San Agustin: Bizitza, Testuingurua eta Pentsamendua

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,96 KB

Autorea eta Testuinguru Historikoa

Kristautasunaren eta filosofiaren arteko topaketa Erromatar Inperioan eman zen lehen mailako gertaera izan zen: fedean oinarritzen den jarrera eta arrazoiaren lorpenetan finkatzen denarena. Topaketa honetan kristautasuna atera zen garaile. Haren garaipena, neurri handi batean, kristau gizon ikasi batzuek eginiko izugarrizko lan intelektualari esker gertatu zen. Filosofo-teologo horien artean, San Agustin dugu. Hark filosofia eta kristautasuna, arrazoia eta fedea adosteko egingo ziren ahalegin guztiak eraman zituen gailurrera. Fede kristaua da bere pentsamenduaren iturri nagusia, Aitorkizunak liburuan agertzen den bezala.

Ipar Afrikako Tagaste hirian jaio zen 354. urtean. Gaztaroan, kristau izateari utzi zion, baina geroago, berriro besarkatu zuen kristau fedea. Agustinek, bere lehenengo ikasketak (gramatika eta latindar klasikoa) Madauran egin zituen. Kartagora joan zen erretorika ikastera. Bertan Zizeronen Hortensio lana irakurri ondoren, arazo filosofiko-teologikoez kezkaturik ibili eta gero manikeo (munduaren sortzaileak bi eragile dira: Ongia eta Gaizkia) bihurtu zen. Kartagon Erretorika eskola bat ireki zuen eta bertan irakatsi zuen 29 urte bete arte.

Geroago, Erromara joan zen eta Erretorika eskola ireki zuen. Manikeismoaren dualismoaz sortutako zalantzak Erroman areagotu ziren. Erromatik Milanera joan zen eta han San Ambrosio ezagutu zuen, eta haren eraginez eta laguntzaz, eta Plotinoren zenbait testuren irakurketak bultzatuta, kristautasunera itzuli zen. Beraz, kristau doktrinak bereganatu zituen eta 387an bataiatu zen. Garai hartan idazle jarduera areagotu zuen. Hiponan apaiz eta apezpiku izendatu zuten eta 430ean hil zen, Erromatar Inperioa behin betiko suntsituz zihoalarik.

Filosofiaren historiako filosofo handienetarikoa izan da San Agustin. Bere ingurune sozio-kultural-politikoak eragin handia izan zuen Agustinengan. Inperioa jadanik guztiz ahulduta zegoen, eta Erromaren gainbeherak eragin izugarriak izan zituen orduko mundu osoan, eta zirrara handi horrek San Agustin Civitas Dei (Jainkoaren Hiria) idaztera eraman zuen.

Testuinguru Filosofiko eta Teologikoa

Bere aurreko filosofiari dagokionez, Greziako filosofiako eskola nagusiek zutik irauten zuten Erromatar Inperioan: aristotelismoa, epikureismoa, estoizismoa eta neoplatonismoa (Plotino), baina Patristika eta kristau ikuspegi berriekin, kristautasuna garaile atera zen.

Bestalde, kulturaren ikuspegitik begiratuta, polemika intelektual sakon askoren aroa bizi izan zuen Agustinek. Kristautasunak jasandako erasoak izan ziren, besteak beste: donatismoa (Eliza eta Estatuaren arteko bereizkuntza egiten da), pelagianismoa (Gizakiak zerua irabaz dezake bere ahaleginekin bakarrik; ez du behar Jainkoaren laguntza edo oparirik; ez gara jaiotzen Adanen lehen bekatuarekin), etab.

Gaztaroan bizi izan zuen manikeismoa ez ezik, Platonek eraikitako Akademiaren ondorengoak ziren akademikoak ere ezagutu zituen, beren eszeptizismoa gaitzetsiz. Plotinoren eraginak ere badituela esan beharra dugu. Ondorio gisa, Agustinen bizitza, egiaren eta zoriontasunaren bila dabilen bidaiariaren bizitza da.

Pentsamenduaren Oinarriak

Bere teologiaren abiapuntutzat, hiru printzipio onartu zituen Agustinek, eta bere lan intelektual osoa gidatu zuten:

  1. Jainkoa unibertso osoa sortu duen izaki gorena da.
  2. Jainkoa gauza ororen arrazoia da.
  3. Jainkoa ontasun absolutua da.

Beraz, Agustinen filosofian Jainkoak zehazten ditu bere ontologia, epistemologia eta etika.

Entradas relacionadas: