1936ko Euskal Estatutua: Jatorria, Edukia eta Garrantzia

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,43 KB

1936ko Euskal Estatutua: Analisia eta Testuingurua

Aztergai dugun testua lehen mailako informazio iturria da, forma aldetik juridikoa (estatutu bat baita) eta eduki aldetik politikoa. Egilea ez zen pertsona bakarra izan; estatutua Parlamentuak sortutako batzorde batek idatzi zuen, Agirre nazionalista eta Prieto sozialista buru zituela, eta, ondoren, Gorteek berretsi egin zuten.

Euskal Estatutua izanik, hartzaileak Euskadiko biztanleak ziren (nazionalistak batez ere); beraz, testu publikoa da. Estatutua Valentzian onartu zen 1936ko urriaren 1ean, Bigarren Errepublikan, Gerra Zibila hasita zegoenean eta Fronte Popularra gobernuan zegoenean. Testuaren helburua Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabak osaturiko autonomia berrirako ardatz juridiko nagusia ezartzea zen.

Estatutuaren Eduki Nagusiak (14 artikulu)

Testu laburra izan zen (14 artikulukoa) eta autonomiaren oinarrizko arloak bakarrik aipatzen zituen. Hauek dira artikulu garrantzitsuenak:

  • 1. artikulua: Estatutuaren eta Konstituzioaren arabera, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba probintziek Euskal Herria izeneko autonomia eskualdea osatuko dute, gobernu propioa edukiz. Gaztelaniaz gain, euskara ere hizkuntza ofizial bihurtuko da.
  • 5. artikulua: Euskal Herriak ordena publikoa mantentzeko bere polizia (Ertzaintza) osatzeko eskubidea du.
  • 10. artikulua: Euskal Herriko boterea herrian oinarritzen da (subiranotasun nazionala). Botere banaketaz hitz egiten du: botere legegilea sufragio unibertsalaren bidez aukeratuko da eta betearazlea biltzar legegilearen konfiantzaren menpe egongo da. Hala ere, Lehendakaria izango da Errepublikarekiko harremanetan ordezkari nagusia.

Xedapen Iragankorra eta Gobernuaren Eraketa

Artikuluez gain, estatutuak xedapen iragankorra du, Gerra Zibila dela eta. Bertan, ezohiko egoerak baldintzatuta, behin-behineko gobernua osatuko dela jakinarazten da. Horretarako:

  1. Estatutua onartu eta 8 egunera, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria Errepublikaren menpeko udaletako zinegotziek aukeratuko dute.
  2. Hautaketa hau Bizkaiko gobernadore zibilak egiaztatuko du.
  3. Lehendakariaren esku geratuko da gobernua osatzea (gutxienez bost kide izateko baldintza ezartzen da).

1936ko hauteskundeetan Fronte Popularrak (ezkerreko koalizioak) garaitu ondoren, estatutuaren prozesua berrezarri zen. Kontsentsua lortzeko batzordea sortu zen, Prieto sozialista eta Agirre nazionalista buru zituela. Aurreko bi estatutuak oinarri hartuta eratu zuten estatutu berria, eta 1936ko ekainerako proiektua ia bukatuta zegoen, finantza arloan akordio bat falta baitzen.

Nafarroarekiko Aipamena eta Ondorioak

Aipatzekoa da Nafarroari egindako aipamen guztiak desagertu zirela. Batzorde Gestoreen Estatutuan baldintza batzuk betez gero Nafarroari bat egiteko eskubidea aitortzen zitzaion.

Azkenean, Jose Antonio Agirre (EAJ) aukeratu zuten Lehendakari. Gobernua Errepublikari leialak ziren indar politiko guztiek osatu zuten: EAJ, PSOE, EAE, etab. Hala ere, Gerra Zibila zela eta, Euskal Gobernuaren agintea matxinatutako militarrek kontrolpean ez zeukaten lurraldeetara mugatu zen.

Estatutua 1931n hasitako prozesu luze eta konplexu baten helmuga da, eta euskal biztanleen ahaleginak irudikatzen ditu. Gainera, testu honetan lehen aldiz Euskadi subjektu politiko gisa azaldu zen.

Entradas relacionadas: