1812ko Konstituzioa: Cadizko Gorteak eta Espainiako Lehen Konstituzio Liberala
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,53 KB
1812ko Konstituzioa: Testuingurua, Edukia eta Eragina
Aztergai dugun testua 1812ko Konstituzioaren zati bat da, beraz, lehen mailako testua da. Juridikoa eta publikoa ere bada. Independentzia Gerra bete-betean, 1810ean Cadizen bildutako Gorteetako diputatuek idatzi zuten, eta 1812ko martxoaren 19an, San Jose egunean, aldarrikatu zuten. Hain zuzen, hortik datorkio "La Pepa" ezizena. Konstituzio hau espainiar guztiei dago zuzenduta, eta haren helburua Antzinako Erregimena deuseztatzea eta estatua zuzentzeko oinarri berriak finkatzea zen.
Independentzia Gerra eta Cadizko Gorteen Sorrera
1812ko Konstituzioa 1810 eta 1812 bitartean idatzi zen, Independentzia Gerraren garaian. Gerra 1808an hasi zen, Frantziako armadak Espainia inbaditu zuenean. 1808ko maiatzean, Karlos IV.ak eta bere seme Fernando VII.ak Baionan abdikatu ondoren, Napoleonek bere anaia Jose Bonaparte Espainiako errege izendatu zuen.
Herrialdeko hainbat tokitan matxinadak sortu ziren, eta frantsesen aurka altxatu zirenak batzorde lokal eta probintzialetan antolatu ziren, haien aurkako erresistentzia zuzentzeko. Batzordeetan armadako ofizialak, goi-kleroa, nobleak, funtzionarioak eta abar zeuden. 1808ko irailean, Batzorde Zentral Gorena sortu zen, probintzia-batzorde guztietako ordezkariekin. 1810ean, gerran sortutako Junta Zentrala Cadizera joan zen, eta erregeordetzari utzi zion boterea. Desegin baino lehen, Gorteetarako deia egin zuen.
Konstituzioa idazteko, Gorteak Cadizen bildu ziren (une hartan, Frantziako agintetik aske zegoen hiri bakarra). Cadizen kokatzen zen talde liberal batek jarri zuen martxan prozesu konstituziogilea, Antzinako Erregimenaren suntsipena eta sistema liberalaren ezarpena ekarriko zuena. Bertan idatzi zen 1812ko Konstituzioa. Independentzia Gerra 1814an amaitu zen, Fernando VII.a itzuli zenean.
Cadizko Gorteetako Kideak eta Ideologiak
Cadizko Gorteetan, erdi-mailako klaseak eta intelektualak bildu ziren nagusiki, baita nobleziaren eta kleroaren ordezkari batzuk ere. Bertan azaldu ziren ideologiak absolutistak eta liberalak (ilustratuak zein erreformistak) izan ziren. Hala ere, liberalak nagusitu ziren, Amerikatik eta Espainiako gainerako lurraldeetatik ordezkariak bidali ezin izan zituztelako, eta, ondorioz, Cadizko pertsona liberalak jarri zituztelako ordezkaritzat. Horrez gain, nabarmentzekoa da diputatu liberalen prestakuntza intelektual handia eta kohesioa.
1812ko Konstituzioaren Printzipioak
Cadizko Konstituzioaren printzipioek kutsu liberala dute. Horretarako, subiranotasun nazionala aldarrikatzen da; hau da, herria da subiranotasunaren jatorria, eta ez Jainkoa, sistema absolutistan bezala.
Euskal Herriaren Egoera
Euskal Herriari dagokionez, Konstituzioak ez zion aipamenik egiten foru-araubideari. Ez zituen foruak berresten, ezta indargabetzen ere. Bizkaiak izan ezik, gainerako lurraldeek Konstituzioaren testu berria zin egin zuten, eta, indarrean egon zen bitartean, foru-erakundeetan aldaketa sakonak gertatu ziren. Hala ere, talde indartsuenek arau konstituzional batzuk aldatu zituzten, agintean irauteko.
Konstituzioaren Garrantzia eta Ondorioak
Amaitzeko, ezinbestekoa da aipatzea hau izan zela Espainiako lehen konstituzioa. Gainera, munduko lehen konstituzioekin parekatzen da, hala nola, Amerikako Estatu Batuetakoarekin eta Frantziakoarekin. Konstituzio honek izugarrizko aldaketa eragin zuen Espainian. Honi esker, Antzinako Erregimena deuseztatu eta Erregimen Liberala ezarri zen. Hala ere, hau ez zen finkatu Isabel II.aren erregealdira arte.