Agustinen Filosofia: Gaitza, Askatasuna, Historia, Platon

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 7 KB

Agustinen Filosofia: Gaitza eta Askatasuna

Agustinek askatasuna eta gaitzaren arazoa kristautasunaren ikuspegitik aztertu zituen, giza askatasunaren eta jatorrizko bekatuaren arteko lotura nabarmenduz. Bere iritziz, giza askatasuna ez da gaizkiaren eta ongiaren artean aukeratzeko ahalmena, baizik eta bi askatasun mota bereizten dira: libertas (jatorrizko bekatuaren aurrekoa, ongia egiteko joera) eta liberum arbitrium (jatorrizko bekatuaren ondorengoa, gaizkia egiteko joera).

Jainkoak gizakia libertas dohainarekin sortu zuen, bera maitatzeko eta ongiaren bidetik bizitzeko. Hala ere, Adan eta Evak, deabruaren tentazioari men eginez, desobeditu egin zuten, jatorrizko bekatua eraginez. Desobedientzia horren ondorioz, libertas galdu zuten, eta gizateriaren izaera gaizki egiteko joerarekin markatuta geratu zen. Horrek azaltzen du zergatik jaiotzen diren gizaki guztiak jatorrizko bekatuarekin. Hala ere, bataioaren bidez, bekatu hori garbitu daiteke.

Agustinen arabera, gaitzaren existentzia bereziki kezkagarria da kristautasunaren dogmarentzat, Jainkoa ontasun absolutuaren iturri bada. Gaitzaren azalpena hiru motatan banatu zuen:

Gaitzaren Azalpena Agustinen Arabera

  • Gaitz fisikoa: Katastrofe naturalak, gaixotasunak edo istripuak. Agustinentzat, hauek ez dira benetako gaitzak, baizik eta ongiaren gabeziak edo hobekuntzarako aukerak.
  • Gaitz ontologikoa: Izaki guztien inperfekzioari dagokio. Sorkari guztiak Jainkoak sortutako izaki erlatiboki onak dira, baina ez dira Jainko bezain perfektuak.
  • Gaitz morala: Gizakiaren borondate txarretik eratorritako ekintzak dira, hau da, bekatuak. Hau da benetako gaitz bakarra, eta gizakiaren ardura da, ez Jainkoarena.

Azkenik, Agustinek argudiatzen du gizakiak gaitza soilik bere askatasunaren erabilera txarraren bidez egiten duela. Aldiz, ongia egiteko ezinbestekoa da Jainkoaren laguntza, Grazia. Horrela, gaitzaren errua gizakiarena da soilik, eta Jainkoa ontasun absolutuaren iturri izaten jarraitzen du.

Jainkoaren Hiria eta Historiaren Ikuspegia

San Agustinek Jainkoaren Hiria idazlanarekin historiaren filosofia kristaua sortu zuen, Erromatar Inperioaren gainbeheraren testuinguruan. 410. urtean, Alarikoren gudarosteek Erroma suntsitu zutenean, krisi sakona sortu zen Mendebaldeko Munduan. Garai hartan, jentilek kristauei egotzi zieten Erromaren gainbeheraren errua, kristautasunak sustatutako biolentziarik ezaren praktikak inperioa ahuldu zuelakoan. Agustinek, akusazio horiei aurre egiteko, Jainkoaren Hiria idatzi zuen, historia kristau ikuspegitik ulertzeko bidea eskaintzeko. Bere lanak gertaera historikoen azalpena baino gehiago, historiarekiko ikuspegi teologikoa proposatzen du, Probidentziaren kontzeptuan oinarrituta.

Agustinen arabera, historia ez da greziarrek ulertzen zuten moduan ziklikoa, baizik eta kristautasunaren ikuspegitik lineala. Historiako gertaera guztiak Jainkoaren Probidentziak zuzendutakoak dira, nahiz eta gizakiek Jainkoaren asmoen ulermen osoa izan ez. Mina eta gaitza, itxuraz txarrak diren arren, Jainkoaren helburu onen baitan ulertu behar dira. Historia, Agustinen ikuspegitik, bi hiri nagusiren arteko borroka da:

Bi Hiriak: Jainkoarena eta Munduarena

Jainkoaren Hiria eta Munduaren Hiria. Lehena Jainkoarenganako maitasunean oinarritzen da; bigarrena, norberarenganako maitasunean. Bi hiri horiek historian zehar nahasirik bizi dira, baina azken epaiaren unean Jainkoaren Hiria garaile izango da, aukeratuak salbatuko direlarik eta gaitzak kondenatuko.

Eliza eta Jainkoaren Hiriaren Arteko Lotura

Hala ere, Agustinek argitzen du Jainkoaren Hiria ezin dela zuzenean Elizarekin identifikatu. Eliza barruan munduko printzipioen arabera bizi direnak egon daitezke, eta Elizatik kanpo Jainkoaren seme-alabatzat hartuak izango direnak ere bai. Beraz, Eliza eta Jainkoaren Hiria ez dira guztiz bat.

Agustinismo Politikoa: Eliza eta Estatua

Agustinismo politikoaren arabera, Eliza da gizarte perfektua, eta Estatua haren menpe egon behar du. Estatuak Elizaren printzipio moralak hartu behar ditu justizia bermatzeko, eta Aita Santuaren botereak botere politikoaren gainetik egon behar du. Agustinek botere guztiak Jainkoarengandik datozela defendatzen zuen, eta erakunde politikoek izaera jainkotiarra izan behar zutela. Horrela, Eliza eta Estatua elkarlanean aritu behar ziren, baina Elizaren nagusitasuna betiere bermatuz, gizarte zuzen eta kristaua eraikitzeko.

Platonen Eragina San Agustinen Filosofian

Platonen eragina Agustinen filosofian sakona eta erabakigarria da, pentsalari kristauak Platonen ideiak bere garaiko kristautasunaren ikuspegiarekin uztartu baitzituen. Eragin hau lau alderdi nagusitan ageri da argien: ontologia, ezagutza, ontologia moral edo ongia, eta antropologia.

  1. Dualismo ontologikoa: Platonek bi mundu bereizten zituen: Mundu Sentigarria, gauza material eta aldakorrekin, eta Mundu Ulergarria, betiereko ideia perfektuen bizilekua. Agustinek ikuspegi hau kristautasunera egokitu zuen, eta ideia platonikoak Jainkoaren adimen betierekoan kokatu zituen. Gauza sentikorrak eta aldakorrak kontingenteak direla dio, eta benetako egiak Jainkoaren ideien bidez adierazten direla.
  2. Ezagutza: Bi autoreek ezagutza sentikorra eta arrazoizkoa bereizten dituzte, baina desberdintasun nabarmen bat dute: Platonek uste du gizakiak bere ahalmen propioen bidez hel daitekeela ezagutzara, arimak ideiak aurretik ezagutzen dituelako. Agustinentzat, berriz, Jainkoaren argitzapena ezinbestekoa da egia absolutuak ulertzeko. Biek argiaren metafora erabiltzen dute ezagutza ulertzeko: Platonek Ongiaren ideia eguzki batekin parekatzen du, eta Agustinek Jainkoaren argia aipatzen du barne ezagutzaren prozesuan, interiorizazioa deituz.
  3. Ongia Jainkotu: Platonek Ongiaren ideiari ontologia eta epistemologia funtzioak esleitzen dizkio: gauza guztien kausa da eta gizakien ezagutza argitzen du. Agustinek funtzio horiek Jainkoari egozten dizkio, izaki guztiak sortu eta argitzapenaren bidez ezagutza ematen duena.
  4. Dualismo antropologikoa: Gizakiari dagokionez, bi autoreek gorputza eta arimaz osatutako izaki gisa ikusten dute, baina arimari nagusitasuna ematen diote. Platonek arimaren espiritualtasuna eta betikotasuna azpimarratzen ditu, eta Agustinentzat ere arima da gizakiaren benetako identitatea, Jainkoaren argitzapenari lotua.

Laburbilduz, Agustinek Platonen ideiak kristautasunaren barruan interpretatu eta moldatu zituen, ontologia, ezagutza eta etika Jainkoaren ikuspegiarekin uztartuz.

Entradas relacionadas: