Karl Marx: Bizitza, Pentsamendua eta Eragina

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 21,8 KB

Karl Marx: Datu Biografikoak eta Testuinguru Historikoa

XIX. mendean bizi izan zen Karl Marx, “iraultzen mendea” deitzen zaion garaian. Mende honetako fenomeno garrantzitsuena industrializazioa izan zen, edo produkzio-modu kapitalista. Europan, laborarien gizarte feudaletik industri gizarte kapitalistara pasatu ziren.

Marx 1818an jaio zen Renaniako Treverisen. Bere familia jatorriz judua zen eta ideologiaz liberala.

Filosofia eta zuzenbide ikasketak egin zituen. Unibertsitatean, Hegelen filosofia ezagutu zuen, eta honen filosofiaren eraginez bi korronte bereizi ziren: eskuineko hegeliarrak eta ezkerrekoak. Marx ezkerreko hegeliarrekin elkartu zen. Kazetari gisa “Gazeta Renana” egunkarian hasi zen lanean, baina egunkaria gobernuaren zentsurak itxi zuen laster.

K. Marx ez zetorren bat Alemaniako pentsamenduarekin eta Parisera joan zen. Bertan, talde sozialista eta komunistekin harremanetan jarri zen, eta F. Engels ezagutu zuen.

Parisen bere pentsamendu eta jarduera iraultzailearen oinarrizko ideiak eratu zituen; horrela, Ekonomia eta Filosofiako Eskuizkribuak obra idatzi zuen.

Beranduago Frantziatik kanporatu eta Bruselan babestu zen. Bi obra nagusi idatzi zituen: Feuerbachi buruzko Tesiak, non bere pentsamenduaren asmo nagusiak argitu zituen (11. tesia: “Orain artean filosofoek mundua esplikatu egin dute; aldatzea da kontua”); eta Alderdi Komunistaren Manifestua, non materialismo historikoaren ideia nagusiak azaltzen diren.

Iraultzek porrot egin eta Londresera joan zen. Bertan pasa zituen 20 urteak oso gogorrak izan ziren, pobrezia larrian bizi izan baitzen. Gerora, familiaren egoera ekonomikoa zerbait hobetu zen —batez ere Engels-en laguntza ekonomikoari esker—. Marx kapitalismoaren analisi teorikoari ekin zion, eta obra hauek idatzi zituen: Ekonomia Politikoaren Kritika eta Kapitala.

Karl Marxen bizitzak bere gogo filosofikoa eta iraultzailea islatzen du, mundua aldatu nahian.

Marxen Pentsamenduaren Oinarriak

Marxen pentsamenduaren eratzean XIX. mendeko hiru pentsaera-korronte desberdinen eragina azpimarratu behar da:

  • Hegel
  • Feuerbach
  • Ingalaterrako Ekonomia Politikoa

Hegelen Dialektikaren Kritika

Hegelen teoriaren kritika da Marxen filosofiaren abiapuntua. Honek metodo dialektikoa onartzen du; baina Marxen ustez, dialektika errealitate materialaren dialektika da, gizakien baldintza materialen historia. Hegelena, berriz, Idearen dialektika da. Dialektikaren ikuspegitik, errealitatea prozesu bat da, osotasun dinamiko bat, eta mugimendu horren indar eragilea ezeztapena, antagonismoa, aurkakotasuna da. Guzti hau historiari aplikatuta, gizartearen historia etengabeko aldaketa-prozesua dugu. Dialektikak hiru lege ditu: tesia, antitesia eta sintesia. Une historiko –gizarte-mota– guztiek bere kontraesanak dituzte, eta horrek sortzen du ukapenaren ukapena.

Feuerbachen Erlijioaren Kritika

Marxek Feuerbachen Jainkoaren ideia eta erlijioaren kritika (gizakia jainkoarengan alienatzen da, hau da, ideia faltsu baten izenean ezerezten da) sakondu zuen. Marxek alienazio erlijiosoa onartuko du, baina alienazio erlijiosoa bigarren mailako burugaltzea dela dio; alienazio ekonomikoa da funtsezkoa.

Ekonomia Politikoaren Kritika

Gizarte kapitalistaren ezaugarri nagusiak jabetza pribatuaren defentsa, merkatua eta lehiaren printzipioen ezinbestekotasuna ekonomian dira. Ekonomilarien ustez, produkzioaren legeak “naturalak” dira, betikoak. Marxen ustez, ordea, ez da horrela gertatzen, eta horregatik saiatuko da frogatzen ekonomiaren lege guztiak ez direla naturalak.

Materialismo Historikoa: Egitura Ekonomikoa eta Gainegitura

Feuerbachen XI. Tesiaren arabera, “Orain artean filosofoek mundua esplikatu egin dute; aldatzea da kontua”. Orain arteko teoria guztiek ez dute ezertarako balio izan; teoria ez ezik, praktika ere behar da. Marxek sortzen duen teoriari Materialismo Historikoa deritzo. Marxek sortutako teoriarik garrantzitsuena da, historiaren zientzia, gizateriaren eta garapen historikoari buruzko ikuspegi orokorra ematen duena, eta errealitate sozioekonomikoaren egitura agerian jartzen duen metodoa. Historia da, Marxen hitzetan, bizitzaren produkzio materialaren historia. Gizakiaren esentzia lana da; lanean egiten da gizakia gizaki.

Materialismo historikoaren ikuspegitik, gizarte oro produkzio-modu bat da, eta bi maila desberdin bereiztu behar dira: azpiegitura (maila ekonomikoa) eta gainegitura (maila juridiko-politiko eta ideologikoa). Azpimarratu behar da gizartearen oinarri ekonomikoak baldintzatzen dituela gainontzeko egitura sozial, politiko eta kulturalak.

Gizartearen oinarri ekonomikoan, Produkzio-Indarrak (gizakien lan-indarrak eta produkzio-tresnak) eta Produkzio-Harremanak (produkzio-prozesuan gizakien artean eratzen diren harremanak) ditugu. Gizakiak bere bizitzarako beharrezko gaiak ekoizten ditu, eta horrela naturarekin harreman dialektikoa ezartzen du. Era berean, harreman sozialak ere sortzen ditu. Eta harreman horietan erabakitzen dira baten boterea eta bestearen mendetasuna. Gizakia, beraz, bere harreman sozialen emaitza da. Gizarte guztietan produkzio-bideen jabetza pribatuak klase-banaketa (menperatzaileak eta menderatuak) ekarri du, eta horrekin batera esplotazioa, deshumanizazioa… Gizarte jakin batean nagusitzen diren jabetza-harremanek baldintzatzen dute gizarte osoaren izaera.

Gizartearen gainegituran bi elementu bereiztu behar dira. Batetik, gizarte-egitura juridiko-politikoa edo Estatu-forma (erakunde eta legeak), eta bestetik, gizartearen forma ideologikoak edo kontzientzia-formak (gizarte horren produkzio intelektuala). Marxen Materialismo Historikoak dioenez, gizartea baldintzatzen duena ez da espiritua (Hegelen arabera), baizik eta produkzio-harreman ekonomikoa. Bizitza materialaren produkzio-moduak bizitza sozialaren prozesua baldintzatzen du. Produkzio-harremanen arabera egituratzen da gero gizartea politikoki eta ideologikoki. Marxen hitzetan: “Ez du gizakien kontzientziak errealitatea determinatzen, alderantziz baizik; gizarte-errealitateak determinatzen du haien kontzientzia”.

Klaseetan banaturiko gizartean, ez dago interes orokorrik; interes partikularren arteko gerran bizi gara denok. Klase dominatzaileak aldian aldiko ideologia dominatzailea nagusiarazten du, eta ideologia nagusi horretan, klase dominatzailearen interesak daude, arrazoizko itxuraz jantzita, guztiei horixe sinestaraziz. Beraz, ideologiaren helburua gizartean dauden oinarrizko gatazkak ezkutatuz, dagoen ordena justifikatzea da.

Estatua jabetza-harremanen emaitza da. Marxen ustez, klase-banaketarekin sortu zen, egoera hori iraunarazteko tresna gisa. Hortaz, Estatua klase menperatzaileek beren interesak defendatzeko eta gizarte osoari inposatzeko tresna boteretsua da.

Materialismo Historikoa II: Iraultza

Marxen historiari buruzko ikuskera Materialismo Historikoa da. Horren tesi nagusia da gizateriaren historia klaseen arteko borrokaren historia dela. Gizartea etengabe aldatzen ari den zerbait da. Mugimendu horren motorra oinarri ekonomikoan dagoen harremanen dialektika da, hau da, produkzio-indarren eta produkzio-harremanen arteko kontraesana.

Historian zehar produkzio-modu ezberdinak egon dira, eta horiek produkzio-harreman ezberdinetan oinarritzen dira. Produkzio-harremanak une batean egokiak dira, baina traba bihurtu daitezke gizartearen garapenerako. Traba horiek direla eta, produkzio-modu berriak sortzen dira, eta produkzio-harremanak ere aldatu egiten dira. Beraz, gizarte berria ere eratzen da, gizarte burgesa, alegia.

Marxek iragartzen du ekoizpen-sistema kapitalistan (jabetza pribatua, merkatua eta lehiakortasuna) denborarekin botere ekonomikoa gero eta esku gutxiagotan bilduko dela (kapitalistetan), eta proletarioak gero eta gehiago ugarituko direla. Klaseen arteko desberdintasuna gero eta sakonagoa izango da; eta horrek ekarriko du sistemaren krisia eta iraultza-egoera. Ekoizpen kapitalistaren krisi ekonomikoek frogatzen dute, sistema kapitalista izaten jarraitu ahal izateko, langile-klasea pobretzeko prozesua sakondu behar dutela kapitalistek, aldi berean ekoizpen-sistema guztia arriskuan jarriz.

Sistema kapitalistan, produkzio-indarren eta produkzio-harremanen arteko kontraesana klaseen arteko borrokan gauzatzen da. Kontraesan hori gainditzeko sortzen da iraultza: produkzio-harreman zaharren suntsiketa eta jabetza berrien sorrera. Aldaketa horren ondorioz, gainegitura ere poliki-poliki aldatu egiten da, eta produkzio-modu berri bat sortzen da. Sortutako produkzio-modu berri hori aurrekoa baino goragokoa da.

Iraultza gertatzeko beharrezkoa da produkzio-indarren eta produkzio-harremanen arteko kontraesana, baina baita klase menperatuen iraultza egiteko borondatea eta kontzientzia ere. Hori garatzeko, klase menperatuetako kideek gizartean nagusi den ideologiatik askatu beharra daukate.

Marxek berehalakotzat zuen klaserik gabeko gizartea eta alienazioak ezabatzea ekarriko zituen iraultza proletarioa. Iraultzak badu helburu argi bat: jabetza pribatua amaitzea, horrek klase sozialen arteko desberdintasunak sortzen baitu.

Alienazio Ekonomikoa

Alienazioa gizakiari egiten zaion askatasuna izateko, lan egiteko eta pentsatzeko gaitasun-desjabetzea da, gizakia bera bizi den sistema ekonomiko kapitalista dela kausa. Marxek hainbat alienazio-mota analizatu zituen: erlijiosoa, filosofikoa, politikoa, soziala eta ekonomikoa, azkeneko hori beste guztien zergatia izanik.

Marxen iritziz, gizakiaren esentzia lana da, eta lan produktibo horretan gizakiak bere izaera lantzen du. Baina produkzio-modu kapitalistan ez da hori gertatzen; produkzio-modu horretan lanaren baldintza errealek alienatzen dute.

Lan-prozesuan langilea laneko objektuaren gainean proiektatzen da, baina produkzio-modu kapitalistan objektu hori beste pertsona baten esku geratzen denez, zerbait arrotza balitz bezala antzematen dio langileak. Beraz, lan-prozesuak produktuaren desjabetzea dakarkio langileari, eta bere buruaren jabe ez izatea. Alienazioa, kapitalismoa agertzen den unetik bertatik sortzen da. Eta honen oinarri nagusia produkzio-bideen jabeek langileek egindako lana eskuratzeko (esplotatzeko) erabiltzen duten metodoa da. Marxen ustez, langilearen lan-indarra merkantzia gisa erabiltzetik ateratzen da etekina: lan-indarra merkantzia berezia da, eta lanaldian sortzen dituen produktuen balioa baino gutxiago ordaintzen du kapitalistak lan-indarraren truke. Hortik sortzen da plusbalioa. Plusbalioa, beraz, kapitalistak lan-indarraren truke ordaintzen duena eta lan-indar horrek lan-denboran sortzen dituen produktuen balioaren arteko diferentzia da.

Erlijio-Alienazioa

Marxek gizakiari buruz egiten duen analisia gizadiaren historiarekin dago erlazionaturik; historia hori giza alienazioak hartutako hainbat formak osatua delarik. Alienazioak gizakiak bere baitako zerbait galtzea esan nahi du, gizaki bat pertsona gisa errealizatzen ez denean, beste baten menpekotasunaren beharra. Marxek hiru alienazio-mota bereizten ditu: erlijio-alienazioa, alienazio ideologikoa eta alienazio ekonomikoa.

Feuerbachek Jainkoaren ideia eta erlijioaren kritika (gizakia jainkoarengan alienatzen da, hau da, ideia faltsu baten izenean ezerezten da) sakondu zuen. Erlijioa fantasiazko eraikuntzak besterik ez baitira, eta horien bidez emakumeek eta gizonek euren nahiak, euren pentsamenduak eta euren gabeziarik sakonenak proiektatu dituzte Jainkoaren ideian. Ez da Jainkoa bere irudi eta antzera gizakia sortu duena, gizakiak bere antzera sortu duen irudi idealizatu bat baizik. Azkenean, Jainkoa nagusitu egin zaio eta errealitate horren mendean geratuko da alienatuta, Jainkoaren eta erlijioaren mendean. Gizakien nahiek eta ahalmenek erlijioaren forma hartu dute eta horren menpe geratu dira; orain, erlijioaren agindua bete behar dute, beraz, alienatuta biziko dira, beren buruaren jabe, aske, izan ezinik.

Marx Feuerbachen erlijioaren kritikarekin ados dago, baina ez da bat etorriko erlijioaren eragina heziketa egoki baten bidez ezabatuko litzatekeelako ideiarekin. Miseria errealaren adierazpen ideala erlijioa da, zeren zeruko munduan proiektatzen baita lurrean falta zaiguna. Erlijioak gizakia mundu errealetik fikziozko mundu batera eramaten du, eta gizakia erlijioak prometitzen dion fikziozko munduaren bilaketaren bidez geratzen da alienatuta. Marxen ustez, erlijioaren oinarrian bizitzaren miseria dago. Gainera, erlijioa da klase gorenak erabiltzen duen tresna bere menpe daudenak zanpatzeko. Hori dela eta, erlijio-alienazioak funtzio sozial bat betetzen du: “Erlijioa herriaren opioa da”, proletarioen sufrimendua arintzeko droga.

Eliza alienazio honen elementu bideratzailea da, gizakion ahaleginak errealitatetik kanpo dagoen justizia bat bilatzera bideratzen baititu, errealitatea aldatu ordez. Beraz, ez da gizakien problemak konpontzeko gai; harreman sozialen multzoaren eraldaketa iraultzaren eraginez bakarrik gerta daiteke.

Gizarte Komunista

Orain arteko gizartearen historia klaseen arteko borrokaren historia besterik ez da izan. Marxen ustez, historian zehar agertu diren produkzio-moduak —zaharra, feudala eta burges modernoa— gizarte-eraketaren garai aurrerakorrak dira. Gizarte horietan guztietan produkzio-bideen jabetza pribatuak klase-banaketa ekarri du: menperatzaileak eta menperatuak, eta horrekin batera esplotazioa. Zapalduak eta zapaltzaileak beti aritu dira elkarren aurka etengabeko gerran; hori beti gizarte osoaren aldakuntza iraultzailearekin amaitzen zen. Marxek dioenez, produkzio-harreman burgesak dira gizarteko produkzio-prozesuaren azken forma antagonikoa, hau da, klase-banaketa sortzen duen azken produkzio-modua. Langileen iraultzaren bidez jabetza pribatua eta klase-banaketa amaitzera, hau da, gizarte komunistara abiatzen da Historia.

Jabetza burgesa deuseztatzeko, Marxek Proletargoaren Diktadura den garai iragankor bat proposatzen du. Diktadura horrek ekarriko du langile-klaseak botere politikoa hartzea eta kapitalismoaren azken hondakinen suntsipena. Pentsamendu marxistan, proletargoak bere iraultza amaitu ondoren ezarriko duen gizarte komunista ez dela, orain arteko iraultzetan bezala (iraultza burgesean, adibidez), klasedun gizarte bat eraikiko. Horretarako, proletargoa ez ezik, herrian dauden beste klase zapalduak ere, bide batez, ekonomia-, politika- eta ideologia-katepetik askatuak izango dira. Iraultza komunista amaitu ondorengo gizartea, bada, klaserik gabeko gizartea da, hau da, komunismoa, non alienazio guztiak eta gizakien errealizazio osoari bidea zabaltzen zaion.

Marxismoaren Eragina Ondorengo Munduan

Marxismoa deiturikoa garrantzizko fenomenoa izan da, eta honen zenbait interpretazio egin ziren. Komunistak deitzen diren erregimen politikoen oinarrian dauden ideia eta balioen inspirazio den interpretazio marxistaz gain, badira beste sistema filosofiko batzuk. Oro har, bi interpretazio-mota bereiz daitezke:

Humanisten Eredua

Lehen interpretazioa humanisten eredua da. Iritzi-talde baten ustez, marxismoaren ardatza gizakia da: mamitzat askatasuna duena eta ez ekonomia. Marxen pentsamenduan, gizarte kapitalistak eraso egiten dion gizakiaren tresnatze edo gauza bihurtzeko joerari aurre egiteko elementua da.

Althusserren Interpretazioa

Bigarren interpretazio-eredua Althusserrek proposatutakoa da. Marxismoa ez da humanismo-mota bat, baizik eta errealitatea ezagutzeko modua. Marxek gaztetan sortzen duen humanismoaren gaineko ideiak ideologia baino ez dira. Althusserrek uste du horrek guzti horrek ez duela zerikusirik geroko Marx helduak Kapitala izeneko lanean erakusten duen joera zientifikoarekin. Errealitate soziala eta politikoa aztertzeko metodo zehatza gauzatu zuena, eta helburutzat gizartearen bilakaera sakontzea zuena.

Kritikak Marxismoari

Marxen politikari kritika ugari egin zioten, besteak beste:

  • Antropologia arloan: gizakia ez dela homo faber hutsa, eta mundua ez dela soilik lantegi bat.
  • Produkzio-indarren garapenerako: lan-indarra eta baliabide naturalen garapena beharrezkoa da; hau zientzia eta teknologiaren bidez lortzen da, eta hauek gainegituran ere kokatzen dira.
  • Erlijioari dagokionez: Marxek uste du askatasuna lortzeko oztopoa dela, baina badaude ideologia menderatzailearen aurka diharduten askapen-teologia ahalgarri egiten duten planteamendu erlijiosoak.

Marxismoaren Ekarpen Positiboak

Kritika onak ere jaso zituen, adibidez:

  • Teoria eta praxiaren beharrezkotasuna: Gaurko munduaren egoera guztiz larriaren eta deshumanizatzailearen barnean, alienatuta dagoen gizakiari bere benetako izaera berreskuratzen eta kolektiboki gauzatzen lagundu beharra; eta hori lortzeko, aldatu beharko da errealitate sozialari aditasunez begiratzea eta horren egitura alienatzailea eta ankerra aztertzea.
  • Erlijioei dagokienez: Bereziki kristauari, euren sektore batzuek historikoki izan duten ideologia menderatzailearen aldeko nahaskeriez konturatzen eta aldatzen laguntzea.

XX. Mendeko Pentsamoldearen Oinarriak: Marx, Nietzsche, Darwin, Freud

Hegelen ondoren, filosofiaren parte handi bat haren filosofiaren kritika baino ez da. Munduaren zentzua eztanda egiten du behin-behineko zentzuen aniztasun batean. Horregatik, filosofiak dena harrapatzen duen diziplina izateari uzten dio, eta teoria partikularren aniztasun batean zatikatzen da. Filosofia jakintza berezi batzuetan sakabanatzen da, haien aniztasunean. Aro Garaikidearen abiapuntua sistema hegeliarraren absolutismoaren aurkako erantzunean aurkitzen da.

Marx eta Materialismo Historikoa

Marxen Feuerbachi buruzko XI. tesiaren arabera: “Filosofoek egin duten gauza bakarra mundua interpretatzea besterik ez da izan; garrantzitsuena, ordea, mundua eraldatzea da”. Marxen ustez, gizartea eraldatzeko, gizakiari eta historiari buruzko teoria zientifiko berri bat behar da: Materialismo Historikoa. Honen arabera, klaseen arteko borroka da historiaren egilea. Marxek eraiki nahi duen gizartea klaserik gabeko gizartea da; gizakiak alienazio ekonomikoetatik emantzipazioa lortu ahal izango du, eta horrela, gizakiak gizaki gisa gauzatu ahal izango du bere burua.

Darwin eta Eboluzioaren Teoria

XIX. mendean, Darwinek eboluzioaren teoria formulatu zuen. Teoria honek dio gaur egungo espezieak desagertuta dauden beste espezieek jasandako aldaketen produktuak direla. Instantzia transzendenteetara jo gabe azaltzen du prozesua, modu zorrotz naturalista baten bidez.

Nietzsche eta Platonen Kritika

Nietzsche naturalista zenez, Metafisika, erlijioa eta Platon kritikatu zituen. Platonen arabera, egia hutsa mundu ideal batean (jaiotzatik, aldaketatik eta heriotzatik babestua) aurkitzen da; Nietzscheren ustez, Platon da, azken finean, zatiketa dualista horren ezarpenaren arduraduna. Mundu berri horren ezaugarriak mundu naturalak dituen ezaugarrien kontrakoak dira. Mundu hori eraikuntza bat da eta bere gailurrean Jainkoa dago. Nietzscheren ustez, mundu hori eraikitzea mundu naturaletik ihes egitea da, koldarki ihes egitea. Jarrera hori dekadenteari dagokio.

Freud eta Inkontzientearen Teoria

Freudek gure jokabidearen gidari arrazionalak akaso benetako eragileak ez direla agertzen du, eta ondorioz, ezkutuan ditugun bulkada irrazionalek gure portaeretan zeresan handiagoa duten susmoa ere bai. Inkontzientearen lehen teoria sortu zuen. Teoria honetan mekanismo inkontzienteei buruzko azalpen orokor bat ematen zen eta horien eragina giza ekintzetan.

Kritika Kristautasunari (Nietzsche)

Nietzscheren iritziz, erlijioa beldurretik sortzen da, bizitzaren aurrean gizakiak dituen larrimin- eta ezintasun-sentimenduetatik. Erlijioak ez du inoiz egia esan, eta naturaz gaindiko izaki transzendentalei errealitatea ematean metafisikak egindako errore berbera gauzatzen du. Horrela agertzen da Nietzsche tradizio judu-kristauaren kontra, budismoaren kontra, eta, oro har, edozein forma erlijiosoren aurka. Zehazki, Mendebaldeko gure historian kristautasunak irauli zituen antzinatasun klasikoaren balio dionisiakoak, mundu ideal baten asmakuntzaren bidez eta mundu erreal bakarraren mespretxua zela bide. Hilezkortasunaren onarpenarekin, bizitza hau pasabide iragankor bihurtzen da. Nietzscheren iritziz, kristautasuna platonismo herrikoia da, ahulentzat eta esklaboentzako filosofia eta moral arrunta. Bestalde, erlijioak balio dekadenteak soilik proposatzen ditu; artaldearen balioak edo esklaboenak: umiltasuna, mendekotasuna, obedientzia, sakrifizioa eta antzekoak, guztiak sen bietan aurkakoak. Besteak beste, bekatua, errua, damutasuna eta penitentzia izeneko kontzeptuekin egiten ditu erlijioak bizitzaren aurkako erasoak.

Oro har, erlijioak, eta batik bat kristautasuna eta budismoa, gaixoen eta ahulen erlijioak diren bezala, gizakiak bere mugak etengabe gainditzen joateko oztopoak izan dira. Osoko bizitzari, edo osoz mamitu beharreko bizierari kontrajartzen zaio bizitza ahula eta artaldearen morala. Horixe da erlijioak goraipatzen duen jardunbidea, indarra eta hobetzeko ausardiaren ordez beldurrez jarduten duen morala.

Grinak, bulkadak, senak, oro har gorputzari gogoko zaion guztiak eta balio estetikoak arbuiatu izana leporatzen dio kristautasunari. Hori dela eta, garaiko gertaerarik garrantzitsuenak, Jainkoaren heriotzak, hain zuzen, gizakiaren erabateko garapenaren ateak zabaltzen ditu, bere indar sortzaileak hedatzeko. Kristau-jainkoa, bere debekuak, agindu eta guzti, alde batera gelditzen dira. Era honetara, gizakion begiak ez dira haraindiko mundura zuzenduko; gezurrezko mundura jo beharrean, honako mundu honetara joko dute.

Beraz, Nietzscheren iritziz, Jainkoa desagertzerakoan, berari atxikitzen zaizkion balio kristauak ere desagertu egingo dira. Lehenago edo geroxeago, Jainkoaren heriotzak balio absolutuaren eta lege moral objektiboaren hondamena ekarriko du. Hala dio Nietzschek: “Balioekiko arbuioa nihilismoaren ezaugarria da”.

Entradas relacionadas: