Antropologia Filosofikoa: Zer da eta Zergatik da Garrantzitsua?
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,68 KB
Zer da Antropologia Filosofikoa?
Filosofia teorikoaren alor bat da, gizakiari buruzko gogoeta filosofikoa helburu duena. Gogoeta horren xedea erradikala eta unibertsala izatea da, hau da, gizakiaren ezaugarri berezkoak eta berariazkoak zein diren jakitea. Horretarako, alde batera uzten ditu bizi izan dituen egoera historiko, soziologiko eta politikoak. Antropologia Filosofikoa gizakiak bere buruaz egiten duen gogoeta bat da.
Hainbat zientziatatik datozen datuak erabiltzen ditu, datu horien artetik gizakiari berariazkoak zaizkionak bereizteko. Adibidez:
- Biologia
- Soziologia
- Psikologia
- Arkeologia
- Historia
Lan zaila da, gizakiaren gaitasunak, ezaugarriak eta aukerak direla eta, haren errealitatera hurbiltzeko hainbat modu baitaude. Baina garrantzitsua da lan horri ekitea, gure buruari egiten dizkiogun galderen laburpen eta oinarri baita.
Antropologia Filosofikoa Alemanian Max Schelerren eskutik (Alemanian, 1874-1928) sortu zen korronte filosofiko bati deritzo. Korronte horren asmoa filosofia eta zientziaren arteko zubi izatea zen. Horren bidez, gizakiaz arduratzen diren zientzia guztien ikerketa-helburuak filosofiak finkatzea proposatzen zuen.
Gizakiaren ideia bateratuaren arazoa
Gainerako izakiengandik bereizten gaituzten alderdi askoren inguruko informazio ugari dugu. Gizakia ulertzeko, hainbat modu eskaintzen dizkigute: natura-zientziek, giza-zientziek, erlijioek, arteak eta mitologiak ere.
Gizakia izateak zer esan nahi duen definitzen saiatzen garenean, hiru ideia-iturritatik abiatzen gara:
- Tradizio judu-kristaua: Jainkoak sortu duen gizakiaz mintzo zaigu. Erlijiozko antropologia bat sortu zuen.
- Antzinate klasikoko tradizioa: Gizakiak unibertsoan duen kokaleku berezia defendatzen du, gizakia baita logosa duen bakarra: arrazoimena eta hizkuntza. Tradizio horretatik dator izaera filosofikoa duen antropologia.
- Zientziaren ekarpena: Gizakia eboluzioaren emaitza berantiartzat hartzen dute; harengan biltzen dira naturako nolakotasun garatuenak. Ekarpen horien ondorio da Antropologia.
Schelerrek defendatzen zuen ez daukagula gizakiaren ideia baturik, hau da, bateraezinak diren ideia multzoak soilik. Schelerren arabera, akatsa aldebakarrekotasuna da, haien partzialtasuna: giza errealitatearen ikuspuntu bakarra ematen digute. Hori dela eta, Scheler gizakiaren ideia bateratua ematen saiatu zen, bi ezaugarritan oinarriturik, bata bestearen gainetik jarri gabe:
- Gizakia da energia ematen duen bizitza, bulkada eta sena.
- Gizakia da askatasuna den espiritua eta ekintza.