1839 eta 1876ko Foruen Legeak: Analisia eta Testuinguru Historikoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 11,26 KB
1839KO URRIAREN 25EKO LEGEA
Aurrean dugun testua testu juridiko bat da, izan ere, artikuluetan banatutako lege bat da, indarrean jarri eta arautzeko egina. Egile kolektiboa du testuak, botere legegilea zuten gorteetako ordezkariak, hain zuzen ere. Hauen artean ideologia liberal moderatua zen nagusi.
Testua herritar guztiei dago zuzendua, eta xede nagusia Euskal Foruen egoera berria arautu eta zehaztea da; horretarako, Espainiako Konstituzioarekiko menpekotasuna azpimarratzen da. Testu hau 1839ko urriaren 25ean idatzi zen, Maria Kristina Napolikoaren erretordetzaren (1833-1840) azken garaian. Orduan, liberal moderatuak zeuden agintean (1837-1840). Lehen Karlistaldia amaitu eta bi hilabetera idatzi zen, zehazki. Testua Madrilgo gorteetan idatzi zen, estatuko hiriburuan.
Testuaren hasieran, Isabel II.a adingabe dela aipatzen da, eta honen ordez bere ama den Maria Kristina dela erretore. Gainera, gorteek honako lege hau agindu dutela esaten du testuak.
1. artikuluak Euskal probintzietako eta Nafarroako Foruak berresten direla dio, dena den, batasun konstituzionalari utzi gabe.
2. artikuluan, aurrerago Foruetan aldaketak emango direla esaten da, Estatu espainiarraren interes orokorrarekin bat eginez, eta Konstituziora egokituz.
Testu hau bere garaian kokatzeko, 1830. urtera egingo dugu atzera. Urte hartan, Fernando VII.ak ez zuen oinordeko garbia. Berez, bere anaia Carlos Maria Isidro zen ondorengoa, baina 1830ean Isabel II.a jaio zen, Fernando VII.aren eta Maria Kristina Napolikoaren alaba. Orduan, Fernando VII.ak Berrespen Pragmatikoaren bidez Lege Salikoa indargabetu zuen, emakumeei tronua ezeztatzen ziena. Hortaz, Isabel II.ak zuen oinordetza. Egoera honen aurrean, bi alderdi sortu ziren. Alde batetik, absolutistak Karlosen alde jarri ziren, Karlisten taldea osatuz. Eta bestalde, liberalak Isabel II.aren eta haren ama Maria Kristinaren alde jarri ziren, Isabeldarren taldea osatuz. Fernando VII.a hil zenean (1833), Isabelek 3 urte besterik ez zituen, beraz, bere ama Maria Kristinak hartu zuen erretordetza.
Karlistek ez zuten hori onartu, eta gerra-bidea hartu zuten euren nahiak defendatzeko, lehenengo Karlistaldia hasiz (1833-1839).
Gerra hau hego Euskal Herrian izan zen gordinen. Euskaldun gehienak, katoliko eta foruzale sutsu zirelarik, Karlisten alde jarri ziren. Dena den, bazeuden euskaldun liberalak ere, hirietan gehienbat.
Lehen Karlistaldiak hiru fase izan zituen. Lehen fasean (1833-35) karlistek gerrillen taktika erabili zuten landa inguruetan, Tomas Zumalakarregi buru zelarik, baina Zumalakarregi 1835ean hil zen.
Bigarren fasean (1835-37), karlisten saiakerek porrot egin zuten, eta 1837az geroztik liberalen armada indartuz joan zen, Elizaren desamortizazioari esker lortutako baliabideengatik batez ere. 1839an, karlisten sektore transakzionistak gerra galdutzat jo zuten, eta irtenbide hitzartuaren alde jarri ziren, Maroto jenerala buru zutelarik.
Gainera, Karlos Maria Isidro armadarik gabe geratu zen, eta erbestera ihes egin behar izan zuen. Hortaz, 1839ko abuztuaren 31n, Maroto karlistak eta Espartero jeneral liberalak Bergarako besarkadarekin eman zioten amaiera gatazkari, Bergarako ituna sinatuz. Bertan, Karlistek Isabel II.a erregina onartu zuten, eta ordainetan Esparterok foruak defendatzeko hitza eman zuen. Gainera, militar karlistei ejerzitu liberalean sartzen utzi zien, beren postu eta soldatak mantenduz. Dena den, karlisten sektore apostolikoak gerran jarraitu zuen, 1840an dena galdu zuten arte.
Bi hilabete beranduago, 1839ko urriaren 25ean, aurrean dugun testu hau idatzi zen. Gorteek, gehienbat liberal moderatuz osatuak, eta Maria Kristina erreginaordeak honako lege hau berretsi zuten, Nafarroako eta euskal lurraldeetako Foruak berretsiz, beti ere “batasun konstituzionalari utzi gabe”; hau da, Konstituzio espainiarrarekiko bigarren mailako lege zirelarik, eta udal tradizionalak aitortu zituzten. Beraz, bikoiztasun instituzionala ezarri zela esan dezakegu, baina bikoiztasun horretan, Foruak bigarren mailako lege ziren Konstituzioarekiko (2.art.)
Ondoren, 1840an, Udalen legea eman zuen Maria Kristinaren gobernuak. Lege hau oso zentralista zen, gobernuak aukeratzen baitzuen herri bakoitzeko alkate eta zinegotziak. Hortaz, herria ez zegoen gustura, eta erreginaordea agintetik kentzeko altxamenduak eman ziren. Honen ondorioz, erretoreak abdikatu eta Baldomero Espartero ezarri zen erretore.
Bergarako Besarkadan Esparterok foruak defendatzeko zin egin bazuen ere, agintera iritsi eta hurrengo urtean, 1841eko abuztuaren 16an, Lege Hitzartua eman zuen Nafarroan. Honen bidez, Nafarroak erresuma izateari utzi zion, Espainiako legeak onartuz. Ordainetan, Nafarroari autonomia handia eman zioten administrazioan. Honek, haserre handia piztu zuen euskaldunengan. Esparterok ordea, haserre hori zapalduz, Gasteizko dekretua eman zuen 1841eko urriaren 29an. Ondorioz, hiru probintziak beste guztien maila berean jarri ziren administrazioari, arlo juridikoari, eta muga zergei zegokienez. Foru pasea, aldundiak, eta Batzar tradizionalak ere ezerezean geratu ziren, eta udal antolaketan Estatuaren legeak ezarri ziren. Militarren egoera eta zerga sistemaren antolaketa besterik ez ziren mantendu.
Dena den, Esparteroren politika oso autoritarioa zenez, oposizio gogorra egin zioten erretoreari. Maria Kristinaren aldeko matxinada militar eta hiritako altxamendu ugari eman ziren, eta azkenean, 1843an, Esparterok erbestera alde egin behar izan zuen. Honen ostean, 13 urte zituen arren, gorteek adin nagusitasuna eman zioten Isabel II.ari, eta erregina izendatu zuten.
Argi dago, testu honek garrantzia historiko handia duela, Euskal Herriarentzat bereziki. Gainera, oso lagungarria egin zait garaia ezagutzeko, baita, garai hartako foruekiko jarrera ere. Bestetik, oso modu txukun eta garbian idatzia dagoela uste dut, eta ideiak modu ulergarrian adierazita daude.
1876KO UZTAILAREN 21EKO LEGEA
Aurrean dugun testua testu juridiko bat da, izan ere, artikulutan banatutako lege bat da, indarrean jarri eta arautzeko egina. Testuak egile kolektiboa du, botere legegilea zuten gorteetako ordezkariak, hain zuzen ere. Hauen artean ideologia kontserbadorea nagusitzen zen. Herritarentzat dago zuzendua, euskal Foruen erabateko abolizioa lortzeko xedearekin. Hau da, testu honen bidez, euskaldunen zerga berezitasunak eta bestelakoak deuseztatzea zen helburu. 1876ko uztailaren 21ean idatzi zen, Borboitarren errestaurazioaren garaiean (1875-1923). Garai honetan, Alfontso XII.a zen errege (1875-1885), eta Antonio Canovas del Castillo aldiz gobernuburu. Gainera, idatzia eman zen momentuan 3. karlistaldia bukatu berri zen. Testua espainiar estatuaren hiriburu den Madrilgo El Pardoko jauregian idatzi zuten.
Idatzi honen hasieran Alfontxo XII.a errege konstituzionala dela aipatzen da, eta Gorteek honako dekretu hau ematea erabaki dutela. 1.artikuluak Euskal lurraldeek berezitasun militarrak eta zerga berezitasunak galdu dituztela dio. 2. artikuluak honako hau dio: hiru probintziak behartuta daudela gerrara joatera, kupoa bidaliz, hau da, udaletxeak gizonezko gazte kopuru jakin bat aurkeztuz. 3. artikuluan euskal lurraldeak ezinbestean zerga eta errenta arruntak zein bereziak ordaintzera behartuta egongo direla esaten dute. Azkenik, 4. artikuluak Foruek gobernuak inposaturiko erreforma guztiak onartu beharko dituztela dio: Nafarroako Lege Hitzartua, Gasteizko Dekretua eta 1837ko Konstituzioa.
Testu hau bere garaian kokatzeko 1868. urtera egingo dugu atzera. “La Gloriosa” izeneko iraultzaren ondorioz Isabel II.ak herrialdetik alde egin behar izan zuen, Alcolea-ko gudua galdu ondoren. Juan Bautista Topete, Prim, eta Francisco Serrano bezalako militar progresistek aurrera eramandako iraultza honen ondorioz, batzorde iraultzaileak eta liberalismo demokratikoa ezarri ziren Espainian. Hauteskundeak progresistek irabazi zituzten, eta hauek konstituzio berria idatzi zuten 1869an. Konstituzio honetan, Espainia estatu monarkiko bezala definitu zuten; ondorioz, errege bila hasi ziren. 1871n, Amadeo Saboiakoa hautatu zuen Primek. Errege Italiar honek, ordea, ezin izan zion erregimenaren aurkako oposizioari eta alderdien barneko zatiketari aurre egin. Hortaz, 1873an abdikatu egin zuen. Gorteek, orduan Espainiako lehen errepublika aldarrikatu zuten (1873-74). Lehenik, federalak egon ziren buruan, Pi i Margall gobernuburu zelarik. Aurrerago, unionistek hartu zuten kargua. Hasieran Nicolas Salmeron egon zen buruan, eta ondoren, Emilio Castelar. Dena den, 1874ean, Manuel Paviak estatu kolpea eman zuen, gorteak deseginez. Orduan, Francisco Serrano jenerala ezarri zen presidente; eta, errepublika izena zeraman arren, diktadura bat ezarri zen. Egoera honen aurrean, herritar asko Alfontso XII.aren alde jarri, eta 1874an errege izendatu zuten. Horrela hasi zen Borboitarren errestaurazio garaia.
Errestaurazioan, Alfontso XII.ak Antonio Canovas del Castillo izendatu zuen gobernuburu. Canovasek Errestaurazioko sistema politikoa jarri zuen martxan. Canovas alderdi kontserbadorekoa zen, eta ordena publikoa nahi zuen, garapen ekonomikoa lortzeko. Horretarako, herritarrei askatasun eskubideak murriztu zizkien. 1876an, konstituzio kontserbadorea idatzi zuten, 1845ekoaren hildo beretik.
Bestalde, seiurteko demokratikoaren eta errestaurazioaren artean eman zen 3. karlistaldia (1872-76). Euskaldunek erasotzat jo zuten iraultza demokratiko eta laikoa; hortaz gobernuari oposizioa egin zioten. Gainera Carlos VII.aren monarkia berrezarri nahi zuten, beraz, hau errege zilegi izendatzean, 3. karlistaldiari hasiera eman zioten. Alfontso XII.a politikan parte hartzen hasi zenean, ordea, karlista foruzale askok joera aldatu zuten, eta liberalak karlistei gailendu zitzaizkien. Ondorioz, Karlos VII.ak herrialdetik ihes egin behar izan zuen, eta 1876an, liberalek garaipena lortu zuten. Garaipen honen ondorio zuzena izan zen euskal Foruen abolizio formala, testu hau, alegia.
1876an, aurrean dugun lege honen bitartez euskal foruak deuseztatu zituen Canovasek. Horretarako Foru diputazioak deuseztatu eta probintzia diputazioak ezarri zituen. Aurrean dugun testuak dioen moduan, euskaldunak gainerako espainiarrek bezalaxe soldaduska egitera eta zergak ordaintzera derrigortzen zituen lege honek. Nafarroa berriz, 1841ean Esparterorekin sinatutako Lege Hitzartuak indarrean jarraitu zuen.
Dena den, foruen ezeztapena ez zen erabatekoa izan. Euskaldunen oposaketa ikusirik, Canovasek arazoak izan zituen haien zergak kobratzerako orduan. Hortaz, 1878an zerga erregimenerako dekretu bat adostu zuten: “Kontzertu Ekonomikoak”. Dekretu honi esker, euskal probintziei zerga-erregimen berezia ezarri zitzaien. Autonomia fiskala eskaini zieten, eta, horri esker, zergen kudeaketa eta bilketa Diputazioen esku gelditu zen.
Bestalde, foruen abolizioaren ondorioz, karlismoak indarra hartu zuen, eta hurrengo hauteskundeetan ordezkari karlista gehiagok osatu zituzten Gorteak. XIX. mendearen amaieran, Euskal nazionalismoa indartu zen, eta Sabino Aranak Euskal Alderdi Jeltzalea sortu zuen, bere ideologia karlista eta integrista aldarrikatuz.
Argi dago euskaldunontzat berebiziko garrantzia izan dutela foruek historian zehar. Beraz, ezin daiteke ukatu foruen abolizio formala aldarrikatzen duen testu honek duen garrantzia. Bestetik, esan beharra dut oso lagungarria egin zaidala testu hau garaia ongi ulertzeko, eta oso interesgarria iruditu zait.