Agustin Hiponakoa: Askatasuna, Gaitza eta Historiaren Filosofia

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,5 KB

Askatasuna Agustin Hiponakoaren pentsamenduan

Hiponako filosofoaren pentsamenduaren abiapuntua gizadi eroria da, baina Kristok berrerosia. Gizakia bere buruaz eta bera baino gutxiago diren gauzez gozatzearren, Jainkoarengandik urrundu eta bekatuan erori zen. Abiapuntu hori kontuan izan gabe, ezin uler daiteke Agustinek askatasunaz eta liberum arbitriumaz (aukeramenaz) dioena. Egiaz, gizakia askea da, baina gizakia da, librea delako hain zuzen. Askatasunik gabe ezinezkoa da gizaki izatea. Erabaki ahal duelako, borondatearen (nahimenaren) autodeterminazioa erabili ahal duelako da gizakia. Dena den, zer aukera dezake, edo zer aukeratu behar du? Gizakiak, Jainkoak sortuak, Harenganako (Jainkoarenganako) joera izan behar du.

Jainkoarenganako joera

Jainkoarengana zuzendu behar du bere burua, horixe du helburu. Jainkoak, gizakia sortu zuenean, Bera (Jainkoa) maitatzeko agindu zion. Ez dago askatasunik eskubiderik gabe, baina obligaziorik gabe ere ez dago askatasunik. Gizakiak ongirako joera izan behar du, eta gizakiarentzat ongi hori Jainkoa da: Hura maitatzera behartuta dago. Jainkoa lortzeko askatasuna izango du, baina ez badu Jainkoa lortzen, zorigabekoa izango da. Jainkoa zerbitzatzen duenean aske izango da, eta zoriontasuna lortuko du; esklaboa, berriz, Jainkoagandik urruntzen denean. Beraz, gizakia askatasunean sortua izan zen, bere sortzailea maitatzeko hornituta. Baina jatorrizko bekatuagatik askatasuna galdu zuen, eta liberum arbitriuma, aukeramena edo askatasuna berreskuratzeko aukera izan nahi du. Hala ere, gizakia ezin da bere kabuz egoera horretatik altxatu, Jainkoaren laguntza behar du, Jainkoaren grazia. Graziari esker, gizakiak bekatuagatik galdu zuen askatasuna berreskuratzen du.

Gaitzaren arazoa

Agustin bizitza osoan gaitzaren arazoaz kezkaturik ibili zen. Gaitza munduan etengabe ikus daitekeen zerbait da. Horrela ditugu naturaren gaitz fisikoak (lurrikarak, ekaitzak, lehorteak, gaixotasunak...), eta gaitz moralak (gaiztakeria, krimena, mendekua, gerrateak, adimen-ahultasunak, beldurrak, bakardadea...). Norena da gaitz horien eta beste hainbaten errua? Mundua Jainkoak sortua dela egia bada, nola azal daiteke gaitzaren existentzia? Jainkoa da gaitz fisikoaren eta gaitz moralen kausa? Agustin manikeoa izan zen garai batean, eta, manikeismoaren ustez, munduan dagoen on guztia Ongiaren printzipiotik (Ormuzd) dator; munduko gaitz guztia, aldiz, Gaitzaren printzipiotik (Ahriman). Dirudienez, horrela konpontzen zuten arazoa, erraz eta argi. Agustinek gaitz fisikoa izaki sortuen ustelgarritasun-ikuspegitik ikusten du. Ustelgarritasuna ez da gaitz bat bere baitan; gauza ustelkorrak dira (Jainkoak sortu duena oso ona da).

Gaitzaren izaera

Gauzak ustelkorrak dira, zeren halakoak izango ez balira, Jainkoa izango bailirateke. Onak izango ez balira, ez lirateke existituko. Beraz, existitzen diren gauza guztiak onak dira, baina ez absolutuki (guztiz) onak. Jainkoa guztiz ona da eta izaki sortuak izatea duten neurrian dira onak. Beraz, gaitza ezin dugu hartu kontrakotzat. Gaitza ongi zehatz baten ausentziari jartzen diogun izena besterik ez da. Bestalde, gaitz morala gizakiak egiten duen aukeramenaren (liberum arbitrium) erabilera okerretik dator, eta gizakia da horren erantzulea, ez Jainkoa. Gizakiaren helburua zoriontsu izatea da, eta hori lortzeko, gizaki bakoitzak Goreneko Ongiarengana itzuli behar du, Ongi gorena maitatu, hau da, Jainkoa.

Historiaren filosofia Agustinen arabera

Mendebaldeko kulturan, historiaren filosofia Agustinekin hasten da. Grekoen ikuspegi ziklikoari aurre eginez, Agustin Hiponakoak historia linealaren kontzeptua sortu zuen, historia beste modu batean ulertzeko. Historiaren interpretazio honetan, gertaera bakoitzak bere arrazoia du prozesu historikoan. Gertaera historiko bakoitzaren arrazoia historiaren helburuaren arabera ulertu behar da. Agustinek "Jainkoaren hiria" idazlanean azaltzen du Historiaren filosofia. Jentilek (erromatar paganoek) kristauei leporatu zieten Erromatar Inperioaren erorketa. Kristauek aldarrikatutako biolentziarik ezaren praktikaren erruz, Erroma soldadu gabe gelditu zen, eta bere burua babesteko gai ez zenez, barbaroek suntsitu egin zutela aurpegiratu zieten. Beraz, Kristauen Jainkoa gertatutakoaren erantzulea zen, eta ez jentilen jainkoak, haiei esker Erromak aurrerabidea, ospea eta entzutea besterik ez baitzuen ezagutu. Hiponako pentsalariak "Jainkoaren hiria" idazlana jentilen erasoei aurre egiteko idatzi zuen; hots, Eliza kristaua babesteko, erromatar askok Inperioaren gainbehera leporatzen ziotelako Elizari. Agustin izan zen Historia Unibertsalaren zentzua sistematikoki aztertzen arduratu zen lehen pentsalaria. Saiatu zen ekintzak ulertzen eta haiei zentzua aurkitzen.

Bi hirien arteko borroka

"Jainkoaren hiria" idazlanean, Erdi Aroko ideietan eragin handia izan zuen historiaren filosofia bikaina lantzen da, bereziki, kristaua. Agustinen Historia Unibertsalaren filosofia honetan, gizadiaren kronika bi hiriren arteko borroka gisa agertzen da: onaren eta gaitzaren, Jainkoaren eta munduaren, argiaren eta ilunpeen hirien artekoa, alegia. Munduko gizakiak bi taldetan banatzen ditu Agustinek. Alde batetik, Jainkoa mespretxatu eta beren burua Jainkoa baino maiteago dutenak; bestetik, Jainkoa gauza guztien gainetik, norbere buruaren mespretxuraino maite dutenak. Lehenengoak lurreko hiritarrak dira; norbera goratzeko balioak onartuz, Jainkoari uko egiten diotenak. Bigarrenak, zeruko, Jainkoaren hiritarrak dira; nork bere autonomiari uko eginez Jainkoa aukeratzen dutenak. Azken hauek munduko balioak Jainkoarengana heltzeko bitarteko bezala erabiltzen dituzte, eta lehenengoek, berriz, munduko errealitateak helburu bihurtzen dituzte.

Historiaren amaiera

Jainkoaren hiriko eta lurreko hiriko hiritarrak nahasirik daude historian zehar. Gero banandu egingo dira: batzuk sarituak eta besteak zigortuak. Bi hirien arteko borrokak denboraren amaiera arte iraungo du, Jainkoaren hiriaren behin betiko garaipena iritsi arte. Historia, bada, bi maitasunen arteko gatazka da: Jainkoarenganako maitasuna eta norberarenganakoa. Zintzoen eta aukeratuen komunitatea benetako Jainkoaren hiria da, ikusezina, hain zuzen. Horregatik, azken eguneko epaiketa arte, bi hiriak, Jainkoarena eta Deabruarena, nahasita daude, eta bereiztezinak dira. Bukatzeko, esan beharra dago ez dela zuzena lurreko hiria Estatuaren berdintzat jotzea, ezta hiri zerutarra Elizaren berdintzat hartzea ere. Agustinen iritziz, fedea eta arrazoia, politika eta erlijioa hertsiki lotuta daude.

Entradas relacionadas: