Agustin Hiponakoaren Filosofia: Fedea, Zoriontasuna eta Egia
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,96 KB
Fedea eta Arrazoimena Egiaren Bidean
Agustinek fedea eta arrazoimena uztartzen ditu egia bilatzeko prozesuan, baina fedea lehenesten du. Bere ustez, ezin da egia absolutua ulertu federik gabe, Jainkoaren argiztapena beharrezkoa baita horretarako. Agustinen arabera, «Ez saiatu ulertzen sinesteko; sinetsi ulertzeko», hau da, ulertzeko, lehenik eta behin, fedean oinarritzea beharrezkoa da.
Hasieran, manikeismoaren eraginez, arrazoimen autonomoa bilatu zuen Jainkoarengana heltzeko. Pentsamendu hori elizaren autoritatearen aurrean jarri zuen, eta ulertzen zuena bakarrik sinesteko hautua egin zuen. Hala ere, ikusi zuen arrazoimen autonomoak ez zuela egia absoluturik aurkitzen, eszeptizismora bultzatuz. Bien arteko elkarlan hau metodoaren oinarria da.
Metodoaren Printzipio Nagusia
Agustinek «Intellige ut credas, crede ut intelligas» printzipioarekin laburbiltzen du ideia hori. Metodoko hiru urrats nagusiak hauek dira:
- «Intellige ut credas» (1. urratsa): Arrazoimenak bere mugak ulertzen laguntzen du, fedea beharrezkoa dela onartuz. Metodoaren aurretiko urratsa da, non arrazoiak fede-ekintza prestatzen duen, bere baitan soilik ezin baitu egia gorenik argitu. Eszeptizismoa gainditzeko, giza arrazoimenaren muga onartuz, fedearen lekua argitzen du.
- «Crede ut intelligas» (2. urratsa): Metodoaren lehen urratsa da, eta hemen fedea bihurtzen da egia bilatzeko ezinbesteko elementu. Hemen lotzen dira ezagutza intelektuala eta jokaera morala, biak zoriontasunaren bidean ezinbestekoak.
- «Intellige ut credas» (Azken urratsa): Fedearen argipean egia ulertzen saiatzen da arrazoimena. Arrazoiaren lana fedearen edukiak argitzeko, dogmak ulertzeko eta fedearen oinarriak defendatzeko erabiltzen da. Horrela, fedea eta arrazoia elkar osatzen dute, filosofiak Jainkoaren argiztapenean oinarritutako ezagutza bilatzen duelarik.
Agustinentzat, egia ez da soilik zerbait abstraktua, maite gaituen Jainkoarengandik datorren zerbait baizik. Hori dela eta, fedean oinarritutako konfiantza-erlazioa ezinbestekoa da egia lortzeko.
Zoriontasunaren Helburua: Jainkoa eta Bertuteak
Agustin Hiponakoak zoriontasuna gizakiaren helburu goren gisa hartzen du, filosofiaren oinarria osatuz. Agustinentzat, zoriontasuna ez da ondasun materialetan edo gauza aldakorretan aurkitzen, baizik eta ondasun iraunkorretan: bertuteak, jakituria eta, garrantzitsuena, Jainkoa. Agustinen iritziz, Jainkoa da zoriontasunaren azken iturria, eta bertuteak nahiz jakituria Jainkoarekiko harremanaren bide dira. Zoriontasuna lortzeko ezinbestekoa da Jainkoaren argiztapena eta fedeak gidatutako aldaketa morala.
Agustinek bere ikuspegia testuinguru historiko eta erlijioso berezi batean garatu zuen. Gizartea ezkor eta ziurgabetasun betean zegoen, Erromatar Inperioaren gainbeheraren eta Greziar polisen babesaren desagerpenaren ondorioz. Agustinentzat, zoriontasuna ez da Aristotelesek bezala jakinminetik sortzen, baizik eta grinatik eta Jainkoarekiko lotura sendotik.
Ondasun Materialen Mugak
Zoriontasunaren klabea da, Agustinen arabera, ondasun materialek ez dutela asebetetasunik ematen. Materialak galtzeko beldurra eta ase ezin den desira areagotzen dituzte. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta gehiago nahi izaten da, eta horrek asebetetasun eza dakar. Agustinek adibide argigarriak ematen ditu: drogazale batek nahi duena lortzen duenean, zoriontasuna ez du eskuratzen, baizik eta kaltea jasaten du. Ondorioz, ondasun materialak ez dira zoriontasunaren oinarria.
Jainkoa da iraunkorrena eta zorionaren iturri nagusia. Jakituria Jainkoak ematen du argiztapenaren bidez, aldaketa moralaren ondorioz ere aldatzen delarik. Beraz, Agustinek ondorioztatzen du: zoriontsuak Jainkoa dutenak dira, haren bidez lortzen baitira egiaren ezagutza eta bizitzaren egonkortasuna. Bere De Vita Beata lanean zoriontasunaren gaia sakon aztertzen du Agustinek, ikuspegi filosofiko eta espiritual batekin. Zoriontasunaren bilaketa gizakiaren grinatik sortzen dela azpimarratzen du.
Ideia Eredugarriak eta Jainkoaren Adimena
Agustinek ideia eredugarriak egia absolutu eta aldaezinen moduan ulertzen ditu, Platonen ideien teoriaren ildotik. Platonentzat ideia horiek beste mundu batean existitzen ziren, mundu fisikotik kanpo eta independente, baina Agustinentzat, ideia hauek Jainkoaren adimenean daude. Jainkoa da ideia horien iturria eta unibertsaltasunaren eta absolututasunaren oinarria. Mundua sortzeko prozesuan, Jainkoak ideia eredugarri horietaz baliatu zen, eta hauek dira errealitatearen funtsa eta egitura.
Agustinen filosofiaren arabera, gizakiak ideia eredugarriak bere barnean aurkitzen ditu. Hala ere, ezinbestekoa da Jainkoaren iluminazioa, Jainkoak ideia horiek argiztatzea eta gizakiari transmititzea. Prozesu hori ezagutza guztien oinarria da Agustinentzat.
Ideien Funtzioa eta Jatorria
Ideia hauek aldaezinak eta unibertsalak dira, eta horrek gizakia pentsamenduaren bidez egia absolutua bilatzera bultzatzen du. Ideia eredugarrien funtsa ezin da izan zerbait aldakorra edo kontingentea; funts hori absolutua da, eta absolutua den bakarra Jainkoa bera da. Agustinek ideia eredugarrien existentzia Jainkoaren existentziaren froga moduan ere aurkezten du.
Ideia unibertsalak eta perfektuak ezin dira sortuak izan gizakiaren adimen aldakorraren bidez; beraz, haien iturria Jainkoa izan behar da. Hau Platonen filosofiaren eraldaketa erlijiosoa da: mundu ideala eta fisikoa banatuta egotetik, Jainkoaren adimen unibertsalean bateratzera pasatzen da. Horrela, Agustinen ikuspegian, ideia eredugarriak gizakia eta Jainkoa lotzen dituen lotura dira. Jainkoak sortu eta gidatzen duen munduan, ideia eredugarriak egitura kosmikoaren funtsa dira, eta gizakiak, bere pentsamenduaren bidez, Jainkoaren argiztapena bilatu behar du egia eta zoriontasuna lortzeko. Horrela, ideia eredugarriak ez dira soilik errealitatearen egitura, baita Jainkoarengana heltzeko bidea ere.