1839ko Legea: Euskal Foruen Berrespena ala Deuseztatzea?
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 7,84 KB
Kokapena eta Sailkapena
Aztertzen ari garen testua “Foruen Berrespen Legea” bezala ezagutzen dugu. Bertan, Gorteek eta Maria Kristina erreginaordeak euskal foruen inguruan adostutakoa jakitera ematen da. Lege honek euskal lurraldeetan Lehen Karlistaldiari (1833-1839) amaiera eman zion, Bergarako Hitzarmena adostu eta gutxira onartu zen, 1839ko urriaren 25ean, hain zuzen ere.
Garaiko dokumentu historikoa da; beraz, lehen mailako iturri zuzena. Dokumentu juridikoa da, lege bat baita, eta izaera politikoa du, aurreko paragrafoan aipatu dugun edukiari dagokionez.
Egilea kolektiboa da; izan ere, nahiz eta erreginaordeak izenpetu, Gorteetan landu eta onartu zen. Hartzailea, Legea izanik, gizarte osoa da, baina edukiak, inori baino gehiago, foru-lurraldeetako biztanleriari zuzenduta dagoela argi dago, hegoaldeko euskaldunei, alegia.
Analisia
Foruen ustezko berrespena
Foruen ustezko berrespenaren aurrean gaude. Lege laburra da, nahasmendurako eta interpretazio desberdinetarako oso irekia. Hitzaurre batek ematen dio hasiera bi artikuluk soilik osatzen duten lege honi.
Lehen paragrafoak legearen atzean dauden “protagonistak” aurkezten dizkigu:
- Batetik, errolda sufragioz osaturiko eta legeak egitearen ardura izan duten Gorteak.
- Eta bestetik, Isabel erregina adingabearen izenean, legea izenpetu eta hobesten duena, Fernando VII.aren alarguna den Maria Kristina, erreinuko erreginaordea, alegia.
Legearen artikuluak
Sarrera horren ondoren, legea osatzen duten bi artikuluak datoz.
Lehen artikulua
Lehen artikuluan, eta Bergaran hitzartutakoari jarraituz, euskal foruak berresten direla adierazten da. Hau da, lau foru-lurraldeetako lege, usadio eta ohitura guztiak mantentzen dira:
- Araba
- Bizkaia
- Gipuzkoa
- Nafarroa
Baina, aldi berean, adierazten du foruen berrespenak Espainia osoan agintzen duen Konstituzioarekin adostasunean egon beharko duela. Egokitzapen horrek interpretazio desberdinak eta nahasiak ekarriko ditu, eta hurrengo hamarkadetan eztabaida bizia sortuko da foru-lurraldeetako ordezkarien eta Madrilgo Gorteen artean. Baina aurreratu dezakeguna da, hemendik aurrera, euskal lurraldeen eta Koroaren arteko harremana amaitu eta Konstituzioarekiko foruen menpekotasuna ekarriko duela.
Bigarren artikulua
Bigarren artikuluak, bere aldetik, foru-egokitzapen edo moldaketa hori nola egin behar den adierazten du. Foru-ordezkariei entzun ondoren, Gobernuak proposatuko die Gorteei zein bide hartu; entzun esan dugu, ez, ordea, negoziatu. Hortaz, gai honi dagokionez azken hitza Gobernuak proposatuta Espainiako Gorteetan egongo da. Beraz, foru-ordezkarien planteamenduak entzuteak hartzen diren neurriak inspiratu ditzake, baina ez, ordea, baldintzatu, ez baita negoziazio bat. Batez ere, Gorteek ebatziko duten egokitzapena da, betiere erresuma osoaren eta haren Konstituzioaren interesen arabera.
Gai honen inguruan hartzen diren neurriak onartu bitartean, ordea, eta behin betiko proposamenik ez dagoen artean, Espainiako Gobernua izango da, behin-behinekotasunez eta Gorteei berri emanda, beharrezko moldaketei eutsiko diena.
Testuinguratzea
Lehen Karlistaldia eta foruen auzia
Fernando VII.a hil zenetik, oinordetza-arazoek eta bi estatu-ereduen arteko liskarrek gerra zibila eragin zuten 1833tik 1840ra bitartean: Lehen Karlistaldia. Urte hauen artean, etorkizuneko Isabel erreginaren ama, Maria Kristina, erresumako erregeordetza bere gain hartu zuen. Sektore kontserbadoreenek Don Karlos V.aren aldekoak egin zutenez, liberalen babesa jasotzea ezinbestekoa egin zitzaion, nahiz eta horrek gogoz kontrako hainbat neurri hartzera derrigortuko bazuen. Babes hori, beraz, hurbiltasun ideologikoagatik eta onartu beharreko neurri liberalek, nolabait, aurreko erregearen eredu absolutista gainditzen hasteko bideari ekin zioten.
Aztertzen ari garen testua garai zail horretan kokatu behar dugu, non estatu-eredu liberalak Antzinako Erregimenaren ereduarekin kontaktuan egoteaz gain, mendeetan zehar euskal lurraldeetako gizartea egituratu zuen foru-erregimenarekin ere kontaktuan egon zen. Foruen inguruko liskar horrek eragin zuen bereziki euskaldunak karlisten alde erabatekotasunez batzea.
Gerrak aurrera egin ahala, Jose Antonio Muñagorri bezalako irudiek ikusi zuten karlisten gerrarako motibazioa ez zela berdina foru-lurraldeetan eta Espainiako gainerako lurraldeetan. Lurraldeetako liberal askok gero eta argiago ikusi zuten foruen babesa zela, hein handi batean, gerraren atzean zegoena, eta agian hauek gordez gero, gerraren amaiera gertuago egon zitekeela.
Bergarako Hitzarmena eta 1839ko Legea
Eta ez ziren oker ibili. “Bakea eta foruak” leloak indarra hartu zuen eta hori izan zen Bergarako Besarkadaren/Hitzarmenaren eskutik, gerraren amaiera ekarri zuena, gure lurraldeetan behintzat.
Hitzarmen horrek ondorengoa jasotzen zuen:
- Batetik, foruak gordetzeko konpromisoa.
- Eta bestetik, karlisten aldean jardun ziren militarrei karguak eta soldatak mantentzea, armada nazionalera pasa ondoren.
Kausa karlistaren ustezko beste eskaerei aipamenik ez: ezer ez Karlos Maria Isidroren inguruan, ezta Elizaren mesedetan edo erregimen zaharraren inguruan. Eta deus ere ez, Espainiako beste lurraldeetan karlisten eskaerak, nahiz eta euskal lurraldeetakoak hauek baino garrantzi gutxiagokoak izan arren.
Horregatik, Euskal Herritik haratago, karlistek “Bergarako traizioa” bezala bataiatu zuten Marotok eta Esparterok. Hitzarmen horrek ez zuen bakea berehalakoan ekarri, baina hainbestekoa izan zen lurralde honetan adostutakoaren eragina, gutxira Don Karlos eta bere jarraitzaile leialenek erbesterako bidea hartu behar izan zutela.
Generalen “Besarkadaren” ondoren, iritsi zen 1839ko Legea, Foruen Berrespen Legea bezala aurkeztu zena. Baina ikuspuntu historikotik, lege horrek, foruak gordetzeko baino, foru-erregimenaren gainbeherari eta deuseztatze-prozesuari ekiteko tresna gisa ulertu behar dugu. Esparterok agindutakoa ez zen bere horretan bete. Legeak, foruak gordeko zituela esaten bazuen ere, mantentze hori “nazioaren interesei eta batasun konstituzionalari” baldintzatua gelditu zen eta, ondorioz, horri helduta, Madrilek interesgarria iruditzen zitzaiona egingo zuen horren gainean.
Hurrengo urteetan, eztabaida eta liskar ideologiko ugari eragin zituen interpretazio ezberdinetara irekia gelditu zen puntu honek. Baina, euskal foruak kondenatuak gelditu ziren harrezkero: Nafarroako 1841eko Lege Hitzartua, foru-baimenaren indargabetzea, aduanen lekualdatzea… hainbat izango dira hurrengo urteetan foru-erregimena edukiz hustuko dituzten neurriak, eta hamarkada gutxi barru, eta beste altxamendu karlista baten ondorioz edo aitzakiz, 1876ko beste lege batek, euskaldunen mendeetako autogobernu-eredua desagerraraziko du.
Garrantzia eta Ondorioak
Dokumentu honen garrantzia historikoa eztabaidagarria da. Mendeetan zehar Espainiako eta euskal lurraldeen arteko nolabaiteko harremanari amaiera jarriko zion, itxurazko berrespen baten atzetik. Euskal lurraldeetako antolakuntza eta autogobernu-erregimena Espainiaren interesen menpeko bihurtu zen, eta horrek foru-erregimenaren deuseztatze-prozesuari hasiera eman zion.
Lege honen ondorioz, hurrengo hamarkadetan euskal lurraldeetako ordezkariak Madrilarekiko enfrentamendu batean murgilduko dira eta, nolabait, euskaldunen eta espainiarren arteko arraila ere handitu zuen, etorkizun hurbil batean euskal abertzaletasunaren sorrerari bide emanez. Gaur egun oraindik, ustezko Berrespen Legea onartu eta ia bi mende geroago, euskal lurraldeak Espainian egokitzearen inguruko judizioa, eztabaidaren parte eta konpondu beharreko gai izaten jarraitzen du.