Familiaren eginkizunak

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Otras materias

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,98 KB

 


Arazo anitzeko familiak bizi diren testuingurua:


Oro har, arazo anitzeko familien gizarte-maila baxua edo oso baxua izaten da. Bestalde, kontuan izan behar da kideek kultura-maila baxua izaten dutela; horrek, askotan, jokabidearazotsuak eragiten ditu, ez baitute izaten gaitasun sozialik, ez eta baliabide ekonomikorik ere, eta, ondorioz, askotan, miserian amaitzen dute. Familia horien bizitzetan miseria oso ohikoa dela kontuan izanik, familia desantolatu egiten da, bai ekonomikoki, bai elkarbizitzari dagokionez. Etxean, haurrek ez dute logela propiorik izaten, eta pertsona helduekin egiten dute lo (horrek, esaterako, intzestua susta dezake); ez dago ordutegi edo ohitura finkorik (adibidez, arratsaldeko hiruretan, bostetan edo seietan bazkal dezakete); ez dago ordena mantentzeko leku propiorik edo norberaren identitatea sustatzen duenik (norbere armairua, ohea edo apala). Etxeko ekonomiari dagokionez, oso zaila izan ohi da zehaztea diru-sarrerak nondik datozen, zertan gastatzen den eta zein diren premia presakoenak, eta horien guztien zenbatekoa.  Oro har, diru-sarrerak diru-laguntzen bidez edo ilegalki lortzen dira, eta, normalean, desberdin erabiltzen dira emakume batek kudeatzen baditu (familiaren gastuetarako) edo gizon batek kudeatzen baditu (norberaren gastuetarako). Alderdi sozial horiek har dezaketen neurriak kasu bakoitza ikertzea eta aztertzea eskatzen du. Hala ere, badirudi familia horiek ezaugarri komun bat dutela: kide ugari izatea jaiotzak ez kontrolatzeagatik, batez ere egoera ekonomiko eta kultural okerrena duten egoeretan, bi ezkontideek osatutako familianukleo bat izan ala bakarrik dauden emakumeak izan (prostituzioan aritzen direnak edo instituzionalizazioetatik datozenak). Horrez gain, emakumeak, oro har, ez du gaitasunik, ez aukerarik izaten, eta haurdunaldia erabiltzen du bere loturak erakusteko, indarkeria-egoeren aurrean defendatzeko edo beste emakumeekin harremanetan jartzeko baliabide gisa. Familiek eta/edo erakundeek, gehienbat, seme-alabengatik eskatzen dute laguntza, batez ere gurasoek ez dituztelako betetzen beren funtsezko zereginak, eta horrek haurrak behar bezala garatzea eragozten du.

Arazo anitzeko familiaren osaera:


Arazo anitzeko familien arazoak, egitura eta historia berreraikiz, lau osaera bereiz ditzakegu: Aita periferikoa. Bikote ezegonkorra. Bakarrik dagoen emakumea. Familia petrifikatua.

Aita periferikoa:

Aitak, familia-bizitzan, bigarren mailako papera du, bai afektiboki, bai ekonomikoki. Lanik gabe egon ohi da, edo azpienpleguan edo ezkutuko ekonomian aritzen da; izan ere, oro har, gaitasun- eta eskolatze-maila eskasak izaten ditu. Denbora asko ematen du etxetik kanpo, sarritan lanagatik, edo espetxean dagoelako; ondorioz, aitaren eta seme-alaben arteko harremana eskasa izaten da. Sarritan, gaztaroan justiziari aurre egindakoa izaten da, garrantzi handiagoko edo txikiagoko delituekintzengatik.

Bikote ezegonkorra:

Ezkontide edo izatezko bikote goiztiarrek osatzen dute. Beren gaztetasunak ez die aukerarik eman familia bat hasteko eta mantentzeko adina baliabide ekonomiko izateko, eta are gutxiago etxebizitza duin bat lortzeko eta mantentzeko. Gatazkak eta nahasmena dira haien harremanaren ezaugarri, eta horren arrazoiak dira eskolan
ondo egokitu ez izana eta beste jarrera arazotsu batzuk; esaterako, drogazaletasuna. Bikote horietatik jaiotako haurrek beren gurasoen heldutasunik ezaren ondorioak jasaten dituzte, eta, sarritan, aitona-amonen gain edo harrera-zentroetan bukatzen dute; izan ere, ohikoa da gurasoek beren bizitzak berregitea familia-nukleo berritik kanpo. Kasu horietan, ez dagoen amona delakoa agertzen da, hau da, amonak amaren papera egiten du bai bere alabarekin, bai bere bilobarekin, alaba amaren etxera itzuli ohi baita. Ohikoa da, era berean, adingabeen epaitegietan lege-prozesu gatazkatsuak sortzea haur horiek legalki hartzen direnean; gurasoek (ez dira gai izaten seme-alabak beren gain hartzeko) zaintza aitonaamonei itzultzea eskatzen dute, baina aitona-amonek laguntzeko duten gaitasuna murriztu egiten da, batetik, haien seme-alaben arazoengatik, eta, bestetik, jada gaindituta zituzten bizi-zikloko etapa batzuetara itzuli behar dutelako, hau da, berriro ere guraso-papera hartzen dutelako, aitona-amonena hartu ordez.

Bakarrik dagoen emakumea:

Familia-nukleo horretan, emakumeak bakarrik hartzen du bere gain sendotu ez diren harremanetatik jaiotako seme alabak haztea. Oro har, haren maila sozioekonomikoa eta kulturala baxua izaten da, bazterkeria-giroan jarduten du (adibidez, prostituzioan) eta denbora luzez egon izan ohi da instituzionalizatuta; ondorioz, horrek guztiak oztopatu egiten dio seme-alabei behar bezalako eta nahikoa arreta bermatzea. Kasu horietan, gizarte-zerbitzuetako laguntzak amari zein haurrei egon ohi dira zuzenduta. Batetik,amari bere bizitza berrantolatzen laguntzen zaio, eta uneoro saihesten da hura gizarte-zerbitzuen mende egotea; bestetik, haurrei bizitza duin bat bermatzen zaie, behar izanez gero, harreraren bidez.

Familia petrifikatua:

Familia horietan, ustekabeko gertaera traumatiko bat gertatu da (esaterako, seme-alaba bat hiltzea), eta horrek familiaren funtzionamendua aldatu du; kideen zereginak oztopatzen ditu, eta funtzionalki ezgai bihurtzen ditu. Hala, jasaten ari diren egoera traumatikoari aurre egitea eta hura lantzea eragozten die; bestela esanda, harri bihurtzen ditu. Maila sozioekonomikoa beste familia mota batzuena baino altuagoa izaten da, eta seinaleak aldatu egiten dira familia batetik bestera. Gurasoek, adibidez, depresio sakonak izaten dituzte batzuetan, eta
omniferoekin edo alkoholarekin arintzen dituzte; seme-alaba nerabeek, berriz, delituak egiten dituzte, edo toxikomanietan sartzen dira; seme-alaba txikienek, ostera, baliteke eskola sistematikoki huts egitea… Familia horiei ematen zaizkien laguntzak desberdinak izango dira, arazoen arabera.

Arazo anitzeko familienganako arreta:

Familia horien arazoak oso konplexuak direnez, eskaerak zenbait erakundetara bideratu behar dira; askotan, profesionalek, poliziak edo komunitateak berak bideratzen dituzte. Familiaren kasuaren arabera, erakunde hauetara jo daiteke:

Osasun-erakundeak

Adibidez, alkoholismoarekin, drogazaletasunarekin eta edozein patologia psikiatrikorekin arazoak daudenean.

Gizarte-erakundeak

Haiengana joko da etxebizitzarik eduki ezean edo han zailtasunak izanez gero, bai eta desenplegua, pobrezia edo tratu txarrak (batez ere haurrenganakoak) izanez gero ere.

Hezkuntza-erakundeak

Haiengana joko da eskolan integratzeko arazoak baldin badaude, eskola behin eta berriz huts egiten baldin bada, edo eskolara egokitzeko arazoak larriak eta ohikoak baldin badira.

Erakunde judizialak

Kasuaren arabera, justizia zibilarengana, administratiboarengana edo penalarengana jo ahal izango da, edo baita horietara guztietara batera ere, delitu-jokabideak gertatzen baitira askotan.

Entradas relacionadas: