Marxen alienazioa

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,02 KB

MARX – ALIENAZIOAREN TEORIA


Karl Marx XIX. Mendeko filosofo garrantzitsu bat izan zen. Marxen bizitzan, hiru aldi bereizi daitezke, aldi filosofikoa, aldi sozialista eta iraultzailea eta aldi ekonomikoa.


Lehenengo etapan, Hegel filosofoaren eragina jaso zuen (Idealismo dialektikoa), Marxen filosofiaren oinarria izango zena (Marxen filosofia Materialismo Dialektikoa zen). Lehen aldi honetan, Marxek Alienazioaren teoria jorratu zuen, “Eskuizkribu Filosofiko Ekonomikoak: lan alienatua” lanean (1844).


Bigarrenean, Marxek kapitalismoaren kontrako mugimenduak ezagutu zituen, batez ere Sozialismo Utopikoa. Bere eragina jaso zuen arren, Sozialismo Utopikoa kritikatu zuen “zientifikoa” ez zelako. Marxen filosofia “praxis” bat izan nahi du, errealitatea eraldatzeko tresna. Gainera, Marxek langile mugimendu eta borroketan parte hartu zuen eta Engels-ekin batera, “Manifesto Komunista” (1848) argitaratu zuen.


Hirugarren aldian, Britania Handiko ekonomia “klasikoa” ikertu zuen, eta

ekonomia kapitalistaren analisia eginez, Materialismo Historikoaren teoria osatu zuen. Bere lanak “Ekonomia Politikoaren Kritika” (1859) eta “Kapitala” (1867) izan ziren, non komunismoa azaldu zuen.


Alabaina, lehenengo etapan zentratuko gara orain. Horretarako, ezinbestekoa da Hegel aipatzea, Alemaniako filosofo honek Marxen maisua izan baitzen. Hegelen diszipuluek, Marxek eta Feuerbachek kasu, Hegelen alienazioaren kontzeptua hartu eta bere ikuspuntutik aztertu egin zuten.


Hegelen filosofia


Idealismo Dialektikoa da: alde batetik, Idealismoa deitzen zaio Hegelentzat, errealitatea bere osotasunean Espiritua delako. Errealitate hori arrazionala da eta Espirituaren garapena Arrazoiaren adierazpena da; beste aldetik, Dialektikoa da, Espiritua etengabe bilakatzen delako, eta helburuzko bilakaera hori kontrakoen bidez ematen da. Momentu guztiek bere kontrakoa dute (tesia eta antitesia), eta kontrakotasun hau gainditzean, sintesia agertzen da. Bilakaera hau gorakoa eta finalista da.

Hegelen izpiritua ez da Jainko kristaua, ez da transzendentea, inmanentea baizik. Jainko kristaua aldaezina da, baina Espiritu honek aldaketak jasaten ditu; gehiago ere, bilakaeraren prozesuan, alienazio momentu batzuk ezagutzen ditu, non Espirituak sortu duen errealitatea ez du ezagutzen. Marxek Hegelen Monismo Idealista hau Monismo Materialistan bihurtuko du.


Lehen esan dugun bezala, “alienazio” kontzeptua, berez, Hegelena da, baina Marxek hau hartu eta eraldatu zuen. Alienazio kontzeptua latinezko “Alienus” hitzetik dator, eta “arrotz” esan nahi du. Arlo ezberdinetan erabiltzen den arren, guztietan esanahi bera du: subjektu batek berezkoa zaion zerbait galtzea, eta galdu duen hori arrotz bihurtzea.


Feuerbachek, alienazioaren kontzeptua berea egingo du alienazio erlijiosoa azaltzeko: gizakiak uste du Jainkoak gizakia sortu duela baina ez da horrela, Jainkoa gizakiak sortu du. Gizakiak bere izaera Jainkoarengan ezarri du inkontzienteki, eta alienazio erlijiosoa gainditzeko Jainkoarengan jarri duena berreskuratu beharko du. Marxek Feuerbachen deskribapena goraipatzen du baina bi kritika egingo dio: ideietan gelditzen da, eta ez du alienazio erlijiosoaren jatorria azaltzen. Feuerbachen gizaki abstraktua ez dago historian edo gizarte klase sozial batean kokaturik, eta hori ezinbestekoa da Marxentzat.


Marxek alienazioaren kontzeptua hartu zuen eta kapitalismopean proletarioek egiten duten lan motari aplikatu zion. Marxentzat, gizatasuna natura eraldatzean datza; izan ere, Marxen antropologian giza izaera “praxia” da, praktika, hau da, jarduera materiala, eta produkzio hori soziala izan behar da, beti gizarte jakin batean. Beraz, lana da gizaki egiten gaituena eta animaliengandik ezberdintzen gaituena. Hala ere, kapitalismoan langileak lanaren jabetza galdu du, hau da, bere gizatasuna galdu du, lana eta lanaren produktuak arrotz bihurtu direlako, gizaki bilakatzen duena galdu duelako. Horrela, zenbat eta lan gehiago egin, hainbat eta animaliago bihurtzen da. Produzkio modua –kapitalismoa– gainditu behar da lan alienatua gainditzeko. Alienazio erlijioso eta ekonomikoez gain alienazio ideologikoa eta politikoa ere badaude. Alienazio ideologikoa gizakiak jarduera arrazionalaren ondorioz ideiak sortu dituela sinestean datza, kontuan hartu gabe baldintza materialen determinazioa (produkzio moduaren arabera ideia batzuk edo beste batzuk egongo dira). Alienazio politikoa, berriz, demokrazia burgesak askatasuna sortzen duela sinestean datza. Izan ere, askatasun hau “formala” da, juridikoa soilik, baina jabego pribatua gutxi batzuen esku dagoen bitartean, ez dago demokrazia errealik.


Marxek alienazioaren teoria garatu zuen jada aipatu dugun “Eskuizkribu Filosofiko Ekonomikoak: lan alienatua” lanean (1844). Langileak produzitzen duen objektuak aurka egiten dio langileari izaki arrotz bat bihurtuz. Zenbat eta lan gehiago egin, hainbat eta gehiago jartzen du bere bizitza objektuarengan, eta berea zena arrotz bihurtzen da, hortik aurrera ez delako berea, objektuarena baizik. Lan hori kanpokoa zaio langileari, ez dagokiolako bere izateari. Langilea, beraz, lanetik kanpo bakarrik sentitzen da bere baitan, eta lan hori ez da behar bat, baizik eta kanpoko beharrak asetzeko bitarteko bat besterik ez. Alegia, langileak lan horretatik ihes egin ahal badu, ihes egingo du, lana ez delako berea, kanpokoa baizik. Ondorioz, gizakia libre sentitzen da soilik bere animalia eginkizunetan, eta ez bere giza eginkizunetan, non animalia baten antzera sentitzen den.


Laburbilduz, Marxek bere lehenengo etapan Alienazioaren teoria garatu zuen, Hegelen kontzeptutik abiatuz.


Entradas relacionadas: