Joanes etxeberri sarakoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 11,01 KB

 

Euskal literaturaren hastapenak


Iparraldeko idazleak aitzindari:


  • 1545ean, konkista garaiaren inguruan, Linguae Vasconum Primitiae izeneko euskarazko lehen liburua argitaratu zuen Bernart Etxepare
    Garazitarrak. Behe Nafarreraz dago idatzita eta oso informazio interesgarria eskaintzen digu. Hitzaurrean bertan idazleak euskaraz ez dela beste lanik azaltzen du. Horrez gain, inprentaren sorreraren berri du eta bere hizkuntzaren zabalpena egin nahi du. Orduko askoren iritziari aurka eginez euskaraz ere beste hizkuntzetan bezalaxe idatz daitekeela demostratzen du. Gainera, aipagarria da hastapenetako euskal literatura erlijiosoan salbuespen bat dela.

  • 1564-1567 bitartean Larreako Juan Pérez de Lazarragak garai horretan oso modan zegoen artzain-nobela generoko lan bat idatzi zuen. Hala ere, 2004 arte ez dugu bere berri izan. Madrilgo liburu denda batean aurkitu zen eskuizkribua. Ez zuen izenbururik ere eta gerora “Silbero, Silbea, Doristeo ta Sirena” modura izendatu da. Oso lan garrantzitsua da garai horretan Araban euskaraz egiten zela frogatzen duelako, Arabako euskara hori nolakoa zen erakusten duelako eta euskal literaturari buruzko informazioa eskaintzen duelako. Azpimarratzekoa da idazlan honek ere ondorengo liburu asko eta askok ez bezala ez duela erlijioaren gaia jorratzen.

  • 1571n Behe Nafarroako Joanes Leizarragak Testamentu Berria itzuli zuen euskarara: Iesus Krist Gure Iaunaren Testamentu BerriaAlbreteko Joana protestantismoaren  aldekoa zen eta ikuspegi erlijoso hori bere lurretako herritar gehiagorengana zabaltzeko asmotan Leizarragari euskararako itzulpena egiteko eskatu zion. Hitzaurrean bertan Leizarragak euskarak aldaera desberdin ugari dituela azaltzen du eta hori zailtasun modura agertzen du euskaldun denei zuzendu ahal izateko. Hori dela eta, euskara batu bat sortzeko saiakera egin zuen. Alabaina, katolizismoa nagusitu zen eta protestantismoaren parte zen lan bat izaki euskara baturako ahalegin hau bertan behera geratu zen. Ez zuen jarraipenik izan. Horrez gain, Leizarragak Kalendrera eta Abc edo Christinoen instructionea idatzi zituen.

  • 1643an Axular ezizenez ezagunagoa den Pedro Agerre Azpilikuetak Gero liburua argitaratu zuen. Lan hau euskal literaturaren obra gorentzat hartzen da Axularrek erabili zuen hizkuntza maila izugarria medio eta denbora luzez euskara jasoaren eredu izan da. Liburu honen hitzaurrean ere agertzen da euskara molde desberdinen kezka. Hala ere, Axularrek garbi egiten du euskararen balioaren alde. Arazoa izatekotan euskaldunek diotela uste du eta ez euskarak.

  • Orain arte aipatutako idazleek idatzi zituzten euskal literaturaren hastapenetako  obrarik aipagarrienak, baina horiekin batera Iparraldean izan ziren autore bikain gehiago ere: Etxeberri, Haranburu, Argainarats, Harizmendi, Haraneder, Pouvreau eta Materre.

Iparraldetik Hegoaldera:


XVIII. Mendean Frantziako eta Espainiako monarkiak beren mintzairaren aldeko politika zorrotzagoa egiten hasi ziren. Horren arabera, agindupean zituzten lurralde guztietako biztanleek ezagutu eta erabili behar zuten Frantsesa ala Espainola. Ez hori bakarrik, eskoletan erdara soilik irakasteko agindua eman zuten. XVIII. Mendeko euskararen egoera guztiz kaskarra zen mugaren bi aldeetan. Iparraldean euskaraz argitaratzen ziren obrek literatur maila apala erakusten zuten eta Hegoaldean ez zegoen ezer euskaraz idatzirik. Bitartean erdal eskolak zabaltzen ari ziren, euskararen balio gutxiaren ideia barneratua zuten euskaldunen babesarekin. Egoera honetan euskararen kontrako diskurtsoa nagusituz eta finkatuz joan zen, baina honi aurre egin nahian, defendatzaileak eta goresleak plazaratu ziren.


Garai larri hartan bi pertsonaia garrantzitsu nabarmendu ziren euskal letretan. Bata, Iparraldeko Saran sortua, Hegoaldean bizi eta hil bazen ere, Joanes Etxeberri; bestea, Hegoaldekoa, Andoaingoa, Manuel Larramendi. Elkar ezagutu zuten Azkoitiako seminarioan eta lehenak bigarrenari Iparraldean garatzen hasia zen tradizioaren lekukoa pasa zion.


  • Sarako Etxeberri euskara irakaskuntzan sartzen saiatu zen. Haren iritziz euskarak etorkizunean bizirik iraun zezan ezinbestekoa zuen eskolara zabaltzea. Horrela, euskaldunek latina euskararen bidez ikas zezaten ere ahalegindu zen. Jakina da garai horretan, eta baita gero ere, ezinbesteko tresna zela latina.

  • Manuel Larramendik hizkuntza bikain menderatzen zuen arren ezer gutxi idatzi zuen euskaraz. Dena den, Gipuzkoako hainbat idazlerentzat euskaraz idazteko behar zuten sustatzaile suertatu zen, gipuzkera literarioari hasiera emanez eta tradizio idatzi baten aitzindari gertatuz. Bere eragina euskal literaturaren historian ez da haren ondorengo jarraitzaileengan soilik antzematen. XX. Mende hasierako hainbat euskaltzaleren artean ere suma daiiteke andoaindarraren itzala.  Bere lanik aipagarrienak honakoak dira: El Imposible Vencido. Arte de la Lengua Vascongada edo Ezina ekinez egina, lehen euskararen gramatika (1729) eta Diccionario Trilingüe del Castellano, Vascuence y Latín (1745) hiru hizkuntza biltzen zituen hiztegia. Esan daiteke, honenbestez, bi ekarri garrantzitsu izan dituela Larramendiren lanak: batetik, euskarari bere duintasun arautua ematea, eta bestetik, euskararen aldeko lanetara hainbat autore erakartzea.

Hegoaldean eta zehatzago Gipuzkoan Larramendirekin batera Joanes Etxeberri eta Agustin Kardaberaz aritu ziren euskararen sustapenean eta apologian gogor lanean.


Entradas relacionadas: