1920ko hamarkadako susperraldia eta 1930eko Depresio Handia

Enviado por Chuletator online y clasificado en Inglés

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,92 KB

1920ko hamarkada: susperraldi eta krisi ekonomikoa

Gerraosteko krisia Europan

Europako ekonomia gerraosteko krisian egon zen, bai gerrak eragindako hondamendiagatik, bai inflazioagatik, bai eta langabeziaren hazkundeagatik ere. Krisialdia bereziki handia izan zen Alemanian, gerraren kalteak ordaindu behar baitzituen. Horrek berekin ekarri zuen prezioak ikaragarri garestitzea eta monetak (markoak) balioa galtzea. Fenomeno horri hiperinflazioa deritzo. 1924tik aurrera, ekoizpena hazi, langabezia murriztu eta bizi-kalitatea hobetu egin ziren Europako herrialdeetan, Estatu Batuetan baino gutxiago, hala ere. Ekonomiaren susperraldi hori Britainia Handiak eta, batez ere, Estatu Batuek emandako diruari esker gertatu zen.

Urte zoriontsuak Estatu Batuetan: 1920ko hamarkada

1922 eta 1929 urteen artean, industria asko hazi zen Estatu Batuetan. Automobilgintza, etxetresnagintza, industria elektrikoa eta petrokimikoa, besteak beste, asko garatu ziren kateko lanari esker. Eraikuntzak ere garrantzi handia izan zuen, zeruorratzak eraiki baitziren. Bizi-kalitatea hobetu egin zen, eta horren ondorioz, kontsumo-gizartea sortu zen. Etxebizitza batzuetan, ordura arte aberatsen etxeetan bakarrik zeuden instalazioez gozatzeko modua zegoen: igogailua, berokuntza edota argindarra. Etxetresna elektrikoak (garbigailuak, hozkailuak, irratiak, etab.) eta autoak eskuragarri izan ziren orduko gizarteko jende gehiagorentzat, publizitatearen bidez ezagutzen eta epekako erosketen bidez ordaintzen baitzituzten. Bizimodu amerikarra mundu osora hedatu zen. Ikuskizun bereziak zeuden: zinema, kabaretak, masa-kirolak (boxeoa eta futbola) eta herri musika. Prentsa eta irratia asko hedatu ziren, bi helburu baitzituzten: informatzea eta entretenitzea.

1930eko hamarkada: Depresio Handia eta krisia

New Yorkeko burtsaren 1929ko crack-ak krisialdi ekonomiko larria eragin zuen mundu osoan.

1929ko krisialdiaren jatorria superprodukzioa (gainekoizpena) izan zen: gerra amaitzean, herrialdeek mota guztietako produktuak fabrikatu zituzten, eta horrek soberakinak eragin zituen.

Enpresek beren ordainketak egiteko diru-premia izan zutenean, saldu egin zituzten akzioak. 1929ko urriaren 24an, Ostegun Beltza deritzon egunean, New Yorkeko burtsan akzioak barra-barra saldu ziren. Hori dela eta, beren balio guztia galdu zuten, eta bai enpresek, bai inbertitzaileek porrot egin zuten (arruinatu egin ziren): horri deritzo 1929ko crack-a.

Depresio Handia: jatorria eta hedapena

Burtsak porrot egiteak krisialdi ekonomiko larria ekarri zuen, Depresio Handia izenaz ezagutzen dena. Bankuek hondoa jo zuten, bezeroek beren dirua atera zutelako. Gainera, nekazaritzako eta industriako produktuen eskaria murriztu egin zen, eta inbertsioak gutxitu. Horren guztiaren ondorioz, enpresa askok itxi egin behar izan zuten, eta hondamendia izan zen milaka nekazarirentzat. Langabezia ikaragarria izan zen. Krisialdia munduan zehar hedatu zen, batez ere honako bide hauetatik:

  • AEBk inportazioak murriztu zituen, eta, beraz, lehengaiak saltzen zizkioten herrialdeen porrota ekarri zuen horrek, Latinoamerikako herrialdeena kasu.
  • AEBko bankuak Europan inbertitutako dirua etxera ekartzen hasi ziren. Erabaki hori bereziki kaltegarria izan zen Alemanian eta Austrian.

Krisialdiaren aurkako neurriak: New Deal

1933an, Franklin D. Roosevelt presidente berriak New Deal (hitzarmen berria) programa abiarazi zuen:

  • Herri lanetan inbertitu zuen enplegua sortzeko, horrela langabetuek lanbide bat lortu zuten.
  • Nekazariei diru-laguntzak eman zizkien ekoizpena gutxitu zezaten, eta horrela beren produktuen prezioak igo eta irabazi handiagoak izan zitzaten.
  • Lan-baldintzak hobetu zituen (lanordu gutxiago, gutxieneko soldata, langabezia-aseguruak, etab.).

Neurri horien helburua kontsumoa igotzea eta Estatu Batuetako ekonomiaren susperraldia eragitea zen.

Entradas relacionadas: