Aditz sintetikoa eta perifrasia: egitura eta historia
Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,9 KB
Aditz sintetikoa[1] eta perifrasia: egitura, historia, berreraiketa.
Badirudi aditz sintetikoen forma zaharra ‘*e- A. Lag.-A. Nag.’ egituraz osatuta zegoela: *e-*da(C)-CVC). Hasiera batean Mitxelenak joan eta jakin aditzen jatorrirako *e-oan eta *e-akin proposatu zituen. Proposamen hau ez dator bat CVC erro-teoriarekin, horregatik gerora, hasieran aipatutako egitura proposatu zen; era honetan A.E.ko erro monosilabikoa errespetatzen baitzen.
Hasteko, *e- aurrizkia aditz zaharren morfematzat hartu ohi da (etorri, ikusi, joan, jo, jakin, ibili); gerora aurrizki honek i- edo j- emaitzak eman zituen. Ustez sail honetako erroek osatzen zituzten aditz sintetiko gehienak. Forma zaharraren *da morfemaz hitz egiteko, Trask-en (1977) lana gogoratu beharra daukagu. Trask-en ustez *da antzinako aspektu-marka burutua da. Morfema hau erroaren ezker agertzen da, SVO/VSO hizkuntza zelako seinale.
Esanguratsua da euskarazko aditz sintetikoen kopurua ez zen oso aberatsa eta sendoa izan. Aurreratu dugun bezala adizki sintetiko gehienak *e- aurrizkia zuten aditzenak ziren, eta K.o. III-IV. menderako aurrizkiaren aditzak osatzeko emankortasuna agortzear edo agortua zegoen. Beraz, latin-erromantzeen eraginagatik aditz sintetikoen galera eta perifrasien sorrera eta hedadura ekarri zutela gehiegi esatea litzateke.
Azkeneko bost mendeetan 60 aditz jokatu izatetik, dozena edo dozena eta erdi izatera pasa da euskara. Oraingo adizki jokatu asko oso berriak dira, esaterako zeniezaizkiguketeen; beraz ezin da proposatu A.E.ko adizkitzat.
Perifrasiei dagokienez esan beharra dago, ez zirela perifrasi guztiak batera sortu eta forma perifrastiko guztiak ez direla sintetikoak baino modernoagoak. Gainera, hasieran behintzat, ez ziren latin-erromantzeen arabera eratu. Euskaraz perifrasi ezberdinak daudela jakina da: etor dadin, etorri da edota etortzen da. Badirudi azkeneko perifrasi hau, etortzen da, alegia, hizkuntza askotan dagoen egitura jarraitzen duela: ‘aditz-izena inesiboan + kopula’.
Aditz jokatugabeak (aditz-oina, partizipioa eta aditz-izena) eta perifrastikoak: egitura eta historia.
Bistakoa da aditz perifrastikoak aditz jokatugabe batekin eta aditz laguntzaile batekin osatzen direla. Aditz jokatugabeen artean zaharrena aditz-oina da, hiru arrazoi direla eta:
- Batetik, partizipio eta aditz-izenek marka gardenak (-tu eta -tze, hurrenez hurren) dituzte. Aditz-oinak *e- aurrizkia du, funtzio ezezagunekoa eta zaharragoa dena.
- Bestalde, partizipio eta aditz-izenak aditz-oinari atzizkiak erantsiz sortuak dira (oinarrizkoagoa = zaharragoa).
- Azkenik, deribazioaren teoriaren arabera hasierako aurrizkiak atzizki bihurtu dira. Aditz-oina zaharragoa izan behar du, aurrizkia duelako bakarrik.