Album ilustratuen ezaugarriak eta elementuak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Plástica y Educación Artística
Escrito el en vasco con un tamaño de 8,82 KB
Album motak
- Simetrikoa: Testuak eta irudiak informazio bera adierazten dute, eta batak bestea errepikatzen du. Irakurleak testua kenduta ere istorioa ulertu dezake, eta alderantziz. Ohikoa da haur-literaturan, non irudiak testuaren osagarri gisa agertzen diren, baina informazio berririk gehitu gabe.
- Osagarria: Testuak eta irudiak elkar osatzen dute, bakoitzak informazio zati bat emanez. Esanahia bi kodeen arteko uztarketaren bidez osatzen da, eta batek bestearen hutsuneak betetzen ditu. Hau ohikoa da istorio konplexuagoetan, non irudiek ez duten soilik testua ilustratzen, baizik eta informazio berria gehitzen duten.
- Hedatua: Ikusizko kodeak hitzezkoa laguntzen du eta alderantziz. Informazioa bi bideetatik zabaltzen da, eta istorioa osotasunean ulertzeko beharrezkoa da biak kontuan hartzea. Narrazioa sakontzeko erabiltzen da, testuak eta irudiek gertaera edo xehetasun desberdinak azpimarratzen dituztelako.
- Kontrapunteatuta: Testua eta irudia elkarren menpe daude, baina ez dute zertan bat etorri behar. Irudiek testuak adierazten duena kontrastatu edo zalantzan jar dezakete, ironia edo interpretazio berriak eskainiz. Album ilustratu garaikide askotan erabiltzen den teknika da, irakurlearen parte-hartzea eskatzen duena.
- Sileptikoa: Testua eta irudia independenteak dira, bakoitzak bere esanahia duela. Irakurleak bi kodeak banaka ulertu ditzake, baina bien arteko lotura subjektiboa izan daiteke.
Tipologia nagusiak
- Album ilustratua: Testua eta irudia elkarren ondoan aurkezten dira, baina testuak pisu handiagoa du. Narrazioa testuaren bidez garatzen da, eta irudiak hori laguntzeko sortzen dira. Irakurleak testua ulertzea ezinbestekoa da istorioa jarraitzeko. Haurrentzako album ilustratu klasikoetan oso ohikoa da, non testua nagusi den eta irudiek eszenak azaltzen dituzten.
- Album narratiboa: Testua eta irudia egile eta ilustratzaile desberdinek sortzen dituzte, baina bi elementuen konbinazioaren bidez osatzen da narrazioa. Irudiak ez dira testuaren errepikapen hutsa, baizik eta istorioa ahalik eta hobekien kontatzeko egokituak. Komeni da irakurleak bien arteko harremana ulertzea, horrela istorio osoa interpretatu ahal izateko.
- Album grafikoa: Testua eta irudia guztiz uztartuta daude, eta albumaren osotasuna pentsatuta eta diseinatuta dago. Testua irudien barruan sar daiteke, eta narrazio osoa ikusizko konposizio batean oinarritzen da. Irudiak pisu handia du, eta testua elementu osagarri gisa erabiltzen da.
Testu eta irudiaren arteko harreman semantikoa
- Uztarketa: Testua eta irudia konposizio bisual bateratu eta orokor bat osatuz integratzen dira. Kasu hauetan zailagoa da testuaren eta irudiaren arteko irakurketa-lehentasunak ezartzea, baita narrazioaren denbora-sekuentziazioa aintzat hartzea ere.
- Erredundantzia: Testuak eta irudiak informazio bera ematen dute, album ilustratuetan ohikoa dena. Hala ere, kontuan izan behar da ez dagoela bi kodeen arteko erabateko erredundantziarik.
- Osagarritasuna: Testuak eta irudiak narrazioaren alderdi desberdinei buruzko informazioa eskaintzen dute; hortaz, biak dira beharrezkoak istorioaren esanahi globala ulertzeko. Kodeetako batek bestearen hutsuneak betetzen ditu, eta irakurleak bi mezuak fusionatu beharko ditu. Esate baterako, Kiratsa (Perez Adeletx eta Illarramendi, 2022) albumean Eider Perez Adeletxen testuak soilik pertsonaien hitzak eta haien arteko elkarrizketak jasotzen dituen bitartean, Iban Illarramendiren ilustrazioek ekintzak eta horiek zein testuingurutan gertatzen diren irudikatzen dute.
- Disjuntzioa edo kontraesana: Testuak eta irudiak informazio kontraesankorra eskaintzen dute; beraz, irakurleak bi mezu horiek batu behar ditu istorioari zentzua emateko. Kasu hauetan, oro har, irudiak ematen du gertatzen denaren bertsioa.
Formatuen ezaugarriak
- Errektangular bertikala: Ohikoena da albumetan eta egonkortasuna ematen du. Formatu honek une edo ekintza bakarrak nabarmendu nahi direnean edo panel sekuentzialak erabiltzeko aproposa da. Ilustrazio klasikoetan eta haur-literaturan askotan erabiltzen da.
