Afasia: Zer da, Zergatiak, Motak eta Errekuperazioa
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,75 KB
Afasia: Zer da?
Afasia hizkuntza ekoizteko (idazmena, mintzamena) edo ulertzeko ahalmenaren erabateko galera edo galera partzialari dagokion gaixotasuna da.
Eragilea
Afasia hizkuntzari atxikitutako garunaren atalean gertaturiko lesio baten ondorioz gertatzen da. Normalean, lesioa ezker hemisferioan dagoenean sortzen da afasia. Hala ere, gerta daiteke lesioa eskuineko hemisferioan edukitzea.
Eragina
Hitz egiteko, idazteko edo zeinuen bidez ulertuak izateko arazoak eragiten ditu. Hala ere, lesioek afasiadun pertsona baten adimena ez dute kaltetzen, ezta honen organo fonatorioak ere. Adimenari eta organo fonatorioei eragin gabe, komunikazio linguistikoan zailtasunak sortzen ditu.
Afasia motak
Afasia mota ezberdinak daude lesio motaren arabera. Zenbaitetan hitzez baliatzeko ezintasuna gertatzen da, eta bestetan ulermenak egiten du huts.
Hizkuntzaren prozesamenduaz arduratzen diren bi gune bereizten dira ezker hemisferioan:
- Wernickeren area: Sentikorra da, entzundakoa deskodetzeaz arduratzen da, oro har, ulermenaz alegia.
- Brokaren area: Motorra da, hitzak sortzeaz arduratzen dena, hizkuntza adierazpenaz. Mugimendua kontrolatzen duen oinarrizko atalaren ondo-ondoan dago.
Garuneko guneen eta hemisferioen arteko lana ezinbestekoa da funtzioak bete daitezen. Esperimentu batzuei esker ondorioztatu da ezker-hemisferioa lokartuz gero pertsonak hizketarako gaitasuna galtzen duela; baina eskuinekoa gelditzen badugu, aldiz, posible duela elkarrizketa bat izatea. Hala ere, eskuin-hemisferioak ere hartzen du parte hitzezko komunikazioan.
Brokaren area kaltetuta badago
- Pertsona honek gutxi hitz egiten du (hasieran zenbaitetan ezer ere ez).
- Hizkera motela, ia telegrafikoa da, eta esaldien ordena gramatikala gal daiteke.
Wernickeren area kaltetuta badago
- Asko hitz egiten du.
- Ulermena da kaltetuena.
- Gaixoak ez du hitz egiteko zailtasunik, baina askotan, esaten duenak ez du zentzurik, nahiz eta hizlaria ez den horretaz konturatzen.
- Alderdi fonetikoa kontuan hartuta, diskurtsoaren ekoizpena erabat normala da, baina oroimen lexikalean nahasketak ditu, desbideratze ugari izaten ditu, hala nola:
- Desbideratze fonemikoak (parafasia fonemikoak, parafasia formalak)
- Diskurtsoaren desbideratzeak (neologismoak)
- Hitzen desbideratzeak (parafasia semantikoa)
Afasiaren Eragile Nagusiak
Beste gaixotasun batzuek eragin nabarmena izan dezakete garunaren funtzioan, eta ondorioz, afasiadun pertsonen funtzio linguistikoa oztopatu.
Garun-paralisiak (ACV edo iktusa)
Gaixotasun hau odol-hodi baten hausturak edo etenak eragiten du, garunak odol-gabezia tenporala jasanez.
Traumatismoak
Traumatismoak (normalean kolpe baten ondorioz sortuak) jasaten dituzten pertsonen herenak hitz egiteko ahalmenean zailtasunen bat izaten dute. Traumatismoak fokalak edo multifokalak izan daitezke.
Krisiak
Krisia funtzio neurologikoaren bat-bateko behin-behineko alterazio bat da, neuronen gehiegizko deskarga batek sortua.
Tumoreak
Tumorearen kokapenaren, motaren eta hazkuntza-prozesuaren arabera, afasiaren sintomak desberdinak izango dira.
Trastorno Neurodegeneratiboak
Dementzia funtzio kognitiboaren, pertsonalitatearen eta jokaera-aldaketen deterioro progresiboaren bidez adierazten den sindrome kliniko bat da, egokitze sozial eta psikosozialetan ere eragina duena, eta afasian eragin dezakeena. Dementzia mota nagusiak Alzheimerra (dementziaren formarik ohikoena), dementzia frontotenporala eta dementzia baskularra dira.
Errekuperazioa eta Tratamendua
Garun-paralisi baten ostean, afasiadun pertsona bat denbora laburrean (2-4 hilabete) errekuperatzen ez bada, ziur asko ez da inoiz guztiz errekuperatuko. Hala ere, horrek ez du esan nahi hobekuntzarik izango ez denik.
Bai errekuperazio osoaren zein partzialaren hobekuntza-prozesua oso mantsoa, neketsua eta gogorra izan ohi da.
Kasu onenetan, istripu zerebrobaskular baten ondorioz sortutako afasia tratamendurik gabe gaindi daiteke, ordu edo egun gutxiren buruan. Aipatzekoa da istripu zerebrobaskularren komunitateak badaudela afasikoentzat lagungarriak izan daitezkeenak.
Ohikoena, ordea, tratamendua jasotzea da, indibiduala zein taldekoa. Hala eta guztiz ere, afasiadun gehienek, tratamendua jaso arren, ez dute ezintasuna bere osotasunean gainditzen. Hobekuntza-prozesuak bi urte pasatxo iraun dezake.
Hainbat faktorek laguntzen dute ezintasun hau gainditzen, besteak beste: kaltea garunaren zein ataletan dagoen kokatua, lesioaren larritasuna, adina eta osasun orokorra.