Leizarraga Joanes lan guztiak

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 17,63 KB

LORE JOKOAK:


Beste kultura batzuen berpiztean gertatu zen bezala, euskal letren historian ere aipagarriak dira Lore Jokoak. Anton Abadia zientzialari eta mezenasak eratu zituen lehenbizikoz 1853an Lapurdiko Urruñan euskal jai gisa. Beste jolas eta joko batzuen artean bertso sorta onenarentzat ere saria jarri zuen. Urtero antolatzen zen lehiaketa horretan Iparraldeko bertsogilerik ezagunenek parte hartzen zuten. Urruña, Sara eta beste zenbait herritan ospatu eta gero, Hegoaldera ere iritsi zitzaizkigun Abadiaren joko horiek: 1879an eta Elizondora, hain zuzen. Geroztik, Euskal herriaren alderdi biek ezagutu zituzten jai hauek, baina pixkanaka Hegoa Iparrari nagusitu zitzaion.

Hasierako Lore Jokoetara bertsoak bakarrik aurkezten ziren. 1880tik aurrera Jose Manterolak eta abarrek Donostian eta beste zenbait tokitan hainbat sariketa eratu zituzten, eta haietara bertsoak ez ezik, ipuin, saiakera labur eta antzerkitxoak ere bidal zitezkeen batzuetan. Beraz, ikastoki ofizialen falta nolabait ordezkatu guran-edo, idazleak euskaraz trebatzeko eskola apal baina eraginkorrak izan genituen urteoro ospakizun haiek.

Egia da lanik gehienek ez zutela aparteko maila literariorik lortzen. Bertsolari eta poeten arteko mugak ez zeuden oraindik ondo bereizita, antzeko gai, neurri eta baliabide estetikoak erabiltzen baitzituzten maiz. Hala ere, esparru berriak irabazi ziren euskal letretarako, ordura arte jorratu gabeko sail batzuk landu baitziren. Lehiaketetan saritutako lanik onenak Donostiako EUSKAL-HERRIAn argitaratzen zituzten eta aldizkari elebildun hark iraun zuen bitartean mantendu zen Lore Jokoen espiritua ere. Hurrengo urteetan, apurka-apurka haize berriak jotzen hasi ziren euskal literaturan.

EUSKO IKASKUNTZA:


Gerra aurrean moldaturiko euskal kultur erakundeen artean Eusko Ikaskuntza dugu famatuena, zalantzarik gabe. Pentsakera ezberdineko hainbat euskaltzaleek sortu zuten Oñatin 1918an, Hego Euskal Herriko lau diputazioen babespean. Euskal munduari dagozkion gaiak ikertzea zeukan helburu nagusitzat, eta 1936ko gatazkak ekarri zion etenaldira arte makina bat asmo burutu  eta ikasketa ugari bideratu zituen.


Elkarte honen kezkarik behienenetako bat irakaskuntza zenez, ahalegin handiak egin zituen arlo horretan denbora laburrean: besteren artean, sortu berriak ziren ikastoletarako ikasliburuak egin, euskal gaiei buruzko Udako Ikastaroak eratu, edota Euskal Unibertsitaterako aurre-proiektua taxutu. Erakunde honek antolaturiko biltzar eta ikastaroetan euskara eta euskal literaturari buruz anitz hitzaldi eman zen eta kaleratu zituen aldizkari eta argitalpenetan ikasketa horiei buruzko azterketa interesgarriak jakinarazi zizkigun. Bat aipatzearren, Manuel Lekuonak Bergarako V. Biltzarrean ahozko literaturari buruz eman zuen hitzaldi bikaina gogoratuko genuke, bertsolaritzaren etorkizunerako hain erabilgarria gertatu zena.

Gerraren ondorioz, ez zuen Hego Euskal Herrian jarraitzerik izan. Iparraldean, ordea, Jose Migel Barandiarenen eraginez bereziki, beste hiru biltzar egin ziren. Dena den, ez zen antzinako indarrik berrezkuratzen hasi, 1978an Hegoaldean berrantolatu eta gero, azkenaldi honetako epeari ekin zion arte.

EUSKALTZAINDIA:


Eukaldunen artean aspaldiko ametsa genuen gure hizkuntzaz arduratuko zen antolamenduren bat sortzea. Zenbait saiok porrot egin zuten, baina azkenean Eusko Ikaskuntzaren Oñatiko Biltzarrean Euskararen Akademia bat sortzea erabaki zen, hau ere Hegoaldeko lau diputazioen laguntzarekin. Hurrengo urtean onartu ziren estatutuak, eta Euskaltzaindia izena ezarri zitzaion. Lehenengo euskaltzainliburua Resurreccion MªAzkue abade lekeitiarra izan zen 1919 eta 1951 bitartean. Gerraostean, nahiz eta erabat debekatua ez izan, eragozpen handiak jasan behar izan zituen erakunde honek ere, eta eskararen alde ziharduen instituzio bakarra genuenez, ezinbesteko erreferentzia gertatu zitzaigun luzaroan euskal hizkuntzari eta literaturari zegozkien gai gehientsuenetan.

Sorreratik, Euskaltzaindiaren xederik garrantsitzuenetakoa euskararen batasuna izan zen. Alabaina, gerra aurreko zenbait euskaltzainen iritzi garbizaleek ez zuten hartarako biderik errazten. Hainbat proba egin ondoren, 1968an heldu zion ofizialki Akademiak batasunaren auziari. Halakoetan egon ohi diren akats, zalantza eta guzti, urte gutxiren buruan

aurrerapen izugarriak egin zituen euskararen estandarizazioak. Egungo irakaskuntzan, komunikabideetan edo administrazioan eskuratu diren emaitzak lortu gabe leudeke oraindik, hizkuntzaren bateratze prozesua abian jarri izan ez balitz.

Euskaltzaindiak bi lan arlo nagusi izan ditu hastapenetik: Iker eta Jagon sailak, alegia. Lehenak hizkuntzaren aztereketari begiratzen dio batez ere; bigarrenak, aldiz, hizkuntza zaintzea eta zabaltzea du helburu. Sail horien premiak asetzeko, askotan jo behar izan dute euskaltzainek literatura idatzira zein ahozkora: autore zaharraren testu argitaragabeak ezagutaraziz, klasikoen  berralgitalpenak kaleratuz edo bertsolari txapelketak antolatuz, adidez. Euskaltzaindiaren aldizkari ofizialean, Euskeran, behin baino gehiagotan azaldu izan dira literaturaz diharduten ikerketak. Eta ez hori bakarrik: poesia, antzerki, eleberri eta saiakera garaikideak ere aspalditik sustatu ditu argitalpen eta sariketa berezien bitartez.

TXOMIN AGIRRE:


Bizimodurik gehiena Zumaiako monjen kaperau igaro arren, Ondarroan jaioa genuen Txomin Agirre. Azkueren ikaskide eta adiskidea izan zen, eta hura bezala abade. Gizon apal eta langilea, euskarazko eleberriak lantzea hartu zuen helburutzat. Hiru nobela utzi zizkigun: Auñemendiko lorea, Kresala eta Garoa. Bizkaieraz idatzita daude lehenengo biak eta gipuzkeraz hirugarrena; azken biak, berriz, liburu moduan azaldu aurretik, aldizkarietan zatika agertuz joan ziren.

Auñemendiko lorea nobela historikoaren argumentua VII. Mendean kokatzen da, Euskal Herria kristautzen hasi zen garaian. Riktrudis eta Portun protagonisten ezinezko maitasunean jentil eta kristau berrien arteko tirabirak islatzen zaizkigu. Kresalarekin, ostera, ohitura nobelaren ildotik abiatzen zaigu Agirre: Arranondo/ Ondarroa itsas herriko gertaerak eta pasadizoak kontatzen dizkigu, guztion lokarria Mañasi eta Anjel neska-mutilek duten amodiozko istoriaren hari mehea delarik. Garoa, azkenik, euskal nekazaritza eta artzaintzari eskainitako eleberria dugu: ia obra guztia Zabaletako Joanes artzain-baserritarrak betetzen du; euskaldunaren eredu idealizatua izanik, pertsonaia literario moduan


sinesgarritasuna falta zaio. Bigarren mailako protagonistak erakargarriagoak dira.

Ez dirudi Agirreren helburua behienenak literarioak zirenik, euskaltzaletasuna eta kristautasuna baizik. Eta hizkuntza aldetik urrats garrantzitsua eman zuela esan behar. Eliz liburuetatik kanpora euskarak ez zuen ordura arte prosaz horrelako oparotasun eta edertasunik ezagutu. Gehiegizkoa ere bai batzuetan, gaur egungo gusturako. Dena den, ez ziren makalak izan ondarrutarren ekarpena eta hurrengo belaunaldietan izan zuen eragina.

Egilearen pentsakera kristau eta elizkoiak, jakina, sakon baldintzatzen du obra guztiaren nondik norakoa: herri txikiak, baserriak, mendiak dira ekandu honen gordeleku; hiriak kutsaturik daude eta han pilatzen zaizkigu bizio eta gaiztakeri handienak; industriak zikinkeria eta ohitura onen galera besterik ez dakarkigu; euskara tradizio jatorrari eusten dion harresi gotorra dugu, erdararekin atzerriko gauzarik itsusienak etxeratzen baitzaizkigu. Gehienetan kontraste gutxi ageri da, ia dena baita zuri-beltzean; bi munduon arteko zubigintzak  ezinezkoa dela ematen du.

Agirreren eleberriekin bateratsu plazaratu ziren Jose Manuel Etxeitaren nobela biak ere: Josetxo 1909an eta Jaioterri maitia 1910ean. Idazle mundakar honek, urte askoan itsasoko kapitain lanean aritu ondoren, Filipinetan hainbat kargu bereganatu zuen. Beraz, Mundakara itzuli eta gero, zahartzaro aldera ekin zion euskaraz idazteari, edota argitaratzeari bederen. Bizkaieraz taxututako eleberriak ditugu; erraz samarrak, aparteko korapilorik gabekoak, baina atseginez irakurtzen direnak. Umezurtz baten historia kontatzen digu Josetxok, eta Ameriketako emigrazioa da Jaioterri maitia liburuaren gaia, gerora hainbat bider errepikatuko dena.

LIZARDI:


Jose Maria Agirre "Lizardi"k, Zarautzen jaio arren, Tolosan igaro zituen bizitzako urterik gehienak. Legegizona genuen eta Tolosako lantegi bateko gerente heriotzara arte. Gaztaroan erdi galdua zeukan euskara taxuz eta sakon berreskuratu zuen. Gorago adierazi denez, bere garaiko talde euskaltzaleetako langilerik saiatuenetakoa izan zen; propaganda eta antolandurako aparteko dohainak erakutsi zituen.


Hainbat aldizkarik eta egunkarik eduki zuten lankidetzat, euskaraz nahiz erderaz. Gairik kutunenak euskara eta euskal kulturaren ingurukoak zituen. Hizlari gisa ere merezitako ospea bereganatu zuen. Fruitu ugari ematen ziharduela, hogeita hamazazpi urte bete gabe hil zen.

Luma dotorea zeukan Lizardik prosaz, hil ondoko Itz-lauz antologian edota oraingo kaleratutako Kazetari-lanak bilduman froga daitezkeenez. Antzerkian ere egin zituen saioak. Haatik, poesian lortu zituen onenak eta kritiko gehienen iritzian bere sasoiko olerkari gailen bilakatu zitzaizkigun. Bizi zela, Biotz-begietan poema liburua soilik inprimatu zuen. Hil eta hurrengo urtean han-hemenka zeuzkan puskekin Umezurtz olerkiak publikatu zioten "Euskaltzaleak" elkartekoek. Azken hamarkadetan Lizardiren poesiaren argitalpen ugari egin dira, horietan osatuena Karlos Otegirena delarik: Olerkiak. Bestalde, Lizardiren ahapaldiak maiz hartu dituzte euskal kantariek abestien testu moduan.

Izadia sarritan azaltzen da Lizardiren bertsoetan. Urtaroen arabera aldatuz doan natura du idazgai, bere kolore argi-itzal eta soinuekin. Begietatik zehar bihotzerainoko zirrara sortzen dio hainbeste bider ikusi eta sentitutako paisaiak. Industrializazioak gutxi erasandako ingurugiroa da, gerraondoko kutsadura masiboa eta pinuaren hedatze ikaragarria nagusitu gabe baitaude oraindik. Beste poema batzuetan, berriz, egoera afektiboek berenganatzen dute erabateko protagonismoa: maitasunak, adizkidetasunak heriotzak eragindako poemak ditugu. Olerkaria baikor eta itxaropentsu agertzen zaigu aldika, triste eta kezkati beste batzuetan. Herria eta hizkuntza ere askotan aipatzen ditu, eta, horrenbestez, bizitzea egokitu zitzaion une historikoaren lekukotasuna eskaintzen digu.

LAUAXETA: Laukizen, Bizkaian, jaio zen Estepan Urkiaga "Lauaxeta". Artean, umea zela, Mungiara joan zen bizitzera familiarekin. Ikasketak Durangon eta Loiolan egin zituen jesuitetan. Horien ikastetxeetan ohikoa zen heziketa humanistiko osatua hartu zuen eta, eskola agintari gehienen artean hartarako jarrera aproposik izan ez arren, badirudi ikaskide batzuek bultzatu zutela euskaraz idaztera. Jesusen Konpania utzi eta Bilbora jo zuen 1928an, Orixerekin batera EUZKADI


egunkariko euskal orrian lan egitera. Han lanean hasi eta gutxira sailaren arduradun egin zuten eta eginkizun horretan iraun zuen 1934ko urrira arte. Asko nabermendu zen Errepublika aldian kazetari eta hizlari legez. Horregatik-edo, gerra etorri zenean, komisario politiko izendatu zuten eta karguari zegozkion zereginetan aritu zen Bizkaiko frentean. Horretantxe zihardutela atxilotu zuten 1937ko apirilaren amaieran kiskalitako Gernikan. Gasteizera eraman eta hantxe fusilatu zuten ekainaren 26an.

Asko idatzi zuen Lauaxetak bere bizitzako azken hamar urteetan. Egunkarirako ia egunero moldatzen zuen lantxoren bat prosaz. Kazetari lan horien lagin batzuk bildu zituen duela urte batzuk Jon Kortazarrek  Azalpenak izeneko liburuan. Teatro lan laburrak ere moldatu zituen. Literatura arloan, baina, Lauaxeta olerkarigintzari esker egin zen ezagun. Lehen Olerti Eguneko zilarrezko abarra irabazi eta laster kaleratu zioten estraineko poema bilduma: Bide barrijak. Bigarrena, aldiz, handik lau urtera: Arrats Beran. Horrez gain aipatzekoak dira, Gazteizko kartzelan idatzi zituen bertso hunkigarriak.

Bada alderik bi liburuon artean. Lehenengoan, izenburutik hasita, euskal baratzean landu gabeko lur berriak urratu nahi ditu. Poesian Europatik datozen azkenengo edo azken aurreko modu eta modak etxeratu guran dabil Lauaxeta. Eta gehiegitxo igartzen zaio batzuetan. Verlaine, Baudelaire, Mallarmé eta beste hainbat poeta irakurriak dituela ezagun da, baina ez du oraindik bere biderik aurkitu. Bigarrenean, ostera, iturri herritarragoetatik edatzen du eta memento horretako kezka eta amets politikoak kanporatzen saiatzen da, Aitzolek markaturiko ildotik, beharbada.

BERNAT ETXEPARE:


Euskarazko lehen liburuaren sortzailea Ipar Euskal Herrikoa izan zen, Nafarroa Beherekoa, Garaziko eskualdekoa, hain zuzen. Sarasketan jaio zela uste da XV. Mendearen azken zatian, eta urterik gehienak ere Garazi aldean igaro zituen. Besteak beste, Eiheralarreko erretore eta Donibaneko bikario izan zen.

Nafarroako Erresuman 1512tik aurrera izan ziren gerrak eta istiluak gertutik bizitzea tokatu zitzaion Bernat Etxepareri.


Hori dela eta, espetxea ere ezagutu zuen, poema batean aitortzen digunez. Atxilotzearen zergatiak ez daude oso garbi: batzuen iritziz, garai hartako gatazkan Gaztelako erregearen alde jokatu izana leporatuko zioten; beste batzuek, ordea, uste dute kartzelaratzeko arrazoiak politikoak baino gehiago moralak izan zirela.

Dena den, Etxeparek ozenki aldarrikatzen du errugabea dela. Eta badirudi ez zuela harrezkero arazo handirik eduki. Gerora, poema liburua idatzi ez ezik, argitaratu ere egin zioten. Sasoi hartarako ez zen gutxi; euskarazko lehenbizikoa zela kontuan izanik, gainera. Liburua 1545ean plazaratu zen Bordelen, Liguae Vasconum Primitiae izenburuarekin. Tituluan bertan, hitzaurrean eta amaierako poemetan nabarmen azaltzen du Etxeparek lehen euskal idazlea dela. Euskarari kanpora, plazara, mundura, dantzara irteteko agintzen dio; eta euskaldunek ere bide berriak urra ditzaten nahi du, moldiztegiaren bitartez beren burua erakutsiz. Kontrapas izeneko poeman irakur daitezke era horretako ideiak.

JOANES LEIZARRAGA:


Lehenengo euskal idazlea poeta genuen, eta bigarren prosalaria dugu: Joanes Leizarraga lapurtarra, Beskoitzeko semea. Eta Etxepare erlijio borroketatik kanpora geratu bazen ere, katoliko eta protestanteen arteko tirabirek bete-betean harrapatu zuten Leizarraga.

Izan ere, erreforma kalbindarraren eraginez sortu ziren Leizarragaren euskarazko lan guztiak. Joana III.A Albretekoak, Nafarroako erreginak, katolikoen fedea arbuiatu eta Kalbin-en doktrina berriak onartu zituen 1559an. Ordurako galduak zituzten albretarrek Hegoaldeko lur nafarrak, baina Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko zenbait eskualdeetan kalbinismoa ezartzen gogor saiatu zen.

Hartarako, ordea, herriari egokitutako irakurgaiak behar ziren. Kalbindarren sailera pasatutako apaiz euskaldunen artean Leizarraga zen nonbait zeregin hau mamitzeko pertsonarik aproposena. Horregatik agindu zioten beskoiztarrari eliza berriaren kristau ikasbidea eta Testamentu Berria euskarara itzul zitzan. Hizkuntza literarioa sortzen saiatu zen. Horretarako, behe-nafarrera eta lapurtera erabili zituen.


JOAN PEREZ LAZARRAGAKOA:


Oraintsura arte uste zenez, XVI. Mendeak ez zue sortu  Hego Euskal Herrian Etxepare eta Leizarragaren pareko idazlerik. Baina 2004an aurkitu den euskarazko eskuizkribu batek sakon  astindu du euskal letren mundua: Joan Perez Lazarragakoa arabarren idazlan batek, alegia.

Arabako iparrean dagoen Larrea herritxoan jaio zen J.P Lazarraga, familia aberats baten baitan. Madrilen bizi izan zen hainbat urtean eta batez ere han moldatu bide zuen oso gazterik, 1567 inguruan, berrogeita hamar orrialdetik gora dituen literatur lana. Liburutxo horrek orduan hain modan zegoen artzain eleberri laburra dakar hasieran, prosaz eta bertsoz lau neska-mutilen maitasun gorabeherak kontatzen dituena; eta, ondoren, 46 poema, 37 euskara eta 9 gaztelaniaz, era askotako gaiak landuz, baina amodiozkoak bereziki.

Lazarragaren eskuizkribuak interes handia piztu du hizkuntzalari nahiz literaturazaleen artean. Izan ere, batetik, lekuko paregabea dugu Arabako euskara zaharra nolakoa zen jakiteko; eta, bestetik, Hegoaldean euskaraz ohikoak ez zirela pentsatzen genuen literatura lanei buruzko informazio ugari ematen digu. Behar den bezala aztertzen denean, badirudi XVI.Mendeko euskal gizarteari eta hizkuntzari buruz genituen iritziak neurri batean aldatu eta osatu egingo direla.

PEDRO AXULAR: Jaiotzeaz nafarra zen Axular, Urdazubikoa, zeinak Lapurdirekin muga egiten baitu; herri horrek, Zugarramurdi, Ainhoa  eta Sararekin batera Xareta izeneko eskualde naturala osatzen du, beren artean muga administratiboa egon arren. Ikasketak Salamancako unibertsitatean egin eta apaiztu ondoren, Donibane Lohizunera jo zuen Axularrek; 1600ean Sarako parrokiako erretoretza eskuratu zioten, eta hantxe bizi izan zen berrogei urte baino gehiago, heriotzara arte. Sermoilari iaioa, hiztun oparoa eta idazle aberatsa genuen Axular. Bere esku trebeak ordura arte ezohikoa zuen dotorezia erantsi zion euskarari. Esaldi luze eta korapilotsuak gustatzen zaizkio batzuetan.Mezu ulergarria eta garbia emango digu beti.

Hil baino urtebete lehenago publikatu zuen liburu mardulean, Gero deiturikoan, alegia, ederki erakusten dio kristauari zein arriskutsua izan daitekeen arimari dagozkion zereginei berehala ez atxikitzea, erlijioarekiko betebeharrak biharko uztea, beti gerotik gerora luzamendutan ibiltzea. Bere ideiak hobeto adierazteko, adibideak erabiltzen ditu sarritan, sinonimoak pilatuz eta autore klasikoen aipuak tartekatuz.

Entradas relacionadas: