1812ko Cadizko Konstituzioa: Analisia eta Garrantzia Historikoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,42 KB
1812ko Konstituzioa: Sarrera eta Testuingurua
Aurrean dugun testu hau 1812ko Konstituzioaren artikulu sorta bat da; beraz, testu juridikoa, publikoa eta lehen mailako iturri historikoa da, herritar osoari zuzenduta dagoena. Cadizko Gorte konstituziogileek idatzi zuten 1812ko martxoaren 19an, Independentzia Gerra bete-betean zegoela. Honen helburua, erregearen boterearen faltan, estatua gobernatzeko printzipioak ezartzea zen.
Konstituzioaren Egitura eta Artikulu Nagusiak
Testu honen egitura bi zatitan banatzen da: lehenengo zatian, Gorteetako diputatuek Fernando VII.a errege gisa onartzen dute, eta ondoren artikuluak azaltzen dira:
- 1. artikulua: Estatuaren definizioa ematen da, hau da, estatu bateratua eta bakarra dela.
- 3. artikulua: Subiranotasuna herriarena eta nazioarena dela adierazten du, hau da, hauei bakarrik dagokiela legeak ezartzeko eskubidea.
- 8. artikulua: Ondasunen araberako sistema ezartzen du, hau da, klase gizartea.
- 12. artikulua: Elizaren eta estatuaren arteko harremana konfesionala dela esaten digu; beraz, erlijio katolikoa erlijio bakartzat hartzen dute.
- 14. artikulua: Estatuaren gobernu mota adierazten du, hau da, monarkia moderatu heredagarria.
- 15., 16. eta 17. artikuluak: Botere banaketa aztertzen dute: betearazlea erregeak, legegilea Gorteek erregearekin batera, eta judiziala auzitegiek.
- 378. artikulua: Herritarren eskubideak adierazten ditu, idazteko, inprimatzeko eta argitaratzeko askatasun osoa emanez.
Testuinguru Historikoa: Independentzia Gerra
Aurretik aipatu bezala, testua Independentzia Gerran egin zen. Gerra 1808an hasi zen, Fontainebleauko Itunaren ondorioz, eta 1813ra arte iraun zuen. Itun hartan, Godoy lehen ministroak baimena eman zion Napoleon I.ari bere tropak Espainian sartzeko, ondoren Portugal konkistatzeko eta bien artean banatzeko. Baina Napoleonek ez zuen bere hitza bete eta Iberiar Penintsula osoa konkistatu zuen.
Herritarrak gero eta haserreago zeuden Napoleonen armadarekin eta Godoyren neurriz kanpoko ekimenekin. Lehen herri matxinada 1808ko martxoan izan zen: Aranjuezko matxinada. Frantses armadari aurre egiteko herritarren altxamenduak antolatu ziren, eta altxatuak Batzordeekin elkartu ziren. Beraz, batzorde lokaletan eta probintzietan antolatzen hasi ziren, eta frantses armadaren aurkako erresistentzia bihurtu ziren. Armadako ofizialak, goi-kleroa, nobleak, etab. zeuden batzordeetan, eta 1808ko irailean Batzorde Zentral Gorena eratu zen, probintzia batzorde guztietako ordezkariekin. Batzorde Zentral Gorenak 1810ean Cadizen Gorteak biltzeko deia egin zuen, erregea kanpoan zegoelako eta britainiar itsas armadak babesten zuelako.
Cadizko Gorteen Osaera eta Ideologiak
Gizarte talde guztiek ez zuten lortu Cadizko Gorteetan ordezkatuta egotea. Ondorioz, erdi mailako klaseak eta intelektualak ziren gehienak, eta kleroaren eta nobleen ordezkari batzuk ere bazeuden. Nekazariek eta herri xeheak, aldiz, ez zuten ordezkaririk izan.
Diputatu absolutistak, erreformistak eta liberalak zeuden, eta azken hauen ideiak nagusitu ziren. Baina horrek ez zuen Espainiako hiritarren ideologia ordezkatzen, herritar gehienak absolutismoaren alde zeudelako. Gerra zela eta, ez ziren lurralde guztietako ordezkariak etorri, eta Cadizko herritarrekin osatu zen. Cadiz hiri liberala zenez, ideologia liberala gailendu zen.
Printzipio Liberalak eta Salbuespen Absolutistak
Espainiako Konstituzioan printzipio liberalak dira nagusi:
- Subiranotasuna nazioari dagokio.
- Aginteak banaturik daude.
- Monarkia konstituzionala ezartzen da.
- Eskubideen eta betebeharren aitorpena egiten da.
Hala ere, baditu alderdi absolutistak ere, esaterako, Espainia estatu konfesionala izatea (12. artikulua).
Indarraldia eta Euskal Foruekiko Eragina
Konstituzio honek bospasei urte iraun zituen, jarraiak ez baziren ere. Indarrean lehenengo aldiz Independentzia Gerran jarri zen (1812-1814), hau da, gerra amaitu eta Fernando VII.a itzuli arte. Tarte horretan, ez zen eraginkortasunez bete, gerra zela eta. 1820-1823 bitartean ere jarri zen indarrean, Fernando VII.aren erregealdian eta Hiru Urteko Liberalaren garaian.
Konstituzioak ez zuen euskal foruen aipamenik egiten. Hasieran, indarrean jartzean, ez zien eraginik egin, baina Hiru Urteko Liberalean errotiko aldaketak ekarri zituen, eta foruak ia desagertu egin ziren. Probintziako aldundiek ez zuten botererik, gobernuaren esanetara baitzeuden.
1812ko Konstituzioaren Ondarea eta Garrantzia
Amaitzeko, aipatzekoa da 1812ko Konstituzioa Espainiako lehen konstituzioa izan zela. Gainera, Independentzia Gerran sortutako ezegonkortasun politikoak eta Cadizko legediarekin batera hedatu ziren ideia liberalek Hispanoameriketako kolonietan mugimendu askatzaileak suspertu zituzten. Hauetariko gehienek Fernando VII.aren agintaldian zehar Espainiarekiko independentzia lortu zuten, Espainiako azken koloniak (Kuba, Filipinak eta Puerto Rico) izan ezik.
Esan beharra dago Konstituzioak Antzinako Erregimena indargabetu zuela eta Erregimen liberala ekarri zuela. Baina Independentzia Gerrak eta Fernando VII.ak ez zioten Konstituzioari behar beste denbora eman berrikuntzak ezartzeko. Azkenean, Isabel II.aren erregealdian finkatu zen liberalismoa Espainian.