1855eko Burdinbidearen Legea Espainian: Eragina eta Bilakaera
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,69 KB
Aztergai dugun testua juridiko eta publikoa da: 1855eko Burdinbidearen Lege Orokorra. Gorteek eman zuten Isabel II.aren erreginaldian, biurteko progresistan, 1855eko ekainaren 3an. Legearen helburua burdinbidearen eraikuntza sustatzea izan zen.
Legearen Xedapenak eta Laguntzak
Legeak burdinbidea sustatzeko ondorengo artikuluak garatzen ditu:
- Konpainia pribatuen esku uzten zen eraikuntza (4.-6. art.), laguntza ugarirekin.
- Funts publikoen laguntza eskaintzen zen (8. art.).
- Trenbidea eraikitzeko inbertitutako kapital eta maileguek estatuaren babesa izango zuten (19. art.).
- Trenbidea eraikitzeko behar ziren lurrak, egurra, harria eta antzekoak ustiatzeko baimena (20. art.).
- Bidesari eta garraio eskubideak jasotzeko ahalmena (20. art.).
- Trenbidea eraikitzeko materialak aduana-zergetatik salbu geratzea (20. art.).
Burdinbidea XIX. Mendean eta Espainiako Egoera
XIX. mendean, burdinbidearen hedapena herrialdeek zuten industrializazio-mailaren adierazle zen, eta funtsezko zeregina izan zuen hazkunde ekonomikoan.
Espainian, orografia desegokiak, geldialdi ekonomikoak, atzerapen teknikoak eta inbertitzeko kapital pribatu ezak zein diru-sarrerarik gabeko estatuak eraginda, burdinbidea berandu iritsi zen; XIX. mendearen bigarren erdialdean, hain zuzen ere. Ordura arte zati labur eta bakunak baino ez ziren eraiki.
Ondoren, Isabel II.aren erreginaldian, progresistak agintean zeudelarik, ogasunak diru-sarrerak handitu zituen, atzerriko kapitala erakarri zen, eta industrializaziorako ezinbesteko azpiegiturak finantzatu ziren. Horrela eman zen 1855. urtean aztergai dugun Burdinbidearen Lege Orokorra, aurretiaz aipatutako laguntzak aitortu zizkiona burdinbidearen eraikuntzari.
Urte horietan hainbat tren-konpainia sortu zen, gehienak kanpoko kapitalez eratuak. Horien artean aipagarriak dira Madrid-Zaragoza-Alicante (MZA) eta Compañía de los Caminos de Hierro del Norte, Madril-Irun linea egin zuena.
Legearen Ondorioak eta Arazoak
Hala ere, Espainiako tren-sarearen eraikuntza berandu eta azkarregi egin zen, ondo planifikatu gabe. Ondorioz, burdinbideak ez zituen ekarri espero ziren onura ekonomikoak. Aztergai dugun legeak atzerriko kapitalei eskaintzen zizkien laguntzak zirela medio, atzerriko enpresek burutu zuten trenbidearen eraikuntza, eta erabilitako materialak ere haien herrialdeetan ustiatuak ziren. Beraz, Espainiako industriak ez zuen ia etekinik atera. Gainera, kapitalak burdinbidean zentratu izanak gainerako arloetan kalteak eragin zituen.
Bestalde, eraikuntzan erabilitako materialak kalitate gutxikoak izan zirenez, konponketa-gastuak ere handiak izan ziren. Azkenik, erabili zen egitura erradiala izan zen, penintsulako erdialdea (Madril) periferiarekin lotzen zuena, baina inguru populatuena eta industrializatuena periferia zen. Horrez gain, Europako gainerako herrialdeetan baino trenbide zabalagoa eraiki zen, eta horrek Espainia europar saretik kanpo utzi zuen.
Trenbidearen Krisia eta Bilakaera Berria
Bukatzeko, 1864tik aurrera trenbidearen krisia gertatu zen. Hamar urte iraun zituen, eta bat egin zuen nazioartean lehertu zen krisi ekonomikoarekin. XX. mendearen lehen heren arrakastatsuaren ostean, berriro ere krisian sartu zen trenbidea, eta 1941ean RENFEren sorrerarekin trenbide nazionalizatua sortu zen.
Hortik aurrera, denborarekin, trenbideak protagonismoa galdu zuen beste garraiobide batzuen aurrean (kotxea eta hegazkina), eta 80ko hamarkadan administrazioa trenbidea bultzatzeko Abiadura Handiko Trenbidean (AHT) inbertitzen hasi zen.