1876ko Konstituzioa: Analisia eta Testuinguru Historikoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,27 KB
Sailkapena
Aurrean dugun testu hau 1876ko Espainiako Konstituzioaren artikulu multzo bat da, urte horretako ekainaren 30ean Madrilen argitaratua.
- Iturria: Lehen mailako iturri historikoa.
- Izaera: Juridikoa (egiturari dagokionez) eta politikoa (gaiari dagokionez).
- Egilea: 1876an sufragio unibertsalez hautatutako Gorte Konstituziogileak.
- Berrespena: Alfontso XII.a erregeak berretsi zuen.
- Hartzailea: Espainiako herritar guztiak.
Analisi Nagusia
Konstituzio honen ideia nagusia Cánovas del Castillok ezarritako Berrezarkuntza sistemaren neurriak finkatzea zen. Horretarako, hainbat artikulu gako zehazten dira:
Artikulu Garrantzitsuenak
- 11. artikulua (Erlijioa): Katolizismoa ezartzen du erlijio ofizial gisa. Kultu askatasuna onartzen da, baina beste erlijioak publikoki praktikatzeko eskubidea mugatzen du.
- 13. artikulua (Askatasunak): Hainbat askatasun zabaltzen ditu, hala nola, ideiak zentsurarik gabe zabaltzeko eskubidea (“Espainiar orok du eskubidea…”). Horrez gain, elkartzeko eskubidea ematen zaie biztanleei.
- Botere Banaketa (18. artikulua): Subiranotasuna Gorteen eta Erregearen artean banatua uzten du, botere banaketa inperfektua ezarriz. 18. artikuluak argi uzten du: “Legeak egiteko ahalmena Gorteek dute Erregearekin”.
- Gorte Bikameralak (19, 20 eta 28. artikuluak): Gorteen osaketari buruz hitz egiten dute.
- 19. artikulua: Gorteak bi ganberek osatuko dituzte: Senatua eta Diputatuen Kongresua.
- 20. artikulua: Senatuaren osaketa eta senatarien izaera zehazten da.
- 28. artikulua: Diputatuak momentuan zehaztutako sufragio bidez hautatuak izango direla argi uzten da.
- 50. artikulua (Botere Betearazlea): Botere betearazlea definitzen du, erregeak izanik eskumen nagusia.
- 75. artikulua (Zentralismoa): Liberal moderatuen ezaugarri nagusietako bat zehazten da. Zentralismoa ezartzen da, lurralde osoan “kode berberak” aginduko dutela argi utziz.
Testuinguru Historikoa: Berrezarkuntza
Seiurteko Demokratikoa (1868-1874)
Isabel II.a tronutik bota zuten 1868ko La Gloriosa Iraultzaren ondoren. Horren ostean, Espainian Seiurteko Demokratikoa izeneko etapa zabaldu zen. Lehenik, Serranok hartu zuen erregeordetza eta 1869ko Konstituzio liberal progresista ezarri zen. Bertan Monarkia Parlamentario bat jasotzen zen, Amadeo Savoiakoarengan pertsonifikatua.
Hala ere, erregetza motza izan zen, ez baitzuen herriaren babesik jaso. Ondorioz, Errepublika bat ezarri zen, baina egonkortasuna ez zen lortu: 11 hilabetetan 4 presidente izan zituen, barne zatiketek bultzatuta.
Berrezarkuntzaren Ezarpena (1874)
Ezegonkortasun garai honen aurrean, Borboitarren itzulera eskatzen zuen sektoreak indarra hartu zuen. Martínez Campos jeneralak (Cánovas eta Alfontsoren Sandhursteko manifestuari entzungor eginez) estatu kolpea jo eta Alfontso XII.a izendatu zuen errege, Berrezarkuntza izeneko sistema ezarriz.
Erregimen honen arkitektoa Cánovas del Castillo izan zen. Hark hauteskundeak deitu zituen (sufragio unibertsal bidez) Gorte Konstituziogileak eratzeko, eta horrela idatzi zen 1876ko Konstituzioa.
Berrezarkuntza Sistemaren Oinarriak
Alfontso XII.aren erregetza garaian ezarri zen Berrezarkuntza sistema bi ezaugarri nagusitan oinarritzen zen:
- Txandakatze Sistema: Alderdi liberal kontserbadore eta progresisten arteko txandakatzean zetzan. Sistema hau jauntxokeriaren bidez (boterea gutxi batzuen eskuetan uzten zuen sistema) eta hauteskundeetako iruzurraren bidez bermatzen zen.
- 1876ko Konstituzioa: Bertan dugun testua.
Konstituzioaren Garrantzia eta Iraupena
1876ko Konstituzio hau giltzarri izan zen Berrezarkuntzan. Urte luzez iraun zezan, pragmatikoa eta eklektikoa izatea bilatzen zuen, ideia ezberdinak onartzeko malgutasuna eskainiz. Horregatik, bertan ikusten diren puntu gehienak irekiak eta moderatuak dira:
- Subiranotasun partekatua onartzen da.
- Botere banaketa inperfektua ezartzen da.
- Estatu konfesionala eta erlijio askatasuna ezartzen dira.
- Sufragioa ez da zehazten (1878ko Hauteskunde Legeak zentsitario egingo du eta 1890eko Hauteskunde Legeak unibertsala bilakatuko du).
- Giza eskubide dezente onartzen dira.
Cánovasek ezarritako txandakatze sistema bermatu eta oligarkiaren ideiak defendatzen zituen. Nahiz eta alderdi kontserbadorearen gobernualdian idatzi zen, bere zehaztasun faltak malgutasuna eman zion, aldaketak egitea ahalbidetuz. Horregatik uler daiteke aurrekoekin alderatuz izan zuen iraupen luzea, 1931 arte iraun baitzuen.
Beraz, esan dezakegu garrantzia handia izan zuela, bere iraupen luzearen eraginez. Ez zuen beste konstituzio batzuk bezainbesteko eragin politiko zuzena izan, baina ia 60 urtez erregimenaren oinarri izan zen, XIX. mende amaiera eta XX. mende hasiera arautu baitzituen.