo hamabi adarretan, adarkatze bakar batean. Adarkatze bikoitza da ohikoena hizkuntza familietan, eta hori euskal dialektologian aplikatzeak ikuspegi okerrak baztertu eta hurbilketa historiko-filologiko aberatsagoa ahalbidetuko luke.
Gramatikalizazioa
Gramatikalizazioaren azterketa oso emankorra izan da hizkuntza aldaketa ulertzeko, eta euskalaritzan ere arreta gehiago merezi du. Berreraiketaren ikuspuntutik, forma kanonikoarekin eta tipologia holistikoarekin batera erabilita, onurak nabarmenak dira, fonologia, semantika, morfosintasuna eta pragmatika barne hartzen baititu.
Euskarak, lekukotasun urriak eta berankorrak dituenez, gramatikalizazioa bezalako hurbilketa orokorrak ezinbestekoak dira bilakabideak eta erlazioak berreskuratzeko.