Platonen definizioak

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 8,47 KB


Suargia: Haitzuloaren mitoko elementua da; mito hori Platonen ontologiaren alegoria bat da eta suargiak mito horretan mundu sentigarri edo ikusgarriko eguzkia ordezkatzen du. Eguzkia da, hain zuzen ere, mundu sentigarrian antolakuntza ezartzen duena eta bertako elementu guztiei ikusgarritasuna eskaintzen diena. Eta Platonek Ongiaren ideiak mundu adigarrian betetzen duen funtzioarekin parekatzen du. Itzalak: Haitzuloaren mitoko elementuak dira itzalak; mito hori Platonen ontologiaren alegoria bat da eta itzalek mundu sentigarriko objektu sentigarrien kopiak ordezkatzen dituzte. Objektu sentigarrien kopiak Platonentzat itxurak dira, eta objektu sentigarrien irudiekin, arte objektuekin edota fikziozko izakiekin lotu izan dira, benetako errealitate diren ideien kopien kopiak baitira, errealitaterik baxueneko objektuak. Itzalei dagokien ezagutza maila ilusioa da, eta arteak eta jarduera produktiboen diziplinak dagozkio. Eguzkia: Platonen Haitzuloaren mitoko elementua da; mito hori Platonen ontologiaren alegoria bat da eta eguzkiak Ongiaren ideia ordezkatzen du. Ongiaren ideia Ideien munduko hierarkiaren erpinean kokatzen da; ideiarik inportanteena da. Ongiaren ideiak perfektuki eta arrazionalki ordenatutako errealitatea adierazten du; eta eguzkiak gainontzeko objektuen ikusgarritasuna ahalbidetzen duen bezala, beste ideia guztien izatea eta adigarritasuna ahalbidetzen du.. Bizitza moral eta politikoan zuhurtasunez jarduteko beharrezkoa da. Haitzuloa: Platonen Haitzuloaren mitoko elementua da; mito hori Platonen ontologiaren alegoria bat da eta haitzuloak mundu ikusgarri edo sentigarria ordezkatzen du. Mundu sentigarria objektu fisikoen mundua da; zentzumenen bidez jasotzen duguna, mundu materiala. Etengabeko aldaketan dagoen mundua da, benetako munduaren, mundu adigarriaren kopia (kanpoaldearena). Horregatik, ezin da zientziarik egin mundu horren inguruan, eta iritziak soilik izan ditzakegu hari buruz. Transmigrazioa: Orfismotik eta pitagorismotik hartutako teoria filosofikoa da, Platonen antropologia filosofikoaren baitan kokatu beharrekoa, eta arima behin eta berriz gorputzez aldatzen dela defendatzen duena. Teoria horren arabera, arima arrazionala behin eta berriz aldatuko da gorputzez, azkenik purifikatu eta ideien mundura betiko itzuli arte. Purifikatzeko bidea, bestetik, ezagutzarena izanen da, ideien ezagutzarena.
Kanpoaldea: Platonen Haitzuloaren mitoko elementua da; mito hori Platonen ontologiaren alegoria bat da eta kanpoaldeak ideien mundua edo mundu adigarria ordezkatzen du. Ideien mundua da Platonentzat benetako errealitatea, eta bertara arrazoimenaren bidez, arimaren bidez, iritsi gaitezke soilik. Ideien mundua betierekoa, aldaezina, unibertsala eta beharrezkoa da, eta mundu sentigarria (haitzuloa) haren kopia baino ez da. Eta hortaz, zientzia posible da bertan. Erlatibismoa: Ezagutzak eta ohitura eta legeak gizakiaren, kultuaren, garaiaren eta abarren araberakoak direla dioen teoria filosofikoa da. Platonen arabera, sofistek epistemologian eta moral eta politika arloetan jarrera erlatibista hartu zuten, eta horregatik Platonek (eta baita haren maisu Sokratesek ere) sutsuki kritikatu zituen. Izan ere, erlatibismoak ziurtasunik eza bultzatu eta demagogia eta interes propioen defentsarako bidea ematen zuelakoan zegoen. Dualismoa: bi printzipio goren, independente eta murrizgaitzen existentzia defendatzen duen teoria filosofikoa da. Platonen ikuskera erabat da dualista; dualismo mota ezberdinak planteatzen baititu: ontologikoa, epistemologikoa eta antropologikoa. Lehenengoaren arabera, errealitatea bitan banatzen da, mundu ikusgarrian eta mundu adigarri edo Ideien munduan; dualismo epistemologikoaren baitan bi ezagutza maila onartzen ditu, iritzia eta zientzia; eta hirugarrenean gizakia ere bi zatitan banatzen baitu, gorputz eta arima. Aristokrazia: Onenek agintzen duteneko gobernu sistema da. Platonen proposamen politikoan gobernu motarik onena da aristokrazia, onenak jakintsuenak, filosofoak, direla ulertzen den heinean. Izan ere, onenek bakarrik dute Ongiaren ideia atzeman eta haren arabera lege justuak proposatzeko gaitasuna. Demokrazia: Herriak gobernatzen dueneko gobernu sistema da. Platonen arabera, demokrazian pasio eta grinak nagusitzen dira, herriaren gehiengoan arima irriskorra gailentzen baita. Eta, hortaz, gobernu mota injustua da, askatasun gehiegizkoan eta demagogian erortzen dena. Platonek Atenaseko demokrazia bizi izan zuen eta harekiko kritikak nagusi izan ziren bere pentsamenduan.

Arima: Platonen dualismo antropologikoaren baitan, arima gizakia osatzen duten bi zatietako bat da, gorputzari kontrajarrita. Gizakia esentzialki arima dela dio Platonek, Ideien Mundurako joera duena, eta gorputz materiala harentzako kartzela dela. Arima hiru zatitan banatzen du Platonek: arrazionala (izpirituala, hilezina eta jainkotiarra), suminezkoa eta irritsezkoa (biak gorputzari lotuak eta hilkorrak; lehena adorearen eta indarraren jatorria; eta bigarrena irrika edo pasioena).  Intelektualismo morala: Platonen eta Sokratesen teoria morala da, arrazoiaren lehentasuna eta moral kontuetan jokatu behar duen agintari papera azpimarratzen dituena, pasio eta grinak haren mende gelditzen direlarik. Platonen arabera, arima arrazionalak gidatu behar du giza jokabidea; arima arrazionalak suminezko eta irritsezko arimak kontrolatu behar ditu. Bertutea eta ezagutza parekatu egiten dira; eta nahikoa da justua denari buruzko ezagutza zuzen jokatzeko, eta oker jokatzen duenak ezjakintasunez egiten du. Justizia: Politika arloan bertute nagusia da, hiri estatuaren harmonia eta oreka ahalbidetuko duena. Platonen arabera, justizia klase sozial bakoitzari dagokion funtzioa betetzean datza; hau da, filosofoek agindu beharko lukete, zaindariek estatua erasoetatik babestu beharko lukete, eta gainontzekoek ondasunak ekoiztu beharko lituzkete (etikan harmonia lortzeko ere arima zati bakoitzak dagokiona egin behar du).
Iritzia: Platonen epistemologiaren baitan, zentzumenetan oinarritzen den eta mundu sentigarri edo ikusgarriari dagokion ezagutza maila da, aldakor eta kontingenteari dagokiona; zientziari kontrajarria. Iritziaren baitan ezagutzaren beste bi azpimaila bereizten ditu Platonek: ilusioa (kopia edo islen bidezko ezagutza; eta artea da dagokion diziplina) eta sineskera (objektu sentigarriei eurei dagokien ezagutza maila; eta fisika delarik dagokion diziplina).
Zientzia: Platonen epistemologiaren baitan, benetako ezagutza, ideien munduari dagokion ezagutza maila, unibertsal, betiereko eta aldaezinari dagokion ezagutza maila da; iritziari kontrajarria. Zientziaren baita, era berean, beste bi azpimaila bereizten ditu Platonek: argudiaketa edo ezagutza demostratzailea (objektu matematikoei dagokiena, eta diziplina gisa aritmetika, geometria eta astronomia barnebiltzen dituena) eta intuizioa (ideien somaketa argiari dagokiona, euren ezagutza zehatzari dagokiona, eta diziplinatzat dialektika duena).



sfgsdfg

Entradas relacionadas: