Absolutismoa eta Liberalismoa Espainian (1814-1836)
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 7,67 KB
Pertsiarren Manifestua (1814-04-12)
Aztergai dugun testu hau testu publikoa da, manifestu bat, Pertsiarren Manifestua hain zuzen ere. Iturria historikoa da, informazio zuzena eskaintzen baitigu, hau da, testua eta gertaera historikoa garai berekoak dira.
Egilea eta helburua
Gorteko diputatu absolutistek sinatutako testua da. Fernando VII.a Espainiako tronura itzultzean Cadizen izandako hainbat absolutistak idatzi zuten. Haien eginkizuna erregearengana joan eta, Konstituzioa gogoz kontra onartu behar izan zutela eta, berriz ere absolutismoa ezartzeko eskatzea zen.
Data eta izaera
1814ko apirilaren 12an idatzi zen Madrilen. Diputatuek gutuna erregeari bidali zioten eguna da. (Oharra: Gutuna erregeari bidaltzeak izaera pribatua ematen dio, nahiz eta manifestu publiko baten ingurukoa izan).
Ideia nagusiak
Aztertzen ari garen testu honetan hiru ideia nagusi agertzen dira:
- Idazleak (Cadizen izandako absolutistak) pozik zeuden Fernando VII.aren itzulerarekin.
- Monarkia absolutuaren defentsa egiten dute, herritar guztientzat dituen abantailak azpimarratuz. Monarkia absolutua arrazoiaren eta adimenaren lana dela diote, Jainkoaren legearen, justiziaren eta estatuko legeen menpe dagoela esanez. Horregatik, botere subiranoa absolutua izatea beharrezkoa zen.
- Antzinako legeen eta Monarkiaren araberako gobernua eskatzen dute, Cadizeko Konstituzioari uko eginez.
Testuinguru historikoa: Cadizko Gorteak
Independentzia Gerraren ondorioz idatzi zen Konstituzioa, Erregimen Zaharra deuseztatzeko. Frantziaren kontrako gerra betean, 1810ean Batzorde Zentral Gorenak Gorteak biltzeko deia egin zuen, eta Cadizen bildu ziren.
1812an Cadizko Konstituzioa idatzi zen. Oinarri nagusiak hauek izan ziren:
- Nazioaren burujabetasuna.
- Aginte banaketa (betearazlea, legegilea eta judiziala).
- Izaera konfesionala.
- Batasun administratibo zentralizatua.
Cadizeko Gorteetan liberalismoa zen nagusi. Hala ere, gerran ari ziren herritar gehienek monarkiko jarraitzen zuten (batzuk absolutistak, besteak erreformistak) eta sutsuki babesten zuten katolikotasuna, antiklerikalismoa eta laikotasun kontrairaultzailea baztertuz. Barne kontraesan hori nabarmen ikusi zen XIX. mendearen zati handi batean zehar. Aztertzen ari garen testua horren eredu da.
Ondorioak eta garrantzia
1813ko Valençaiko Itunaren ondoren, Napoleonek Fernando VII.ari aitortu zion Espainiako erregetza. 1814 eta 1820 bitartean, Espainiak hainbat fase igaro zituen: absolutismoa berriro indarrean jarri zen, Europako gainerako herrialdeetan Errestaurazio absolutista nagusitu zen bezala.
Etapa honen hasieran, 1814an, Gorteetako diputatuen herenek (joera absolutistakoek) Pertsiarren Manifestua sinatu zuten, gobernu absolutua aldarrikatuz.
Napoleonek abdikatu zuela jakitean, Fernando VII.ak estatu-kolpea eman zuen, Konstituzioa eta Cadizko Gorteek prestatutako lege liberal guztiak indargabetuz eta erregimen absolutista ezarriz.
Testu hau oso garrantzitsua izan zen, besteak beste, Fernando VII.a absolutismoa ezartzera bultzatu baitzuen. Horretan datza bere garrantzia: ordura arteko konstituzio liberal bakarra alde batera utzi zuen agiria izan baitzen.
Mendizabalen Desamortizazioa (1836)
Sarrera eta izaera
Aztergai dugun testua Mendizabalen desamortizazio dekretua da, Juan Álvarez de Mendizabalek Maria Kristina erreginaordeari bidalitakoa. Forma aldetik, testu juridikoa da (dekretua baita). Eduki aldetik, ekonomiko-politikoa da, diru-zorra kitatzeko eta politika suspertzeko osagarria baita.
Egilea Juan Álvarez de Mendizabal liberal progresista izan zen. Dekretua 1836ko otsailaren 21ean argitaratu zen Gaceta de Madrid-en, Isabel II.aren erregealdian, bere ama Maria Kristinaren erregeordetzan. Testua eta gertaera historikoa garai berekoak direnez, testu historikoa da.
Autorearen helburua desamortizazioak ekarriko dituen onurak azaltzea eta erreginaordearen zalantzak gainditzea zen.
Desamortizazioaren helburu nagusiak
Mendizabalek desamortizazioaren helburu nagusiak azaltzen ditu. Nazionalizatutako lurrak saltzea proposatzen da; beraz, desamortizazioaren bigarren fasean gaude. Estatuak dagoeneko bereganatu ditu Elizaren lurrak eta lurren deslotzea (desbinkulazioa) ere eman da. Lur horiek saltzea besterik ez da falta.
Helburu ekonomikoak
- Nazioaren zorra ordaintzea: Hau zen helburu nagusia. Estatuaren zorra handia zen, eta dirua behar zuen Lehen Karlistadak sortutako gastuei aurre egiteko. Zorrak ordaindu ezean, ezingo zuten mailegurik lortu, eta horiek funtsezkoak ziren armada liberala ondo hornitzeko.
- Elizaren boterea murriztea: Elizaren lurrak (“hildako aberastasunak”) saltzeak lur horien errendimenduak eta, beraz, nazioaren aberastasuna handituko zituen.
Helburu politikoak eta sozialak
- Liberalismoa sendotzea: Nekazari jabeen kopurua handituko zen, eta erregimen liberalaren eta Isabel II.aren tronuaren euskarria izango ziren, haiei esker lortuko baitzituzten lurrak.
- Lurjabe ertainen klase bat sortzea: Horrekin batera, lur-jabegoaren egitura aldatuko zen eta lurraren errendimendua handitu.
Testuinguru historikoa: Karlistaldiak
1833an Fernando VII.a hil zenean, arazo larria sortu zen koroaren ondorengotzan. Felipe V.ak emandako Lege Salikoaren arabera, emakumeak ezin ziren erregearen ondorengo izan. Fernando VII.ak zuzeneko ondorengorik ez zuenez, Karlos Maria Isidro infantea zen legezko ondorengoa. Baina egoera aldatu zen Fernando VII.a Maria Kristinarekin ezkondu eta alaba bat izan zuenean. Ondorioz, erregeak Lege Salikoa indargabetu zuen eta emakumeei erregina izateko eskubidea aitortu zitzaien.
Horrek bi talde sortu zituen:
- Karlistak: Absolutismo monarkikoaren eta foru tradizionalen aldekoak.
- Liberalak (Isabeldarrak/Kristinoak): Isabelen alde jarri zirenak. Adin nagusi ez zenez, aukera ematen zien Maria Kristina erreginaordearen agintaldian esku hartzeko. Liberalismoa ezartzearen, legeak bateratzearen eta zentralizazioaren alde zeuden.
Fernando VII.a hil zenean, karlistak matxinatu egin ziren, Lehen Karlistaldia hasiz. Gerra honek 1840ra arte iraun zuen eta Hego Euskal Herrian izan zen gordinena. Elizaren desamortizazioak ere izan zuen zerikusirik gatazkan.
Desamortizazioaren prozesua eta amaiera
Garai honetako neurri garrantzitsuenak 1837ko Konstituzioa eta Mendizabalen desamortizazioa izan ziren. Zor publikoa ezabatzeko eta Karlistaldia irabazteko beharrak eraman zuen Mendizabal Elizaren ondasunak nazionalizatzera eta saltzera. Desamortizazio hau 1836-1837 bitartean egin zen, eta garrantzitsuena izan zen.
Prozesuak hiru pauso nagusi izan zituen:
- Elizaren lurren merkatuaren liberalizazioa.
- Elizaren lurrak ondasun nazional bihurtzea.
- Enkantean saltzea.
Ordena erlijioso gehienak ezabatu ondoren, klero erregularraren ondasun guztiak Estatuak konfiskatu eta saldu zituen 1836an. Hurrengo urtean, klero sekularraren ondasunen nazionalizazioa agindu zen, nahiz eta horiek Esparteroren erregeordetza arte ez saldu.
Fase hauek gorabehera eta testuan azaltzen diren helburuak guztiz beteko ez ziren arren, gerra amaitu zen: Maroto jeneral karlistak eta Espartero jeneral liberalak Bergarako Ituna sinatu zuten. Itun horretan, Isabel II.ari erregina izateko eskubidea aitortu zitzaion eta Esparterok foruak babesteko hitza eman zuen.