ESTRATIFIKAZIOA

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 20,63 KB

 

2.2.4. Giddens eta estrukturazio prozesuak


Giddens-entzako, ekintza eta egituraren arteko dilemaren aterabidea estrukturazioaren teorian aurkitzen da. Edozein jarrera egituran kokatua dago eta honek helburu indibidualen lorpena erraztu ala oztopatu dezake, esan nahi baita helburu bat lortzeko ekintzak. Bere aburuz, ekintza obratzea gaitasun indibiduala da eta ez du erabateko banaketarik ikusten horren eta egituraren artean. Era berean, mikro eta makroaren artean beste autore batzuek egiten duten bereizketa ez zaio zentzuduna iduritzen. Zentzu horretan, egitura sozialen nonahikotasuna ekintza aukera indibidualak konpentsatzen du.

Giddens-en kezka nagusia klase harremanen estrukturazio prozesua azaltzea da, hots esplikatzea nola harreman ekonomikoek ezaugarri ez-ekonomikoak dituzten egitura sozialetan bilakatzen direnean. Hori bera egiten du La estructura de las clases en las sociedades avanzadas liburuan. Garrantzitsua bada jakitea zer den klase sozial bat, hori bezain inportantea da zehaztea zerk ez duen klase sozial bat osatzen. Klaseak ez dira entitate espezifikoak, esan nahi baita ez dutela forma sozial mugarritu bat, ez dutela estatus juridikorik eta inork ezin dezakeela erabaki horietan afiliatzea, alderdi ala sindikatu batekin gerta daiteken bezala.

Horrez gain, klasea estratoarengandik bereiztu behar da. Estratoak gradazio eskema bat dauka, Ossowski eta Wright-ek dioten bezala, eta klaseekin gertatzen ez den bezala, estratoen arteko zatiketak erabateko argitasunik gabe egin daitezke, esaterako estratoen bereizketa errenta mailaren arabera. Halaber, klasea eta elitea bereiztea komeni da, kontutan izanik eliteen teoriak klase-borroka elitea eta masaren arteko gatazka batekin ordezkatzen dituela.

Giddens-ek Marx kritikatzen du suposatzen baitu lan indarra homogeneizatzen ari dela. Justu kontrakoa gertatzen da zeren ikasketa maila ezberdinetako pertsona ezberdinek negoziaketa gaitasun ezberdinak dituzte lan merkatuan. Baliabide akademiko eta tenikoek, gaitasun ezberdinak suposatzen dituzte lan merkatuari begira, ez soilik errenta maila anitzetan baita ere hori bezain garrantzitsua den lan baldintza ezberdinetan.

Bere definizioari dagokionez (1983), eskala handiko taldeetaz ari da. Klaseen sorrerak feudalismoa ezaugarritzen duen sistema sozioekonomikoarekin moztea suposatzen du baita ere beste mota bateko gizarte tradizionalekin, funtsean komunitate autosufizienteetan oinarrituak direnak. Tokiko komunitate hori gainditu ahal izateko, ondasunen ekoizpena ahalbidetzen duen merkatu harremana eta lanaren zatiketa bat egotea ezinbestekoa da. Horrez gain, klaseak talde sozialak baino gizabanako agregatuagoak dira. Horrek ez du esan nahi klaseak ezin daitezkenik mugak dauzkaten talde sozialetan bilakatu ezta ere kideak beraien artean batzen dituen interakzio multzo batetaz osatuak izan. Baina, hori horrela izateak ala ez beste baldintza batzuei lotua dago. Bestalde, klaseen agerpenak gizarte feudala ezaugarritzen duten obligazio eta fideltasun harreman pertsonalizatuen desagerpena suposatzen du eta beraien ordezkapena harreman kontraktual inpertsonalen bitartez. Azkenik, klaseak nominalki irekiak dira, esan nahi baita klase batekiko kidetza ohiturak ala legeak zilegiztatzen duen heredatutako lege batek erabakitzen duela.

Kontsiderazio horietatik habiatuz, Giddens-ek (1995) klaseen egituraren garrantzia kolokan jartzen du prozesu sozialei konfrontatzen den neurrian. Bestalde, Weber-en ikuspegiarekin bat eginez, bakarrik gizarte kapitalistaren egitura zentralean bilakatzen da. Azkenik, kapitalismoaren barruan, klaseak (beste osagai batzuekin batera, etnia edo generoa bezala) esplotazioa eta dominazioa esplikatzen ditu.

Estrukturazio prozesuen azterketan, Giddens-ek bereizketa bat egiten du asignazio baliabideen (naturaren gainean kontrola suposatzen dutenak) eta autoritate baliabideen artean (mota askotako hartueman sozialen gainean kontrola suposatzen dutenak). Gizartean sailkatu daitezke bi irizpideren arabera: batetik, baliabideen, autoritatearen eta asignazioaren dominazio moten arabera, eta, bestetik, espazio zein denboran zehar, baliabide horien gainean dagoen kontrolaren arabera.

