Familiaren eginkizunak

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Otras materias

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,76 KB

 

Familia-bizitzari eragiten dioten krisiak


Familiaren desoreka eta krisia:


Pertsona bakoitzak etengabe egin beharko die aurre bere oreka hausten duten egoera edo zailtasun jakinei, eta bat-bateko erantzunak beharko ditu haiek leheneratzea lortzeko. Hasiera batean, zailtasun horiek kanpoko laguntzarik gabe konpon daitezke. Adibidez, familiako kide batek erretiroa hartu behar badu, aurrea har dakioke errealitate berriari, eta hari atseginez aurre egiteko ekintza batzuk jar daitezke abian; jarduera batzuk pentsa daitezke, hala nola bidaia bat planifikatzea. Horrek guztiak oreka osasuntsu bati eusten lagunduko du. Hala ere, batzuetan, arazoak handiak direnean edo haiei aurre egiteko gaitasunik ez dagoenean, konpontzen zaila den egoera batera eraman dezakete pertsona, eta horrek krisia eragin diezaioke. Kasu horretan, norberak ezin du bere kabuz oreka leheneratu.
Krisia da pertsona bati eragiten dion desoreka mota bat, eta bere gaitasun propioak martxan jartzea oztopatzen dion estres-egoera bat eragiten diona. Ondorioz, baliteke krisi-egoeran dauden pertsonak gai ez izatea eta arazoari konponbide bat aurkitzeko aukera eman diezaioketen baliabideak eta beren gaitasun propioak abian jartzeko. Une horretan beharko dute beren egoerari aurre egiten lagunduko dien kanpoko esku-hartze bat.

Krisi motak:

Konpontzen diren arazo edo krisiei egiten diete aurre bizitzan zehar pertsonak zein familiak, bizitzaren zati baitira; krisi horiek, oro har, esperientzia eta heldutasuna ematen dute, eta hori hurrengo etapei aurre egiteko egokitzapen-faktore bat da. Era berean, ikusi dugu pertsona edo familia jakin batzuek gainditzea lortzen ez duten egoerak gertatzen direla batzuetan, eta horrek zailtasun berriei aurre egiteko gaitasuna kentzen die, edo zailtasun horiei aurre egitea eragozten die. Kasu horretan, garrantzitsua da jakitea zer faktorek eragin dezaketen krisi bat, eta nola prebeni edo diagnostika daitezkeen. Zenbait estres-faktoreren arabera, honela sailka daitezke krisiak:
aurreikus daitezkeen krisiak eta aurreikusi ezin direnak
.

Aurreikus daitezkeen krisiak:

Pertsona baten bizi-zikloarengatik edo hark betetzen duen paperarengatik aurreikus daitezkeenak dira. Horien artean, bi hauek bereiz ditzakegu: garapen-krisiak eta trantsizio-krisiak. Babesgabetasunkrisiak eta egiturazko krisiak ere badaude.

Garapen-krisiak, bilakaerarenak edo bizi-zikloarenak

Garapen-krisiak, bilakaerarenak edo bizizikloarenak izaten dira ohikoenak eta aurresaten errazenak. Krisi horiek benetakoak eta agerikoak dira, eta familia-sistemaren barruko bizi-zikloak berak eragiten ditu. Aldaketa horiek pixkanakakoak edo bat-batekoak izan daitezke. Horien adibide dira pubertaroa, zahartzaroa, seme-alaba baten ezkontza… Egoera horrek arazoak ekar ditzake pertsona krisia ekiditen saiatzen bada krisira egokitu edo hura birdefinitu beharrean.

Trantsizio-krisia

Trantsizio-krisiak zuzenean lotuta daude gizarte-paperari eta egoera berrian inplikatzeari; egoera hori izan daiteke jaiotza bat, eskolatik institutura pasatzea, erretiroa, lanez aldatzea…

Babesgabetasun-krisia


Familiako kide batek mendekotasun edo disfuntzio psikiko edo fisikoa duenean agertzen da, dela gaixotasun terminalengatik, buruko gaixotasunengatik edo gaixotasun fisikoengatik endekapenezkoak izan daitezkeenak, dela haurrak edo zaharrak zaindu behar izateagatik. Egoera horren eraginez, pertsona hori zaindu eta hari arreta eman beharrean gertatzen da familia. Arazo larrienak agertzen dira oso arreta espezializatua behar denean, eta hura ezin denean ordeztu. Kasu horietan, kanpoko laguntza behar da (gizarte- eta osasun-arretako profesionalak, erizainak…) zaintzailea etxean ez dagoenean, eta, kasu askotan, beste baliabide batzuk behar dira (eguneko zentroak, egoitza-zentroetan sartzea…).

Egiturazko krisiak

Familiako kideen arteko harremanetatik eta elkarreraginetatik sortzen dira, eta familiako indarkeria, alkoholismoa eta komunikazio-blokeoa eragiten dituzte. Behin eta berriz errepikatu ohi dira, eta barne-tentsioetatik sortzen dira.

Aurreikusi ezin diren krisiak edo egoera-krisiak:

Aurreikusi ezin direnak dira, gertatu ere ez baitira gertatzen familia-dinamikan; beraz, ez dira planifikatzen, eta edozein unetan ager daitezke. Pertsonaren eta haren familiaren osotasuna bai mentala, bai fisikoa arriskuan jartzen duten gertaerek eragiten dituzte krisi horiek. Oso adibide argiak dira hurbileko pertsona baten heriotza (bereziki, goiztiarra bada); gaixotasunak (batez ere, kronikoak edo endekapenezkoak pertsona
gazteetan); zirkulazioko, laneko edo etxeko istripuek eragindako zauriak; banaketa edo dibortzioa; lanpostua galtzea… Kasu askotan, arazoak larriagotu egiten dira errudunak bilatzen badira eta egoera hori ekiditeko zerbait egin zitekeela pentsatzen bada; jarrera horiek, ordea, egoera berrira egokitzea saihestu bakarrik egiten dute.

Krisia konpontzea:

Krisi guztien ezaugarri nagusia da aldi baterako prozesua dela, denboran mugatua, eta berriz ere oreka etortzen dela. Oro har, krisia saihesteko edo konpontzeko, pertsona guztiek beren baliabide kognitibo eta afektiboak jartzen dituzte martxan. Zenbait alderdi kontuan izatea oso garrantzitsua da krisia behar bezala konpontzeko; besteak beste:

Errealitatea hautematea

Ezinbestekoa da gertaerei eta sentimenduei modu errealistan aurre egitea. Pertsonak modu errealistan hartzen badu gertaera edo arazoa, bere baliabide pertsonalak erabili ahal izango ditu egoera konpontzeko; bestela, hau da, errealitatetik urruntzen bada, zaila izango da egoera hori konpontzea, hautemandakoa ezin izango baita bat etorri gauzatu beharreko ekintzarekin.

Laguntza bilatzea eta aurkitzea

Krisi-egoeretan, ezinbesteko baliabidea da ingurura jotzea (senideengana, lagunengana, gizarte- eta osasun-zerbitzuetara…) laguntza bila, eta inguru horrek laguntza ematea. Lagundu dezaketen pertsonengana jo ahal izatea oreka-egoeraren seinale izan ohi da; izan ere, horrek esan nahi du pertsona gai izan dela ondo eusteko une zailetan elkarrenganakoa izan daitekeen laguntza emango dioten harremanei. Alderantzizkoa gertatzen denean, hau da, laguntzarik bilatzen edo aurkitzen ez denean, pertsonak erraz buka dezake desoreka- eta krisiegoera larrietan.

Norberaren gaitasunak martxan jartzea

Egoeraren ikuspegi errealista izateak eta laguntza izateak ez du asko balioko interesatutako pertsonak ez baditu martxan jartzen egoera estresagarriari eraginkortasunez erantzuteko dituen gaitasunak. Ildo horretatik, garrantzitsua izango da arazoari aurre egitea eta hura gainditzen saiatzeko jarrera positiboari eustea.


Entradas relacionadas: