1978ko Espainiako Konstituzioa: Analisia, Sailkapena eta Testuinguru Historikoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,67 KB

1978ko Espainiako Konstituzioaren Analisia

Egiturari dagokionean, testua sarrera batez, sei artikuluz eta xedapen gehigarri eta indargabetzaile banaz osatuta dago. Beraz, artikulu bakoitzeko ideia bat jorratuko da. Testuan, Konstituzioaren oinarrizko printzipioen azalpena agertzen da. Sarreran, Juan Carlos I.a Espainiako erregeak herritar guztiei jakinarazten die Espainiako Gorteek Konstituzioa onartu eta herriak berretsi duela.

Konstituzioaren Funtsezko Printzipioak

  • 1. artikulua: Espainia zuzenbidezko estatu sozial eta demokratiko gisa eraikiko dela jasotzen da, demokraziaren funtsezko printzipioak (berdintasuna, askatasuna, eta abar) eta alderdi guztien parte-hartzea, hau da, pluralismo politikoa, baimenduz. Hortaz gain, boterea herriarengandik datorrela zehazten du, subiranotasun nazionalaren printzipioa azpimarratuz. Azkenik, gobernuaren forma monarkia parlamentarioa izango dela zehazten du.
  • 2. artikulua: Espainiaren batasun apurtezina azpimarratzen du. Hala ere, eskualdeen autonomia-eskubidea onartzen du, autogobernua eskuratzeko helburuarekin.
  • 66., 98. eta 117. artikuluak: Botere-banaketa aipatzen da. Botere legegilea Gorteei dagokie, herriaren ordezkari gisa, eta bi ganberatan banatuta daude: Senatua eta Kongresua. Botere betearazlea gobernuaren esku geratzen da, eta gobernuburuak kudeatuko du. Azkenik, botere judiziala Justizia Auzitegietako epaileen esku geratuko da, eta beste bi botereetatik independentea izango da.
  • 143. artikulua: Eskualdeak autonomia-erkidegoetan eratu daitezkeela adierazten du, bete behar dituzten ezaugarrietako batzuk aipatuz, bai eta bete behar duten araudia ere.

Xedapenak eta Euskadi eta Nafarroako Foru-Eskubideak

Xedapenek Euskadi eta Nafarroari erreferentzia egiten diote. Lehenengoan, hau da, xedapen gehigarrian, lurralde horien eskubide historikoak aitortzen ditu, zertan datzan zehaztu gabe, baldin eta eskubide horiek Konstituzioaren eta Estatutuaren egitura berrira egokitzen badira. Bigarrenak, hau da, xedapen indargabetzaileak, 1839ko urriaren 25eko eta 1876ko uztailaren 21eko legeak behin betiko indargabetzen ditu.

Testuaren Sailkapena

Testuaren iturri-maila lehen mailakoa da, gertakariak garaikideak direlako. Era berean, formari dagokionez, juridikoa da, Konstituzioa delako. Aipatzekoa da, halaber, jorratzen den gaia politikoa dela. Pertsona-talde batek testu hau burutu zuenez, egilea kolektiboa da. Gorteen bitartez aurkeztu zen, baina jatorrian testuaren osaketa komisio batek egin zuen, UCD, AP, PSOE, EAJ eta Kataluniako kideek osatua. EAJ komisio honetatik kanpo geratu zen. Hartzailea Espainiako herria da; hortaz, izaera publikoa du, Estatuko Aldizkari Ofizialean (EAO) argitaratuta baitago. Helburutzat, herriari bizitza politikoa zuzenduko duen funtsezko legedia ezagutaraztea eta haien oinarrizko eskubideak zeintzuk diren jakinaraztea du. Azkenik, Konstituzioa 1978ko abenduaren 6an onartu zen, trantsizioan, Suarezen bigarren gobernuan, zehazki. Garai horretan, Espainiako Estatua diktadura batetik erregimen demokratikora igarotzen ari zen.

Testuinguru Historikoa: Trantsizio Demokratikoa

1975ean Francoren heriotzak demokraziarako bidea ireki zuen, trantsizioari hasiera emanez. 1976an, Arias Navarrok dimisioa aurkeztu zuen, eta erregeak Adolfo Suarez izendatu zuen gobernuburu. Suarezek gobernuburu kargua hartu zuen, baina hasiera ez zen oso erraza izan, ezkerretik zein eskuinetik ez zirelako fidatzen. Hala ere, hiru gobernu izan zituen.

Lehen Gobernua eta Erreforma Politikorako Legea

Lehenengo gobernuaren lorpen handienetako bat Erreforma Politikorako Legea izan zen, 1976an. Lege horrek hauteskundeak arautu zituen eta demokraziaren oinarriak finkatu zituen. Gorte frankistek onartu zuten, eta, horren arabera, Gorte horiek desegin egin ziren, herriak aukeratutako beste batzuk eratzeko.

1977ko Hauteskunde Orokorrak eta UCDren Garaipena

1977ko ekainean, Espainiako hauteskunde orokorrak deitu ziren. Hautesleen %79ak bozkatu zuen, lehen hauteskunde demokratikoak izan baitziren 1936tik, eta Suarezen Unión de Centro Democrático (UCD) alderdiak irabazi zuen. Hauteskunde horietan, euskaldunek ordezkaritza ona lortu zuten: EAJk 8 aulki eta EEk 1. Eskuin muturrak eta demokrazia kristauak, berriz, ez zuten ordezkaritzarik lortu.

Bigarren Gobernua, Krisi Ekonomikoa eta Moncloako Itunak

Bigarren gobernuan, arazo larriena krisi ekonomikoa izan zen, 1973ko petrolioaren krisia, zehazki. Suarezek Moncloako Itunak negoziatu zituen alderdi politikoekin, sindikatuekin, patronalarekin eta gobernuarekin. Horien bidez, krisi ekonomikoari aurre egitea, gizarte-tentsioak baretzea eta terrorismoaren ondorioak leuntzea bilatzen zuen. Akordio hori, zalantzarik gabe, Adolfo Suarezen bigarren arrakasta izan zen, nahiz eta eragin handirik ez izan ekonomian, demokrazia finkatzen lagundu zuelako.

Konstituzioaren Onarpena eta Adostasuna

Ostean, Konstituzioa eratzearen beharra ikusi zuten, aztergai dugun testua, alegia. Parlamentua osatzen zuten kideetatik batzar bat eratu zen, UCDko hiru ordezkarik eta PSOE, EAJ, Kataluniako eta APko ordezkari banak osatuta. Behin adostasuna lortuta eta dokumentua osatuta, onartzeko prozesua abiarazi zen: 1978ko urriaren 31n, Gorteek onartu zuten, eta, abenduaren 6an, herriak, erreferendumean. Konstituzioa hitzarmenaren eta adostasunaren emaitza izan zen, eta ezkerreko zein eskuineko alderdiek ikuspuntuak hurbiltzeko betebeharra izan zuten. Hala ere, oreka aurkitzeko zailtasun handiak topatu zituzten zenbait gaitan. Kritika handiena garaiko estatu frankistaren hainbat ezaugarriren deuseztapenaren falta izan zen. Monarkiaren auzia eztabaidaezina izan zen, eta denek onartu behar izan zuten. Espainiaren zatiezintasuna ere finkatu zen, baina autonomia-eskubidea ere onartu zen. Eta, azkenik, eskubideen aldeko zabalpena egon zen: adin-nagusitasuna 18 urtetik gora, adierazpen-askatasuna, heriotza-zigorraren ezabatzea, torturaren debekua, eta abar.

Ondorioak

Testu garrantzitsua da, gaur egun indarrean dagoen Konstituzioa delako. Testuaren ezaugarri orokorrei dagokienez, oinarri demokratikoduna da; luzea da; adostasunaren ondorio da, eta oinarrizko eskubideak zehatz-mehatz garatzeko nahia islatzen du; anbiguoa da, interpretazio desberdinak onartzen baititu, ondorioz, joera desberdinetako alderdiei gobernatzen utziz; zurruna da, bi ganberen 3/5ek bozkatuz eta erreferendumean berretsiz soilik erreformatu daitekeelako; eta izaera aurrerakoia dauka, aitortzen dituen eskubideengatik. Bertan, 1931ko Konstituzioaren arrastoa ikus daiteke, eskubideen adierazpen zabala eta autonomia-estatutuak eratzeko eskubidea jasotzen baititu.

Entradas relacionadas: