Aro Modernoko Pentsamendua: Berpizkundea, Arrazionalismoa eta Enpirismoa
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,55 KB
Berpizkundea: Gizarte, Pentsamendu eta Zientzia Iraultza
Berpizkundea Erdi Aroa eta Modernitatearen arteko zubia dugu, eta XV. eta XVI. mendearen hasieran koka dezakegu (filosofiaren ikuspegitik, Nikolas Kusakoaren eta Descartesen artean). Italian hasi zen Erdi Aroko pentsamoldearen aurkako mugimendu gisa, eta ondoren Alemania, Frantzia, Herbehereetan eta Ingalaterran garatu zen, Erasmo eta Mororen eskutik.
Berpizkundea, Antzinate klasikoaren (Platon, Aristoteles, Zizeron, Seneka, besteak beste) berpiztearekin lotzen badugu ere, ezaugarri berritzaile nagusia antropozentrismoa izango da, pentsalari horiek gizakiaren askatasuna, duintasuna eta autonomia aldarrikatzen baitituzte. Erdi Aroko teozentrismotik ihesi, gizakia irizpide eta neurri izaten hasiko da. Gizartea antolatzeko oinarria gizaki singularrean jarriko dute.
Esan bezala, Italia izan zen fenomeno honen sorlekua. Izan ere, garai hartan Italiak zituen merkataritza- eta politika-abantailek ekimen handiko klase dirudun eta boteretsu bat sortu zuten, Erdi Aroko gizarte-egitura feudalari eta Elizaren botereari aurre egingo ziena. Gizartearen eraldaketa honek gizabanakoa izango du ondorio nagusi: gizakiak bere burua aurkitzen du, eta bide batez, bere ingurua berraurkitzen du: beste gizakiak (izaki autonomo, aske eta duinak), natura (menperagarri eta gozagarri gisa) eta, azkenik, kosmopolita bihurtzen da.
Bestalde, Berpizkundean sortuko da zientzia modernoa, hau da, zientziak matematikan eta esperimentazioan oinarrituz filosofiatik autonomia lortuko du. Hortaz, iraultza metodologikoaz ari gara. Kopernikoren heliozentrismoak pentsamoldea irauli zuen. Behaketa xehe eta zorrotzak funtsezkoak izango dira metodo zientifiko berrian. Kepler eta Galileoz geroztik, ezagutza zientifikoa natur fenomenoen egitura matematikoa ezagutzea izango da, eta esperientzia zientifikoa, berriz, egitura matematikoaren bidez gidatutakoa eta kontrolatutakoa. Fisika fisika-matematiko bihurtzen da; natura, makina. Metodo zientifiko berriaren beste ezaugarrietako bat hipotesi berriak sortzeko gaitasuna da; horretarako, gertakarien behaketa izango da irizpidea.
Arrazionalismoa: Ezaugarri Orokorrak eta Pentsalariak
Mendebaldeko filosofiaren historian, XVII. eta XVIII. mendeetako filosofia modernoan, arrazoiaren gaitasuna errealitatea ezagutzeko azpimarratzen duen mugimendua dugu Arrazionalismoa. Oro har, Europa kontinentalean koka dezakegu, eta Descartesengandik hasita, Leibniz eta Spinoza ere aipatu behar ditugu ordezkarien artean. Esan bezala, izenak berak arrazoiari egiten dio aipamen, Berpizkundearen eta Iraultza Zientifikoaren ondoren gizakiongan alderdirik goraipatuena baita (Descartesek esango digu, organo komun bat dugula).
Arrazionalismoaren arabera, arrazoi soilak esperientziaren beharrik gabe ezagut dezake egia absolutua, bere baitan aurkitzen dituen a priori ideietatik abiatuta, dedukzioaren bidez. Giza arrazoiak esperientziatik ez datozen ideia batzuk baditu, sortzetikoak edo jatorrizkoak, eta dedukzioz errealitatea bera ezagutzera hel daiteke. Zentzumenen bitartez jasotzen ditugun datuen esperientziekiko mesfidantza agertuz, zentzumenek engainatu egiten gaituztela baieztatuz, arrazoia hartzen da baliozko ezagutzaren iturri bakartzat.
Matematika hartzen dute jakintza arrazionalaren eredu. Matematika bera intuitiboki (a priori, esperientziara jo gabe) ezagunak diren printzipioetatik abiatu eta dedukzioa erabiltzen du bere egiak garatzeko.
Arrazoi autonomoak zientzia-arloan egiten duen erabilera moralera zein politika-arloetara zabaltzen da; era honetan, Spinozak etika “more geometrico” aztertuko du.
Arrazionalistek, Wolffek, kasu, arrazoiaren bidez Jainkoa, hilezkortasuna eta askatasuna badirela froga daitekeela zioten.
Enpirismoa: Ezaugarri Nagusiak eta Eragina
Mendebaldeko filosofiaren historian, XVII. eta XVIII. mendeetako filosofia modernoan, errealitatea ezagutzeko esperientziara jotzeko beharra azpimarratzen duen mugimendua dugu enpirismoa. Oro har, salbuespenak badira ere, Britainia Handian koka dezakegu, eta John Locke, aita eta aitzindaria izanik, Berkeley eta Hume ere aipatu behar ditugu ordezkarien artean. Esan bezala, izenak berak esperientziari egiten dio aipamen; grekoz, enpiria 'esperientzia' da. Berpizkundearen eta Iraultza Zientifikoaren ondoren, honen beharra nabaritzen baita benetako ezagutza zientifikoa lortze aldera. Esperientziatik abiatu, eta baieztapen oro esperientzian bertan frogaturik gelditu behar da benetako ezagutza zientifikoa izan dadin.
Enpirismoaren arabera, giza adimena “Tabula rasa” edo 'ohol garbia' da. Esperientziara murrizten du enpirismoak ezagutza oro; ez da jatorrizko ideiarik, ez da a priori den ezer. Zentzumenen bitartez esperientziatik datozkigun datu edo inpresioak jaso, eta indukzioa dela medio, ezagutza eratzen dugu.
Natur zientziak hartzen dituzte jakintza zientifikoaren eredu. Zientzia hauetan, garai hartan, behaketatik abiatu eta indukzioa erabiliz, ondoren esperientzian frogaturik geldituko ziren egiak baieztatzen zituzten.
Metafisikaren objektuen (Jainkoa, arima, unibertsoa bere osotasunean) esperientziarik ez dugunez, hauen inguruko ezagutza ziurrik ezin dugu izan. Moralari dagokionez, honek ohituretan, elkarrekin atseginez bizitzeko arauak izango ditu helburu; politikan, berriz, demokrazia parlamentarioa bultzatzen zutelarik.