Estrukturazio prozesuak aztertzeko bi modu daude: mediatua eta inmediatua. Estrukturazio mediatuan, Giddens-ek merkatu gaitasunen hiru mota nagusi kontutan hartzen ditu: ekoizpen moduen jabegoa, baliabide edukatibo eta teknikoen jabetza, eta lan indarra edukitzea. Behin behineko estrukturazioa, aldiz, klaseen formakuntza moldeatzen duten hainbat faktoretan oinarritzen da, hau da: eginkizun okupazionalen asignazioa enpresen barruan, autoritate harremanak bere baitan, eta talde banatzaileen eragina non komunitate eta bizilagunen segregazioa ondasun ekonomikoen kontsumoan eta partekatutako bizimoduen arau hamankomunetan bilakatzen den.

Estrukturazioaren bi fenomeno horien ondorioz, hiru klase dauzkagu: goikoa, erdikoa eta behekoa. Onartu arren klaseek oinarri ekonomikoak dauzkatela, kontsumo arauek klaseen estrukturazioan daukaten eragina uka ezina da. Giddens-ek argudiatzen du, klasea fenomeno egituratu bat den neurrian, klase kontzientzia hamankomun bat, jarrerak, sinesmenak eta bizimodu partekatuak izango direla. Klase errekonozimentua eta klase kontzientzia bereizten ditu baita ere hiru klase kontzientzia:

  • Klase nortasuna (egoera non ezberdintze sozial maila bat dagoen).

  • Gatazka kontzientzia (klase bat ala gehiagoren arteko interesen oposizioaren pertzepzioa).

  • Kontzientzia iraultzailea. Sinesmen bat inplikatzen du zeinen arabera posible den, klase ekintzaren bidez, dauden egitura sozioekonomikoak eraldatzea.

Giddens-entzat funtsezkoa da botere faktorea, bere banaketa eta erabilpen soziala, zeren osagai erabakiorra da ekintza sozialaren indartzean eta oztopatzean.

Azkenik, gogoratu behar da Giddens-en estrukturazio sozialaren teoriaren printzipio bertebratzaileak eguneroko biziaren garrantzian ekiten duela. Funtsean, ohitura eta erakunde sozialetan isladatzen da ezagutzaren ekoizpen eta berrekoizpen soziokulturalaren osagai integratzaile bezala. Beraz, ikerketa etnografiko zein estrukturala egokia iduritzen zaio.

Geroztik, teoria soziologikoan izan diren aldaketa garapen garrantzitsuenak hiru arazoen inguruan antolatzen dira: ekintza eta egituraren arteko lotura (bereziki Europan), mikro eta makroaren arteko lotura (batik bat Estatu Batuetan 80. Hamarkadan), eta mota guztietako sintesi teorikoak, batez ere 90. Hamarkadan (Ritzer, 1993). Azken ildo horri jarraituz, Giddens joera berriak laburbiltzen eta batzen ahaleginduko da:

  • Egitura ezin daiteke solik bortxarekin lotu zeren, une berean, ekintza sozialaren eraikitzaile eta erreztatzaile bat da.

  • Ekintza eta egitura ala mikro eta makrosoziologiaren arteko bereizketak ez dira azpimarratu behar.

  • Ekintza ez da intentzioen bidez definitu behar zeren gizakanakoek gauzak egiteko gaitasunari lotua dago.

  • Giza ekintza gizartean suertatzen den jarduera subjetiboarekin erabat lotuta dago. Hori dela eta, boluntarismoaren eta determinismoaren arteko bereizketa bertan behera uztea komeni da.

  • Sujetu eta objetuaren artean bitartekaritza egiten saiatu behar da, beraien gizartea eraikitzerakoan eragileek daukaten gaitasun kognitiboari funtsezko paper bat emanez.

  • Estatika eta dinamika soziala modu banatuan aztertu nahi duen edozein teoria arbuiatu behar da.

Bestalde, Giddens-ek ez dio garrantzirik kentzen egituraren behartze gaitasunari. Hiru zentzu bereizten ditu: behartze materiala (mundu materialetik eta gorputzaren kalitate fisikoetatik ondorioztatzen dena), zigorrei loturiko behartzea (eragile batzuek besteekiko dauzkaten erantzun zigortzaileei lotua), eta egitura behartzaileak (ekintzaren testuingurutzetik eta egitura ezaugarrietatik ondorioztatzen direnak).

Beste ildo bati jarraituz, Berger eta Luckman-ek (1991) errealitate sozial objetiboaren irakurketa konstruktibista proposatzen dute. Autore horiek instituzionalizazio prozesua azaltzen dute agerian utziz pertsonen aukerak mugatzeko joera daukatela, planteamentu berriei aurre egiteak suposatzen duen energia xahupena murriztu nahian. Instituzionalizazioak ohiturak sortzen dituen arazoei erantzun nahi die. Azken honek, egoera bakoitza berriz definitzea eskatzen du. Instituzionalizazioak, bere aldetik, kontrol mekanismo bat suposatzen du eta, beri esker, gizabanako bakoitzak aukera dauka jakiteko besteak nola errakzionatuko duen, esan nahi baita norberaren jarrera finkatu daitekela aurreikuspenetan oinarrituz.

Mikro eta makro eztabaidari dagokionez, oso mikroskopikoak eta erabat makrospopikoak diren teorien artean eztabaida sutsu bat nagusitu da Estatu Batuetan 80. Hamarkadan. Makroaren muturrean aurki ditzakegu estrukturo-funtzionalismoa, gatazkaren teoria, neomarxismoaren bariante batzuk (determinismo ekonomikoa eta marxismo estrukturala) eta estrukturalimoaren forma asko; horien ordezkari nagusietan daudelarik Parsons, Dahrendorf, Blau, White eta Duncan. Beste muturrean daude interakzionismo sinbolikoa, fenomenologia, etnometodologia, soziologia existentziala, soziologia konduktista eta hartuemanaren teoria; Blumer, Homans ala Garfinkel bezalako teorikoekin.

Aitzitik, 80. Hamarkadan mikro eta makrosoziologiaren arteko loturaren inguruan lan batzuk agertzen dira, nahiz eta mutur batera ala bestera jo. 90. Hamarkadan, problematika hau lantzen duten lanak ugaritu dira integrazioaren bi korronte nagusi bereiztuz: bata, teoria makro eta mikroan erdiratzen dena (Burt, Smelser eta enparauak) eta, bestea, analisi sozialaren maila mikro eta makroen arteko loturan erdiratzen dena (Alexander, Coleman, Collins eta Ritzer).

Oso ezberdina da teoria makro (estrukturo-funtzionalismoa) eta mikroa (interakzionismo sinbolikoa) uztartzen ahalegintzea edo maila makro (egitura soziala) eta makrosoziologikoak (pertsonalitatea) integratzen saiatzea. Egitasmoa zabala bezain zaila da eta elkar-ulertzeko tresnak sortzea ezinbestekoa da, erabiltzen diren kontzeptuen argitzetik hasiz eta mikro zein makroa definituz, kontutan izanik nozio horiek erabat erlatiboak direla.

Aurrerapenak oztopatzen dituen galdera integratzen saiatzen diren pentsalarien arteko tensioarena da, jakinik indarrik aberatsenak direla mikroa eta makroari lehentasunik ematen ez dioten egitasmoak. Interesagarria izan daiteken beste aukera bat da maila horien artean sortutako loturarena. Baina, perspektibarik aberatsena bien arteko dialektikan erdiratzen denarena da. Alternatiba horren adibiderik hoberena Ritzer-en paradigma integratuan aurki genezake zeren bien arteko eta bakoitzaren baitan dauden harreman dialektikoetan erdiratzen da.

Gainditu beharreko arazoak anitzak dira (muturkeriek jarraitzen dute; ez da adostasun teoriko bat lortzen; denek erabili ditzaketen teoria, kontzeptu eta metodoak aurkitu behar dira; ikerketa enpiriakoak ere kontutan hartu behar dira) baina mikro eta makroaren arteko harremanaren ibilbideak aukera ematen du aurreikusteko erabat onartua izango dela arazo teoriko nagusi gisa, planteamentu ezberdinak integratu nahi dituztenen artean.

Atal hau amaitzeko, funtsezkoa da hausnarketa bat burutzea teoria soziologikoaren arazo nagusi horien gainean: ekintza-egitura eta mikro-makro. Bien artean antzekotasun zein ezberdintasun nabarmenak daude, garatu diren ingurugiro intelektualari lotuak direnak: Europa eta Estatu Batuak alegia. Antzekotasunen artean, orokorrena integrazio ala sintesiaren beharraren pertzepzio hamankomuna da. Kritika ugarik bat egiten dute mikro-ekintza teoriaren gehiegikeriak azpimarratzerakoan (interakzioanismo sinbolikoa, etnometodologia, fenomenologia), gizabanakoari eta boluntarismoari toki gehiegi ematen diotelako. Aitzitik, denak ez dira ados jartzen eragilearen irudia zehazterakoan. Ezadostasun beste puntu bat da, maila makro-egituran, europearrak egitura sozialean erdiratu direla, modu egokian kulturarengandik banatu gabe. Ekintza-egitura galdera testuinguru historiko eta dinamika sozial batean kokatuta dago. Harreman hori aztertzen duten teorikoek joera daukate termino estatiko, jerarkiko eta ahistorikoetan deskribatzeko.


Entradas relacionadas:

Etiquetas:
Marx