Agustin Hiponakoa: Ezagutza, Argiztapena eta Jainkoaren Froga
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,09 KB
Agustin Hiponakoak hiru ezagutza-maila bereizi zituen bere filosofian:
Agustinen Ezagutza Mailak
Ezagutza Sentikorra
Objektuek gure zentzumenetan aldaketak eragiten dituzte, baina aldaketa horiek ez dira ariman gertatzen. Hala ere, arima jabetu egiten da gorputzak jasan duen aldaketaz, eta, horrela, objektuak ezagut ditzake. Beraz, munduko zerbaitek zentzumenak estimulatzen dituenean, arimak horren berri izaten du. Zentzumenek hautemandako objektu horiek, ordea, agertu eta desagertu egiten dira, bata bestearen ondoren jarriz, elkar ezabatu egiten dira, eta ezin ditugu ongi eskuratu, egiazko izaterik ez baitute. Beraz, benetako egiak ezin dira ezagutza sentikorraren bitartez lortu.
Arrazoizko Ezagutza
Arrazoimenak sentsazioen datuetatik abiatuta, zentzumenen bidez ezagututako objektuei buruzko judizioak egiteko gai da, objektuok betiereko ereduekin (argiztapenari esker ezagututako ideiekin) alderatuz. Arrazoizko arimak betiereko egiak (egia aldagaitzak) ezagutzen dituenean, egiazko ziurtasuna lortzen du, eta, beraz, arrazoimenaren bidez aurkitutako egiek benetako ezagutza ematen dute. Hau da arrazoizko ezagutza.
Kontenplazioa
Kontenplazioan betiereko ideiak edo ereduak diren bezala ikusten dira, ez zentzumenen bitartez, ezta pertzepzioetatik abiatuta arrazoimenak egindako judizioen bitartez ere, zuzenean baizik. Beraz, kontenplazioaren bidez arimak benetako jakituria lor dezake; kontenplazioaren bidez hautemandako egiak unibertsalak dira, denok hauteman ditzakegun egia komun edo objektiboak (aldiz, sentsazioak pribatuak dira, norbanakoarenak). Egia hauek ezin dira zentzumenetatik jasoak izan, zentzumenen bidez ezagutzen den guztia aldakorra baita, eta arrazoimenean daude, baina ez dira arrazoimenarenak.
Jainkozko Argiztapena eta Jainkoaren Froga
Giza esperientzia ez da egia betiko, aldaezin eta beharrezkoak hautemateko gai, aldakorra, denborazkoa eta kontingentea delako, eta gauza bera gertatzen zaio adimenari. Gizakiak jainkozko argiztapenari esker soilik ezagut ditzake betiereko egiak. Gizakiak jainkozko argiztapena behar du bere adimena gainditzen duena hauteman ahal izateko. Beste era batera esanda, gizakiak, aldakorra denez gero, ezin du egia aldagaitza ezagutu nolabait argituta ez baldin badago. Beraz, giza adimena argitzen duen argia Jainkoagandik dator; jainkozko argiztapena da giza adimenari betiereko egiak ikusgai egiten dizkiona.
Hortaz, Agustin Hiponakoaren aburuz, Jainkoaren existentzia ez du arrazoimenak frogatzen, baina ez da fede itsuaren kontua ere. Jainkoa arima fededunean frogatua agertzen da; arima gai da beharrezkoa eta aldagaitza den Jainkoaren egia ezagutzeko, baina ezagutza hori ezinezkoa izango litzateke Jainkoaren existentziarik gabe. Egia existitzen denez, eta Jainkoa denez bere funtsa, Jainkoa existitzen da. Beraz, betiereko ideiak edo egiak dira Jainkoaren existentziaren froga. Gizakiak bere ulermena gainditzen duten egia mugagabe eta beharrezkoak hautematen ditu ariman, eta ideiok Jainkoak emanak direla onartu behar du, giza arimak ezingo bailituzke sortu.