Abangoardiak eta Belaunaldi Galdua: XX. Mendeko Literatura
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Latín
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,08 KB
Abangoardiak
Sorrera eta Testuingurua
XX. mendeko lehen hogeita hamar urteetan, Sinbolismoaren eraginpean poesia on asko idatzi zen. Baudelairengandik Mallarmérenganaino garatutako poesiak itzal luzea utzi zuen hainbat hizkuntzatako poesiagintzan. XX. mendeko lehen zatiko poesiagintza bi sailkapen nagusitan bil daiteke: Abangoardiak eta Sinbolismoaren osteko poesia.
Arte plastikoetan ere oso garrantzitsuak izan ziren abangoardiak. Abangoardiak Rimbaudek aldarrikatzen zuenaren jarraitzaileak izan ziren neurri batean. XX. mendea garai politiko oso gatazkatsua izan zen, eta abangoardien eta politikaren artean lotura estua egon zen.
XX. mendearen hasieran, aurreko tradizioarekiko hautsi eta erabateko berritasuna ezarri nahi izan zuten mugimendu nagusiak honako hauek ziren:
- Futurismoa
- Kubismoa
- Espresionismoa
- Dadaismoa
- Ultraismoa
- Surrealismoa
Ezaugarriak eta Tresnak
Abangoardiek nazioarteko izaera zuten (Internazionalismoa) eta tradizioaren aurkako jarrera aktiboa izaten zuten. Ezaugarri nagusiak:
- Antierrealistak dira. Errealitatea “bortxatu” nahi dute, ez imitatu.
- Sentimendu eta pasiorik gabeko artea da. Ez zaie inporta.
- Arte intelektuala da, buruarekin egindako artea. Irakurleari jarrera aktiboa eskatzen diote.
- Originaltasuna (denen gainetik) da helburua.
Kontraesanak gertatzen dira abangoardiaren adarren artean. Hiru tresna nagusi erabiltzen zituzten:
- Humorea. Artea ez da gauza serio bat.
- Metafora. Zerbait esateko modu bat, zentzu zabalean.
- Bat-batekotasuna.
Artistaren askatasuna erabatekoa zen. Berak egin nahi zuena egin zezakeen.
Poeta Nabarmenak
Bi poeta abangoardista garrantzitsu:
- Guillaume Apollinaire (1880-1918): Kubismoaren poeta. Margolari batzuekin harremanetan, kubismo literarioaren norabidea zehaztu zuen. Errealitatearekiko morrontzatik aske, forma ausartetan eta aldi bereko irudietan jasotzen du desegindako errealitatea haren poesiak. Surrealismoaren eta arte modernoaren aitzindari eta aldarrikatzaile handienetako bat izan zen. Lan batzuk: Alkoholak (1913) eta Kaligramak (1918).
- Tristan Tzara (1896-1963): Dada mugimenduaren sortzailea izan zen, 1916an Zurichen. Parisera joan zen, eta 1918ra arte ez zuen Dadaismoak bere jarraitzaileak bildu. Dadaisten ikuspegian, Lehen Mundu Gerraren tamainako giza balioen hondamendiaren aurrean, poesiak Mendebaldeko kulturarekin gauza bera egin behar zuen. Hondamendia ekarri zuen kultura eta ikusmolde burgesaren ondare literarioa gaitzesgarria zen. Poesia edozein logika eta zentzutatik kanpo jarri zuten. Irtenbiderik gabeko eraiste lana izan zen dadaisten ahalegina. Jarrera vitalak agintzen zuen ondo egindako lanaren gainetik.
Belaunaldi Galdua
Kokapena eta Testuingurua
Belaunaldi Galdua (ingelesez, Lost Generation) Lehen Mundu Gerraren ostean sortu zen belaunaldiari deritzo. Gaztedi iparramerikarrak ideia eta egitasmo handietan fedea galdu, eta oraina bizitzeari ekin zion.
1920ko hamarkadan gaude, 'Urrezko Aroa' deituraz ezagutzen den garaian, eta jazza, charlestona, alkohola edo automobil distiratsu handiak datozkigu burura.
Terminoaren sortzailea Gertrude Stein (1874-1946), idazle iparramerikar judua, izan omen zen. Arte-kritikaria zen Leo bere nebarekin batera. Garaiko hainbat idazle eta artistaren mezenas eta bultzatzaile bihurtu zen nortasun handiko emakume hau.
Pariseko bere etxean elkartzen ziren, besteak beste, Ford Madox Ford, Francis Scott Fitzgerald, Ernest Hemingway, John Dos Passos eta E.E. Cummings. Azken hauek 'Lost Generation' delakoa osatzen zuten egileak izan ziren.
'Lost Generation'-eko idazleek 1920ko hamarkadan zehar Parisen bizi izana zuten amankomunean. Denek gertutik ezagutu zituzten Lehen Mundu Gerraren sarraskiak, eta horren ondorioz, errealitatea ez zitzaien batere asebetegarria egiten. Errealitateak sortzen zien etsipen handiarengatik, 'galduak' sentitzen ziren egileek.
Ez zen mugimendu literario bat, bakoitzak bere estiloa zuelako. Steinek sortu zuen terminoa, baina Hemingwayk bere The Sun Also Rises (Eguzkia ere irten egiten da) nobelan erabili zuen pertsonai batzuk izendatzeko, eta gero Steinek berriro hartu zuen.
Obra Nagusiak eta Egileak
Bi obra eta idazle nabarmen:
- Eguzkia ere irten egiten da (The Sun Also Rises), 1926koa, Ernest Hemingwayk (1899-1961) idatzi zuena.
- Manhattan Transfer (1925), John Dos Passosek (1896-1970) idatzitakoa. Hiri bera da protagonista, ez pertsona fisiko bat.