Agustin Hiponakoa: Bizitza, Idazlanak eta Testuingurua
Enviado por Chuletator online y clasificado en Religión
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,11 KB
Agustin Hiponakoa: Datu biografikoak eta idazlanak
Agustin Hiponakoa Ipar Afrikako Tagaste hirian (Erromatar Inperioko Numidia probintzian) jaio zen 354. urtean. Aita paganoa zen; ama, Monika, kristaua. Azken honek kristautasunean hezi zuen Agustin.
Ikasketak eta bilaketa espirituala
Oinarrizko ikasketak egin ondoren, 370. urtean Kartago hirira joan zen erretorika ikastera, eta urte batzuk geroago erretorika irakasle gisa jardun zuen hainbat hiritan: Kartagon bertan, Erroman eta Milanen. Ospea eta arrakasta ezagutu zituen, eta plazerrez eta luxuz beteriko bizitzaz gozatu zuen.
Hala ere, bilaketa espiritualari ekin zion bere bizitza osoan zehar: kristau-erlijioak ezin zituen bere kezkak asetu, eta 373. urtean manikeismoari lotu zen. Aurretik, Zizeron idazle latindarraren Hortensius izeneko obraren irakurketak filosofiara eraman zuen.
Bihurketa eta bizitza eliztarra
383. urtean Erroman zela, krisialdi espiritual handi batean murgildu zen. Manikeismoari uko egin zion, eta eszeptizismo filosofikoaren postulatuetara hurbildu zen. Urtebete geroago, Erromatik Milanera aldatu zen, eta bertan hiri horretako apezpikua ezagutu zuen: San Anbrosio, alegia.
Agustinek bizitza kristauarekin bat egiteko dei indartsu bat sentitu zuen, eta azkenik kristau-federa bihurtu zen. Erabaki honetan, Anbrosio eta bere ama Monikaren eragina bezain garrantzitsuak izan ziren Agustinek filosofia platonikoaren inguruan egindako irakurketak.
Irakaskuntza eta berarekin bizi zen emakumea utzi, bataiatu, eta bizimodu bakartu eta aszetikoa eraman zuen hemendik aurrera. Afrikara bueltatu eta 391. urtean apaiztu zen Hiponan; 396an, berriz, Hiponako gotzain izendatu zuten. Hiri horretan bertan hil zen 430. urtean, bandaloek Hiponako hiriaren inguruan ezarritako setioan.
Idazlan nagusiak eta estiloa
Bere obrari dagokionez, hainbat motatako lanak idatzi zituen:
- Filosofikoak: Contra Academicos, De Libero Arbitrio...
- Teologikoak: De Trinitate, De Civitate Dei (Jainkoaren Hiria), etab.
- Autobiografikoak: Confessiones (Aitorkizunak).
- Lan apologetikoak: Garaiko mugimendu heretikoen kontra burututako lan oparoa.
Bere obrarekin batera, Agustinen estiloak —sutsua eta dotorea aldi berean, beti iradokigarria— egundoko eragina izan zuen ondorengo pentsalari kristauengan, baita gaur egungo irakurleengan ere.
Testuinguru historikoa
Bi dira Agustin Hiponakoaren garaian nabarmendu beharreko gertakari historiko nagusiak: Erromatar Inperioaren gainbehera eta kristau-erlijioaren hedapen eta nagusitasuna.
Erromatar Inperioaren gainbehera
Agustin Erromatar Inperio handiaren gainbeheraren lekuko zuzena izan zen. Gertakari honek eragin izugarriak izan zituen mundu osoan, eta zirrara horrek eraginda, gure filosofoak De Civitate Dei obra idatzi zuen. Erromatar Inperioaren krisia III. mendean hasi zen, hainbat arrazoi tarteko:
- Politikoak: Ezegonkortasun politikoa.
- Ekonomikoak: Krisialdi ekonomikoa.
- Militarrak: Inperioa handiegia zen eta mugak zabalegiak; germaniar barbaroek egoera honi etekina atera zioten.
- Sozialak: Erromatar gizartea zatituta zegoen paganoen eta kristauen artean, bakoitzak balore eta ikuspuntu ezberdinak zituelarik.
IV. mendean egoera gehiago okertu zen. Teodosio enperadorearen heriotzaren ostean (395), haren bi semeek elkarbanatu zuten inperioa, eta ondorioz, behin betiko bananduta geratu zen. 406. urtean germaniarrek Rhin ibaia zeharkatu zuten, eta 410ean Alarikoren godoek Erroma arpilatu zuten.
Kristautasunaren hedapena eta nagusitasuna
Bestalde, kristautasunaren hedapen arrakastatsua dugu aztergai. San Pauloren lanari esker nagusiki, jatorri juduko talde txiki bat zena izugarri hedatu zen gure aroko I. mendean, eta Erromatar Inperioko eskualde guztietara zabaldu zen.
K.o. II. menderako, kristau gehienak ez ziren juduak. Beren doktrina azkar hedatu zen arren, kristauen egoera ez zen samurra: agintari erromatarrek jazarri zituzten, euren mezu iraultzailea mehatxu gisa interpretatu baitzuten. Baina, apurka-apurka, Inperioak kristautasunarekiko eta Elizarekiko zuen jarrera aldatuz joan zen.
313. urteko Milango Ediktuaren bidez, euren jainkoa askatasunez gurtzeko eskubidea lortu zuten kristauek, eta 380an, Teodosio enperadorearen eskutik, kristautasuna Erromatar Inperioaren erlijio ofiziala bilakatu zen. Dena den, kristau asko ez zeuden erabat konforme: 385ean, Teodosiok kredo nizearra ezarri zuen eta gogor zigortu zituen hereseak. Hurrengo urteetan, jentilen aurkako neurri politikoak ugaritu ziren, haien gurtzak debekatuz. Horrenbestez, kristautasuna nagusi bihurtu zen, eta filosofian ere garai berri bati ekin zitzaion.