7. Gaia: Gizakia eta Bizitzaren Zentzua

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 9 KB

GAIA: Gizakiari eta bizitzaren zentzuari buruzko gogoetak

Gizakiari buruzko ikuskerak

Greziarren ikuspegia

Historian zehar gizakiaz eman diren teoria garrantzitsuenetako askok arima eta gorputza bereiztea zuten oinarri eta abiapuntu.

Heroi homerikoa

Soma terminoak, orain “gorputz” esanahia ematen diogun horrek, jada hilda dagoen gorputza adierazten zuen: “gorpu” edo “hilotz”.

Homerok idatziak diren Iliada eta Odisea lanetan, psykhe terminoak bi adiera ditu batera:

  • Bizia eta mugimendua posible egiten dituen “arnasa”. Izakiak hiltzen direnean, irten egiten da haien gorputzetik.
  • Hildakoaren itzala edo bestea, mamu edo espiritu esango genukeena; behin pertsona hilik dela, Hadesera joaten da, ilunpeetako erresumara.

Ez dago niaren identitatea. Izan ere, identitatea kanpotik emana datorkigun zerbait da, besteek ematen digutena. Gu garen hori besteek finkatzen digute. Horrela, bizitzako helburua ohorea, ospea edo loria erdiestea da.

Gorputza kartzela da

Orfismoa eta pitagorismoa aldeztu zutenek beste modu batera interpretatu zuten psykhe zeritzoten hura: substantzia edo entitate espiritual bat zen. Ikuskera honetan, arima pertsonon alderdi onaren irudi zen, eta gorputzean, berriz, alderdi txarra zetzan. Arima bat jainko-jainkosen mundutik kanporatua denean, materiaren mundura erori eta gorputz baten barruan sartuta geratzen da, kartzela batean bezala irten ezinda. Platon izan zen ikuspegi honen defendatzaile nagusia.

Erreakzio enpirista

Aristoteles. Arima, Aristotelesek zioenez, gorputz batek bizia izatea posible egiten duen materia-antolaera da. Beraz, ezinezkoa da pertsona baten arima haren gorputza baino lehen existitu ahal izatea, edo gorputz batetik beste batera igaro ahal izatea.

Arima arrazionala duela eta, gizakiak pentsamendua eta hizkuntza ditu. Gizakia “mintzamena duen animalia” da. Horregatik, animalia politikoa ere bada, gizartean bihurtzen baita gizaki: polisean.

Atomistak: Leuzipo, Demokrito eta Epikuro. Haien iritziz, munduan den guztia, gorputzak eta arimak barne, atomoz eta hutsez osatuta dago. Beraz, gorputza eta arima ez dira izatez desberdinak: materia dira biak.

Jainkoaren irudiko

Kristautasunean, Jainkoa bakarra, espirituala, ahalguztiduna eta guztiz ona da, perfekzioz betea. Bere antzeko eta irudiko sortu zuen gizakia, eta arima hilezkor bat eman zion.

Kristautasunak Jainko pertsonal baten kontzeptua sartu zuen; gizakiak bakarkako harremana eduki dezake harekin, bere barruko kontuez hitz egiteko aukera baitu otoitzaren bidez. Dena den, Adamen eta Evaren jatorrizko bekatuagatik (Jainkoaren esana bete ez zutelako), gizaki orok orban bat du jaiotzean, eta bataioaren bidez garbitu behar du. Bataiatzean, Jainkoak eman dion askatasuna egoki erabiltzeko konpromisoa hartzen du gizakiak: haren aginduak betetzekoa eta hurkoarenganako maitasunean oinarrituta bizitzekoa.

Gainerako gizon-emakume guztienganako maitasuna sentitu behar horrek ideia erabat berria ekarriko du: besteei beren hutsegiteak barkatzen jakin beharra.

Hinduismoak arima hilezkorra behin-behineko bizitzan kokatu zuen, eta hartatik askatu behar zuela zioen meditazioaren bidez, irrika materialei uko eginez eta gorputza zigortuz. Budismoa ere antzekoa da.

Errenazimentuko humanismoa

XIV. mendetik XVI. mendera bitartean, Errenazimentua Italian sortu eta Europako gainerako lurraldeetara hedatu zen. Iturri klasikoak berrezkuratzeko gogoa piztu zen (Grezia eta Erroma klasikoak).

Humanismoa: Erdi Aroko kultura erabat teozentriko hura alde batera utzi eta kultura antropozentriko bat hasi zen (gogoeta ororen abiapuntua gizakia bera zen). Gizakiek gogoetarako ahalmena hartu zuten balio gorentzat. Humanistek gizabanakoaren autonomia intelektual eta morala goretsi zuten.

Giovanni Pico della Mirandolak esan baitzuen gizaki orok duintasuna duela, berez, gizaki izateagatik, pozgarrien iritzi dion bizimodua hautatzeko aukera duelako.

Gizakiaren emantzipazioa

XVI. mendetik XVIII.era bitartean, ikuskera mekanizista sortu zen gorputzari dagokionez. Giza gorputza makina baten modukoa zen. Dena den, gorputza arimarekin harremanetan dagoenez, adimena eta askatasuna ditu gizakiak.

Modernitatean aurrerapen zientifiko eta tekniko ugari egin zituzten. Giro intelektual horretan Ilustrazioa sortu zen: gizakia “adin-nagusitasuna” lortzeko bidean zegoela aldeztu zuen mugimendua.

Gizadia behin betiko aurrerapen bidean jarria zelako iritzia sustatu zuen, eta aurrerapen hori mugagabea zen, ustez. Zientziak mundu hobe bat sortuko zuen denontzat. Baina mundu hori benetan denontzat izango bazen, eskubide-berdintasuna eskatu beharko zen. Horrela, aldarrikapen politikoak gizakiaren emantzipazioaren aldeko borrokaren parte bihurtu ziren.

Zenbait umilazio

  • Eboluzioaren teoriak zalantzan jarri zuen, zeharo, animaliak alde batean eta gizon-emakumeak bestean jartzen zituen ordura arteko bereizketa erabatekoa. Gizakia tximino eboluzionatu bat dela ulertzea beste umilazio bat gertatu zitzaien hainbati.
  • Karl Marxek esan zuen askotan uste izaten dugula gure pentsatzeko erak determinatzen duela gure bizitzeko modua, baina, egia esan, kontrara gertatzen da. “Bizitzak determinatzen du kontzientzia”; hau da, zer egiten dugun, horrek baldintzatzen ditu hein handi batean gure sinesmenak, nahiak eta kezkak testuinguru sozioekonomikoan.
  • Beste umilazio bat Sigmund Freuden teoria psikoanalitikoak ekarri zuen. Psikoanalisiaren sortzaileak esan zuenez, gogoaren gehien-gehiena inkontzientea da. Gure bulkada eta motibazio asko, baita sinesmen asko ere, inkontzientean daude; hortaz, geure gogoan zer dagoen ez dakigu, eta ez gara “geure buruaren jabe”.

Askotariko ikuspegiak

XX. mendean, mugimendu existentzialistaren ezaugarrien arabera, bereizten gaituena ez da esentzia komun bat izatea, baizik eta jaiotzen garenean izaki zehaztugabeak garela.

Kontzientzia dugunez eta libre garenez, hamaika aukerara zabalik dagoen izakia da gutako bakoitza, eta norberak eraikitzen du bere identitatea, egunez egun, erabakiak hartuz eta ekintza zehatzak eginez. Dena den, askatasun horrek badu alde txar bat ere: etengabe aukeratzen aritu behar izateak eta norberaren erabaki zuzen nahiz okerren erantzukizuna nork bere gain hartu beharrak larrimina eragin baitiezaguke, norberaren bizitzari zentzua ematea lortzen ez dugunean horrek eragiten digun ziurtasun faltagatik.

Estrukturalismoak zioenez, gizakia ez da arau, balio eta egitura kulturalen sortzailea, baizik eta horren guztiaren emaitza. Gizabanakoari eredu sozial eta kultural jakin batzuek ematen diote identitatea, eta horien arabera jokatzen du. Familia, gizarte eta kultura jakin baten barruan jaiotzen gara, estruktura jakin baten barruan, eta gure banakotasuna ezin bereiz daiteke elementu horietatik guztietatik.

Identitatearen auzia

Giza bizitzaren zentzua guztiz lotuta dago beste galdera honekin: “Zer gara bakoitza?”, hau da, zerk osatzen du gure identitatea? Niaren zentzua pixkanaka eraikitzen zaigu, errealitate kulturalarekin harremanetan sartzen garen heinean.

Garapen psikologikoan halako prozesu bat gertatzen da, eta norberaren banakotasunaren kontzientzia sortzen da. Izaki bakar edo paregabekotzat ezagutzen gaituzten heinean, nor bere burua ni gisa ikusten hasten da, inguruan ditugun gainerako pertsona guztiak ez bezalakoa.

Dena den, geure buruaren kontzientzia hartzen hastea aurreneko urratsa baino ez da gure identitatea eratzeko bidean. Denboraren joanean, harreman afektibo eta emozionalek, garapen kognitiboak, zaletasunek eta gustuek zehaztuko dute gure identitatea.

Faktore indibidualetatik nahiz faktore sozial eta kulturaletatik, interakziotik abiatuta eraikitzen da identitatea. Eta horrek identitatearen auziaren aurrean jartzen gaitu zuzenean: zehatz-mehatz nola iritsi gara gu garen horrekin identifikatzera? Gutako bakoitzarengan, zer da bene-benetan norberarena, berezkoa, eta zer, aitzitik, kanpotik etorri eta nork berea egina?

Entradas relacionadas: