Adierazpen Genikoa: Transkripzioa eta Itzulpena

Enviado por Chuletator online y clasificado en Biología

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,68 KB

Adierazpen Genikoa

Adierazpen genikoa DNA sekuentzia batean dagoen informazioa deskodetzeari esaten zaio. Proteinak ekoizteko informazioa duten geneak RNA mezularian transkribatzen dira. Adierazpen genikoak bi mekanismo erabiltzen ditu:

Transkripzioa

Transkripzioa gene baten base sekuentzia molde gisa erabiliz, RNA molekula bat sintetizatzeko prozesua da. Hiru etapa daude:

  • RNA polimerasa-promotore konplexua eratzen da. RNA polimerasak promotorearen kontsentsu sekuentziak ezagutzen ditu eta espezifikoki lotzen zaie. RNA polimerasa-promotore konplexua eratzean genearen gainean ezartzen da eta transkripzio burbuila eratzen da. Honetan, DNA-ren 3'→5' katea libre geratzen da eta molde gisa balioko du. Transkribatzen den DNA kate alderantziko noranzkoa duena da, eta haren osagarria, 5'→3' noranzko normala du.

  • Transkripzioa hasi eta RNA katea luzatu egiten da. RNA polimerasak moldearen nukleotido bakoitzaren parean base osagarri bat jartzen du. Erribonukleotidoak DNA-ren moldearekin parekatzen direnean, RNA polimerasak katalizatzen du elkarren artean lotzen dituzten fosfodiester loturen eraketa. Hala, 3'OH muturrari nukleotidoak gehituz, RNA kate osagarri eratzen da. RNA 5'→3' noranzkoan hasten da, eta 3'→5' molde baten arabera.

  • Transkripzioa amaitzen da. RNA polimerasak bukaera sekuentzia aurkitzen duenean amaitzen da prozesua. Sintetizatutako RNA-ren 3'OH muturra askatu egiten da eta transkripzio burbuila itxi egiten da. Emaitza RNA bat izango da.

Itzulpena

Itzulpena, adierazpen genikoaren azkeneko etapa izango da. Honetan, polipeptidoak sintetizatzen dira, mRNA kate bat erabiliz. Etapa hau gertatzeko, erribosomak, transferentziako RNAk eta kode genetiko bat ezinbestekoak izango dira. Hiru etapatan gertatzen da itzulpena ere bai:

  • Itzulpenaren hasiera. Erribosoma txikiaren azpiunitatea mRNAren 5' muturrari lotzen zaio eta molekula osoa zeharkatzen du, hasierako kodona (AUG) erribosomaren P gunean kokatzen den arte. Hasierako kodonaren gainean, lehenengo aminoazil-tRNA kokatzen da, metionina daramana, eta azpiunitate handia elkartuko da.

  • Proteina katea luzatzea. Erribosomaren A gunean, beste aminoazil-tRNA bat sartzen da. Horren antikodona bigarren kodonaren osagarria izango da. Peptidil transferasa konplexuaren bidez, metionina P gunean dagoen tRNA-tik askatzen da, A guneko bigarren tRNAk daraman aminoazidoari lotzen zaio lotura peptidikoaren bidez. Erribosoma mRNAren gainean desplazatuz joaten da 5'→3' noranzkoan, kodon baten luzera mugituz. Ondoren, tRNA A gunetik P gunera igarotzen da eta hutsik uzten du A gunea. Aminoazido bat daraman tRNA berri bat sortuko da A gunean eta hurrengo luzatze zikloa hasiko da.

  • Itzulpenaren amaiera. Erribosomaren A gunean bukaera kodon bat sartzen denean gertatzen da bukaera. Kodon horiek tRNA osagarririk ez dutenez, proteina batzuk lotzen zaizkie. Azpiunitateak mRNAtik eta bata besteatik askatzen dira, eta sintetizatu berria den kate polipeptidikoa azken tRNAtik askatzen da.

Genearen Eskualdeak

Geneak hiru eskualde nagusi ditu:

Eskualde Promotorea

Eskualde ez-kodetzaile bat da, base espezifikoen kontsentsu sekuentzia batzuk dituena. Sekuentzia horiek genea non hasten den adierazten dute. DNA-ren 5'→3' katean dago.

Eskualde Kodetzailea

RNA kate jakin bat sintetizatzeko behar den informazioa du base sekuentzian. Transkribatzen den lehenengo nukleotidoan hasten da, azkenekoan bukatzen.

Bukaera Eskualdea

Eskualde ez-kodetzaile bat da. Bukaera sekuentzia espezifiko batzuk ditu, zeinak adierazten dute genea non bukatzen den eta transkripzioa non amaitzen den.

Entradas relacionadas: