Ahaztuen mendekua: Alberto Ladron Aranaren nobelaren analisia
Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,97 KB
Sarrera: "Ahaztuen mendekua" nobelaren azterketa
Ahaztuen mendekua Alberto Ladron Arana idazlearen bosgarren nobela da. Obraren argumentua Anaren hilketaren inguruan ardazten da, eta hiltzailea aurkitzeko ikerketak osatzen du trama nagusia.
Argumentua eta gai nagusiak
Misterioa ardatz izan arren, istorioan indar handia dute beste gai batzuek ere:
- Bikote-harremanak
- Jelosia
- Mendekua
- Gerra Zibilaren ondorioak
Erruduna nor den bilatzean, hainbat egoera ezberdin agertuko dira. Pertsonaiekiko ikuspuntua etengabe aldatuko da; hasiera batean susmagarri izan daitekeena guztiz errugabea dela eta froga guztiak bere aurka dituenak ere ez duela ezer egin egiaztatu ahal izango dugu.
Egitura eta testuingurua
Obraren orainaldiko Anaren hilketaren istorioarekin batera, 36ko Gerraren garaiko beste istorio eta pertsonaia batzuk aipatzen dira. Azkenean, bata bestearen gakoa izango da.
Ekintzak Iruñean eta Nafarroan gertatzen dira. Hala ere, Ezpeleta izeneko herria idazleak asmatutakoa da. Eleberria hirugarren pertsonan idatzita dago, narratzaile orojakile batekin. Izan ere, zenbait kasutan pertsonaien ikuspuntutik kontatzen ditu gertaerak edo haien pentsaerak gehitzen ditu. Idazleak darabilen estiloa sinplea eta jarraitzeko erraza da.
Istorioaren garapena
Desagerpena Iratiko basoan
Ana eta Oskar Iratiko basora doaz txango batera. Bertan liskarrean hasten dira, Anak jakin baitu Oskarrek bere lagun Xabierrekin engainatzen duela. Neskak Oskar jipoitzen du, eta honek kolpea itzultzen dio. Ana haserretu eta mendian barrena abiatzen da. Oskar, berriz, autoa utzi duten aparkalekura itzultzen da, Ana itzuliko delakoan, baina ez da horrela izango. Otsaila eta negu gorria izanik, iluntzen hastean, Oskarrek poliziari deitzen dio.
Ikerketaren hasiera
Ikerketa hasten da, eta Armentia inspektoreak Oskar jotzen du susmagarri nagusitzat. Halere, Oskar beste hipotesi batzuk plazaratzen hasten da, bere kabuz ikertzen. Anaren ordenagailu eramangarrian GPS programa bat aurkitzen du, ezabatua izan zena, eta desagerpena Anak berak antolatu ote duen pentsatzen hasten da. Armentiak, ordea, ez dio sinesten.
Oskarren aurkikuntzak
Oskarrek beste aurkikuntza batzuk egiten ditu bere ikerketan. Anaren ia 3.000 euroko transferentzia baten berri izaten du, eta horrek mendirako zenbait gailuren erosketetara eramaten du. Horrek bere susmoak baieztatzen ditu: Anak bere kabuz egin zuen alde, eta desagerpena izan zela sinetsarazi nahi zien guztiei, Oskar bere hilketaren erruduntzat jotzeko, Xabierrekin izandakoaren mendeku gisa.
Gorpua agertzea eta Gerra Zibileko lotura
Kontua erabat okertzen da Anaren gorpua agertzen denean, Oskar ziur baitzegoen bizirik zegoela. Orduan, Oskar eta Xabier hiltzailearen bila hasten dira. Ana abokatua zenez, bere kasuak aztertzen dituzte, Salustiano izeneko gizon batengana iritsi arte. Haren ahizpa Maravillasekin hitz egiten dute, eta honek Anak Salustianorekin hitz egin zuela esaten die, baina Salustiano dagoeneko hilda dago. Elkarrizketaren grabazio bat aurkitzen dute, eta jakiten dute Gerra Zibileko fusilatzeen eta hildakoen gorpuak lurperatutako lekuen ingurukoa dela. Alor hori ikertzen hasten dira.
Hilketa argitzen
Laster konturatzen dira Anak zeraman kasu batean enpresa batek urbanizazio bat egin nahi zuela lur batzuetan, eta, hain zuzen, lur horietan fusilatuen gorpuak zeudela lurperatuta. Ikerketan zehar, Oskar jipoitu egiten dute, eta ospitalean egun bat igarotzen du. Azkenik, argitzen da eraikuntza-enpresa hori fusilatu horiek hil zituen baten ondorengoena dela, "Beltza" deitutakoarena, eta haren helburua krimenak ezkutatzea zela. Horretarako, komeni zitzaien Anaren kasua alde batera uztea, eta, horregatik, Anaren sozio Goikoetxearekin tratua egin zuten. Hori dela eta, Armentiak Goikoetxea atxilotzen du Anaren hilketagatik, honek eraikuntza-enpresagandik dirutza jasoko baitzuen Ana tartetik kentzeagatik.
Ustekabeko amaiera
Hala ere, bukaeran badirudi Xabier bera dela hiltzailea. Azken kapituluan, bere ikuspuntutik kontatzen da gau hartan gertatutakoa labur-labur: Ana gorrotoz hil zuela, Oskarri egin nahi zionaren berri izan zuelako.