- Errektangular horizontala: Begirada ezkerretik eskuinera gidatzen du eta dinamismo handiagoa transmititzen du. Mugimendua edo sekuentziazio bisuala nabarmendu nahi den istorioetan erabiltzen da, batez ere bidaia edo ekintza biziko eszenak ilustratzeko.
- Laukia: Ikusizko hurbilketa errazten du eta oreka bisuala eskaintzen du, baina monotonoa izan daiteke. Albuma irekita, formatu horizontal bihurtzen da, bi formak konbinatuz. Konposizio simetrikoagoak lortzeko erabiltzen da.
- Forma bereziak: Akordeoia edo trokelatua bezalako formak album berezietan erabiltzen dira, baina kostu handiagoa dute eta ez dira hain ohikoak. Formatu hauek narrazioaren tramarekin lotura izan dezakete, adibidez, istorioa modu interaktiboan kontatzeko edo irakurlearen parte-hartzea sustatzeko.
Azal motak (Matulka, 2008)
- Gainazal inguratzailea: Azalaren aurrealdea eta atzealdea konposizio bakarrean biltzen ditu, istorioaren inguruko zantzuak emanez. Hau askotan album ilustratuetan erabiltzen da, non irudia osotasun bat bezala ulertzen den.
- Irudi bakarra: Aurrealdean irudi bakarra agertzen da, eta atzealdean kolore trinkoa edo ilustrazio txiki bat izan daiteke. Sormenezko efektu sinple eta eraginkorra lortzeko egokia da.
- Irudi duala: Aurrealdean eta atzealdean istorioaren irudiak erakusten ditu, batzuetan istorioari buruzko informazio gehigarria emanez. Hau erabilgarria da istorioaren bi alderdi erakusteko.
- Trokelatuak: Azalaren zati batzuk ebakita daude, sakontasun espaziala emateko. Album interaktiboetan edo jolasa bultzatu nahi den lanetan erabiltzen da.
Azalaren tipologiak (Zaparain eta González, 2010)
- Sinopsia: Istorioaren laburpena edo giro nagusia aurkezten du. Irakurleari albumaren edukia ulertzen laguntzen dio.
- Aurrerapena: Istorioaren elementu bat erakusten du, irakurlea intrigatzeko. Hau eraginkorra izan daiteke suspensea sortzeko.
- Hasiera: Narrazioaren lehen irudia aurkezten du, istorioaren sarrera moduan.
- Pertsonaia: Protagonista aurkezten du, irakurlearen arreta bereganatzeko. Haurrentzako albumetan oso erabilia da.
- Paralelona: Ilustrazioaren eta izenburuaren arteko kontrastea sortzen du, irakurleak interpretazio bat egin dezan bultzatuz.
Liburuen ateak eta leihoak: Azala eta kontrazala
Azalaren garrantzia
- Azala irakurleak album batekin duen lehen kontaktua da, eta haren diseinuak (tipografia, irudiak, koloreak, titulua) irakurlearen arreta erakartzea eta istorioaren inguruko lehen hipotesiak eraikitzea ahalbidetzen du.
- Azalaren diseinua liburuaren espirituari leial izan behar zaio eta irakurle potentzialak erakartzea du helburu.
- Nodelmanen arabera, azalak informazio bisual garrantzitsua eskaintzen du eta irakurlearen erantzuna moldatzen du.
Kontrazalaren funtzioa
- Istorioaren amaiera edo bigarren amaiera irudikatu dezake. Azalak eta kontrazalak, elkarrekin, espazio narratibo bat osatzen dute, zineman bezala.
- Kontrazalak informazio osagarria eman dezake: egilea, laburpena, kritikak, etab. Batzuetan, istorioaren parte ezinbestekoa bihurtzen da.
Babes-orriak: Orri zuriez haratago
Babes-orriak liburuaren azalen barneko aldeei itsatsita dauden orriak dira, hau da, azala eta kontrazala, eta liburuaren mamia (orriak) lotzen dituztenak. Hala bada, babes-orriak dira irakurleak album bat irekitzean ikusten duen lehen orria, eta azkena albuma ixtean ikusten duena.
Ikerketek babes-orriek funtzio narratiboa izan dezaketela onartzen dute, baina XXI. mendearen hasieran sistematizazio falta egon zen.
Orrialde bikoitzaren meridianoa: Plegua
Plegua orrialde bikoitza bi orrialde soiletan banatzen duen tolesdura da, eta horrek ilustrazioen zati batzuk ezkutatu ditzake, haien ikusgarritasuna zailduz.
Tipografia: Letrek beren ahotsa dutenean
Tipografia albumaren testua inprimatuta dagoen moduari egiten dio erreferentzia, letren forma, tamaina, kolorea eta orrialdean duten kokapena barne hartzen ditu. Tipografiaren ezaugarri nagusiak hauek dira: pisua (letren lodiera), kolorea (emozioak eta esanahi sozialak adierazteko), tamaina (adierazgarritasuna emateko), inklinazioa (dinamismoa edo formalitatea), enkoadraketa (ikusizko elementuen arteko lotura) eta formaltasuna (narratzailearen edo pertsonaiaren izaera iradokitzeko).