1812ko Cadizko Konstituzioa: Analisia eta Testuingurua

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,96 KB

Sailkapena

Aurrean dugun testua 1812ko martxoaren 19an Cadizen aldarrikatutako Espainiako lehen Konstituzioaren zati bat da. Hortaz, lehen mailako iturri juridiko-politikoa da, izaera publikokoa. Konstituzio hau Cadizko Gorteetan parte hartu zuten diputatuek idatzi zuten, gehienbat liberalek, eta Espainiako herritar guztiei zuzenduta zegoen.

Analisia

Testu honek Cadizko Konstituzioaren ezaugarri nagusiak laburbiltzen ditu. Hasieran azaltzen da Fernando VII.a zela Espainiako erregea, baina erbestean zegoenez, Gorte Nagusiek hartu zuten legeak egiteko ardura, eta horren emaitza izan zen konstituzio hau. Bertan, bi ideia multzo nagusi bereizten dira: liberalak eta kontserbadoreak.

Ideia liberal nagusiak

  • Subiranotasun nazionala: Nazioak (penintsulako eta kolonietako herritarrek osatua) du legeak egiteko eskubide gorena.
  • Botere-banaketa: Montesquieuren printzipioari jarraituz, botere legegilea (Gorteak eta erregea), betearazlea (erregea) eta judiziala (auzitegiak) bereizten dira.
  • Berdintasun juridikoa: Gizarte estamentalaren pribilegioak ezabatzen ditu eta herritar guztiei beren ondasunen arabera zergak ordaintzeko betebeharra ezartzen die.
  • Adierazpen askatasuna: Inprenta askatasuna onartzen da, garai hartako zentsuraren aurkako printzipio gisa.

Ideia kontserbadoreen eragina

Bestalde, ideia kontserbadoreek oraindik eragin handia zuten. Horien artean daude:

  • Estatu konfesionala: Espainia estatu konfesionaltzat jotzen da, katolizismoa erlijio ofizial eta onartu bakarra izanik.
  • Monarkiaren iraupena: Monarkia mantentzen da, "monarkia moderatu heredagarri" gisa definitua, non erregeak boterea gordetzen duen, baina konstituzioaren mugen barruan.

Azken finean, Cadizko Konstituzioa Espainiak liberalismoaren bidean eman zuen lehen urrats garrantzitsua izan zen, nahiz eta oraindik ideia tradizional eta kontserbadore batzuk mantendu zituen.

Testuinguru historikoa

Testu hau garai oso kritikoan idatzi zen, Espainia Frantziaren menpe zegoenean. Karlos IV.aren erregealdia garai konplexua izan zen: Frantzian liberalismoa zabaltzen ari zen bitartean, Espainian absolutismoari eusteko saiakera egin zen. Egoera ezegonkor hori Napoleonek aprobetxatu zuen.

Independentzia Gerraren hasiera

Godoyk proposatutako Fontainebleauko Ituna sinatu ondoren, tropa frantsesek Portugal inbaditzeko aitzakiaz Espainia okupatu zuten. Horrek herritarren haserrea piztu zuen, eta Aranjuezko matxinadan Karlos IV.a eta Godoy kargugabetu eta Fernando VII.a errege izendatu zuten. Hala ere, Napoleonek bi erregeak Baionara deitu eta koroa bere anaia Josef Bonaparteri eman zion, Baionako abdikazioak izenez ezagutzen den gertaeran.

Gerra eta Gorteen deialdia

Espainiako herriak ez zuen onartu Josef I.aren erregealdia, eta 1808ko maiatzaren 2an Madrilen frantziarren aurkako matxinadarekin Independentzia Gerra hasi zen. Gerra oso gogorra izan zen, fusilamendu eta errepresio ugarirekin. Frantziar okupazioaren aurrean, herrialdean probintzia-batzordeak sortu ziren, eta horiek, gero, Batzorde Zentral Gorena eratu zuten erresistentzia antolatzeko.

1812rako, Napoleonek tropa asko Errusiara bidali zituenez, espainiarrek garaipenak lortzen hasi ziren. Batzorde Zentral Gorenak Cadizko Gorteetarako deia egin zuen, eta bertan nazio-subiranotasuna ezarri eta Espainiako lehen konstituzioa idatzi zen. Konstituzio horrek absolutismoarekin eta Antzinako Erregimenarekin hautsi zuen, hainbat erreforma liberal ezarriz: fiskala, elizarena, hezkuntzarena eta jaun-erregimenaren abolizioa, besteak beste.

Konstituzioaren amaiera

Hala ere, konstituzioak bi urte eskas iraun zuen indarrean, Fernando VII.a Espainiara itzuli eta Persiarren Manifestuaren bidez indargabetu baitzuen, Seiurteko Absolutistari hasiera emanez.

Entradas relacionadas: