Foruen Deuseztapena eta Kontzertu Ekonomikoak Euskal Herrian

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,47 KB

XIX. mendean, Esparteroren erregeordetzan sinatutako 1841eko dekretuaren ondorioz, Euskal Herriko hiru probintzietako foru-erregimeneko salbuespen fiskal eta militarrak indarrean jarraitu zuten.

Foruen Abolizioa eta Cánovasen Politika

Cánovasek garrantzi handiagoa eman zion euskal probintziek dirutan eta gizonetan egin beharreko kontribuzioak negoziazioetatik kanpo geratu behar zutela, baina prest zegoen kontribuzio hori gauzatzeko modu desberdinez eztabaidatzeko. Haren ustez, 1839ko urriaren 25eko Legeak zioen bezala, Gorteek euskal foruak aldatzeko ahalmena zutela. Lehenik Diputazioei entzun eta ondoren komenigarriena jotzen zuen erabakia hartzeko aukera zuela uste zuen.

Azkenean, karlisten porrotaren ondorio zuzena foruen abolizio formala izan zen. Cánovasek bere politika zentralista indartu zuen foru sistema deuseztatu zenean. Karlisten aurkako gerra zibila amaitu izanak, alde batetik, Alfontso XII.aren inguruan kontzientzia nazional bateratua handitzeko balio izan zuen, eta, bestetik, Cánovasek bere ideia gauzatzeko, herritar guztien berdintasun juridikoan oinarritutako estatu bat lortzeko.

1876ko Legea eta Kontzertu Ekonomikoen Ezartzea

1876ko uztailaren 21eko Legeak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa gai fiskal eta militarretan Estatuko gainerako probintziekin parekatu zituen, eta Gobernuari probintzien administraziorako beharrezkoak izango ziren aldaketak egiteko aukera ematen zion. Batzar Nagusiak eta Foru Aldundiak baliogabetu zituzten, eta horien ordez, Probintzia Aldundiak ezarri zituzten. Nafarroan, 1841ean sinatutako Hitzartutako Legeak indarrean jarraitu zuen. Hala ere, foruen ezeztapen hori ez zen erabatekoa izan.

Lege honek erreakzio handiak sortarazi zituen euskal probintzietan. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, jarrerak apalduz joan ziren eta aldundi berriek jarrera pragmatikoa hartzea erabaki zuten legearen aplikazioa negoziatzeko formula egokiena lortzeko. Eztabaida eta bileren ondorioz, 1878ko otsailaren 28ko Dekretua eman zen eta euskal probintzietarako Kontzertu Ekonomikoak ezarri ziren. Lege honek euskal probintziei zerga-erregimen berezia, Estatuko gainerakoen desberdina, ezarri zien. 1876an Cánovasen gobernu liberalak euskal foruak deuseztatu zituen, baina berezitasun fiskal-administratiboak mantendu ziren, nolabait.

Kontzertu Ekonomikoen Ezaugarriak eta Ondorioak

Kontzertu Ekonomikoetan, probintzia bakoitzak aldian-aldian Estatuko diru-kutxetarako eman beharreko kopurua negoziatzen eta zehazten zuen. Diputazioak behartuta zeuden zergak bildu eta horietatik kontzertatutako zati bat, kupoa alegia, Estatuari urtero ematera. Zergen kudeaketa eta bilketa Diputazioen esku zegoen. Horrek hainbat onura ekarri zituen:

  • Presio fiskala Espainiako beste probintzietan baino txikiagoa zen, eta horrek kapitalak eta inbertsioak erakartzeko balio izan zuen.
  • Kupoa denboraldi baterako zehazten zenez, etekina handiagoa zen.
  • Aldundiek gastua antolatzeko zuten autonomia eta erraztasuna onuragarriak izan ziren bertako ekonomiarentzat.

Aldundien boterea handitu zen. Estatuko gainerako probintzietarako zehaztutako hauteskunde sistema erabiltzen zen, boterea burgesiaren eskuetara pasatuz. Burgesiak bere interesen araberako zerga sistema ezarri zuen (zeharkako zergak bultzatuz eta errenta eta ondasunen gainekoak murriztuz). Zerga erregimen honek oinarrizko beharrezko gaietan izan zuen eragina eta behe-mailako klaseak kaltetu zituen.

Foru Sistemarekiko Desberdintasunak eta Bilakaera

Foru-garaiko sistemarekiko desberdintasunak nabariak ziren, hala ere: 1876. urtea baino lehen zerga-ordainketa ez zen batere erregularra (nolabait "borondatezkoa" zen), baina, orduz geroztik, akordioa Espainiako Gobernuaren borondatean zetzan, eta ez zuen lege-mailarik. Izan ere, Kontzertu Ekonomikoa "behin-behineko" neurria zen (1878tik 1886ra).

Sistema hau denboran luzatu egin zen. Kontzertu Ekonomikoak adostu ziren 1878an, 1887an, 1894an, 1906an eta 1925ean. Espainiako Gerra Zibilean (1936-1939), dekretu baten bidez, Francok Bizkaiko eta Gipuzkoako kontzertuak ezabatu zituen (1937), eta Arabakoa eta Nafarroako hitzarmena mantendu zituen; hala ere, bi herrialde horien eskubide fiskalak murriztu egin zituen.

Entradas relacionadas: